Euskerearen erronkei buruz berba egingo dabe Hitzetik Hortzeran
2025-10-02 11:12 BertsolaritzeaIdurre Eskisabel da aste honetako protagonista.

Idurre Eskisabel Euskalgintzearen Kontseiluko idazkari nagusia alkarrizketatuko dau Mirari Martiarenak aste honetako Hitzetik Hortzeran. Euskerearen bizibarritze eta normalizazinoan euskereak dituan erronkei begira jarriko dira, baita Kontseiluaren lanei buruz be. Urtebete da euskerea larrialdi linguistikoan egoala adierazo ebela.
Euskerearen kontrako oldarraldi judiziala be izango dabe berbagai: epaitegietatik herritarren hizkuntza eskubideak urratzen dituen erabagiak datoz azken boladan eta Kontseilua buru-belarri dabil oldarraldi horren kontra lanean. Ahulguneak eta euskerearen bizibarritzearen indarguneak izango ditue berbagai.
Bertsozaletasunari buruz be ibiliko dira: Eskisabelek aita oso bertsozalea eban eta amamak umetan bertso jarriak kantetan eutsozan. Bertso plaza askotan entzule izandakoa da eta gaur egun bertsoakaz dituan hartu-emonei buruz berba egiteko tartea be hartuko dabe.
Galdakaoko eta Atarrabiako bertsoak be, ikusgai
Astero lez, plazako bertsoak be eroango ditu pantailara Hitzetik Hortzerak:
Alde batetik, Galdakaoko jaietan egiten dan jaialdiko bertsoaldiak ikusi eta entzungo dira. Arkaitz Estiballes gai-jartzaile zala, bertsotan ibili ziran Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina eta Xabat Galletebeitia.
Beste alde batetik, Ez da kasualitatea bertso saio musikatua izan zan Atarrabiako jaietan. Bertsotan egin eben Miren Artetxek, Uxue Alberdik eta Onintza Enbeitak, Araitz Bizkai eta Oihana Landa musikariek lagunduta. Gai-jartzaile lanetan, barriz, Amaia Agirre ibili zan.
Hitzetik Hortzera: zapatuan, 21:00etan, ETB1en.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!