Julio Sotok iruñearrak irabazi dau Mutiloako saioa
2025-10-13 08:04 BertsolaritzeaZemendiaren 8ko finalaurrekora sailkatu da.

Zemendiaren 8an Leitzako finalaurrekora zuzenean sailkatu da Iruñeko bertsolaria. 160 entzule batu dira Arangurengo Kultur Etxean, txapelketako lehenengo faseko bigarren saioa zuzenean jarraitzeko.
Danetara, sei bertsolari ibili dira kantuan, zozketeak ebatzitako ordenean: Jabi Lezaun Landa, Idoia Granizo Uribarria, Sarai Robles Vitas, Beñat Astiz Isasi, Ekhiñe Zapiain Arlegi eta Julio Soto Ezkurdia. Gai-jartzaile lanak, barriz, Iratxe Legarrak egin ditu. Nafarroako Bertsozale Alkarteak Arangurengo Udalagaz alkarlanean atondu dau saioa. Egin beharreko ariketa puntuagarriak eginda, Julio Sotok eskuratu dau puntu gehien (353), eta ondorioz, saioa irabazi eta zemendiaren 8an Leitzan jokatuko dan bigarren finalaurrekorako sailkapen zuzena lortu dau. Haren atzetik sailkatu dira Sarai Robles (338,5), Ekhiñe Zapiain (329,5), Jabi Lezaun (309), Idoia Granizo (291) eta Beñat Astiz (285,5).
Sailkapena:
- Julio Soto Ezkurdia: 353
- Sarai Robles Vitas: 338,5
- Ekhiñe Zapiain Arlegi: 329,5
- Jabi Lezaun Landa: 309
- Idoia Granizo Uribarria: 291
- Beñat Astiz Isasi: 285,5
Kontuak kontu, datorren Zapatuan segiduko dau txapelketak eta bertsolariek Iruritan izango dabe hitzordua, Gizarte Bilgunean, 17:00etan. Han kantauko dabe Amaia Elizagoien Varela, Endika Legarra Nuin, Josu Sanjurjo Alzuri, Julen Zelaieta Iriarte, Patxi Castillo Graciarena eta Xabat Illarregi Marzolek; gai-jartzaile lanak Ainhoa Larretxeak egingo ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!