Badator Xilaba Txapelketea
2025-10-01 08:23 BertsolaritzeaBidarten hasiko da zemendiaren 8an.

Lau urte pasau dira azken Xilaba atondu ebenetik. Halanda ze, daborduko aurkeztu dabe 2025eko Xilaba Uztaritzen eta bertan izan dira Bertsozale Alkarteko ordezkariak eta hainbat bertsolari.
Aritz Bidegain Bertsularien Lagunak Alkarteko buruak eta Ortzi Idoate sustapen eragileak alkartearen norabideak eta bidezidorrak adierazo ditue. Horri lotuta, Bideek bidea izango da edizinoko lemea. Horrezaz gan, diseinu grafikoaz Marga Berra Zubieta arduratu da.
Hamar saio, hamar herri
Zemendiaren 8an hasiko da Xilaba Bidarten eta bere bidea egindo dau Xiberua, Lapurdi eta Baxenabarre zehartuz: Domintxaine (zemendiak 15), Ainhoa (zemendiak 22), Ligi (zemendiak 30), Aiherra (abenduak 6), Muskildi (abenduak 13), Hiriburu (abenduak 21), Baigorri (urtarrilak 10), Bardoze (urtarrilak 17) eta Donibane Lohizune (urtarrilak 31). Lehen fasean lau saio izango dira eta 24 bertsolarik kantauko dabe; bigarren faseak hiru saio izango ditu 18 bertsolarigaz; finalera, barriz, 12 bertsolari sailkatuko dira; eta, finalaren egunean, sei bertsolari lehiatuko dira.
Parte-hartzen daben 24 bertsolarietatik bederatzi emakumeak dira, aurreko Xilaban baino bi gehiago. Bertsolarien edade tartea 19 urtetik 54 urtera doa eta bost bertsolarik lehen aldiz kantauko dabe txapelketan.
Ondoko honeek izango dira parte-hartzaileak: Aitor Servier, Battitt Crouspeyre, Beñat Larroy, Bittor Thicoïpe, Elixabet Etxandi, Haira Aizpurua, Haize Lekuona, Irantzu Idoate, Irati Alcantarilla, Joanes Etxebarria, Johaine Sarraillet, Josu Txoperena, Karlos Aizpurua, Maddalen Arzallus, Maddi Ane Toperena, Miren Artetxe, Mizel Mateo, Nahia Sasco, Oier Urrezti, Patxi Iriart, Pettan Prebende, Ramuntxo Christy, Xan Alkhat y Xermin Camblong.
Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Odei Barrosok, barriz, ez dabe parte hartuko aurtengo edizinoan.
Sarrerak salgai
Saioetako sarrerak hemen dagoz eskuragarri. Gainera, saio bakotxean lehiatilea edegiko da.
Bidekoei, eskertzea
Bidean topauko ditugu gai-emoileak, epaileak, talde atontzailea, komunikazino taldekoa eta saioz saio laguntzen etorriko diran bertso eskoletako kide eta lagun guztiak. Gure eskerrik beroena adierazo gura deutsegu, horreek barik ez baita biderik. Baita urte osoan zehar babesten gaituen bazkide, alkarte, erakunde eta enpresa pribatuak eskertu be.
Iluna argi dakigula bidean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!