Aritz Ganboa da Hitzetik Hortzerako protagonista

Bizkaie! 2025-10-09 10:32   Bertsolaritzea

Artzaintzeari eta landa eremuari buruz ibiliko da.

Mirari Martiarena eta Aritz Ganboa. | Ikusi handiago | Argazki originala

Aritz Ganboa gaztetatik bizi izan da artzaintzeari lotuta. Holan, aste honetako Hitzetik Hortzeran, ogibide horri buruz eta landa eremuak dituan erronkekaz ibiliko dira, baita Ganboak ezagun egin dauen Eutsi herriari eta lotu lurrrari esaldi ezagunari buruz be.

ETB1eko Biba zuek saioan egin zan ezagunago Ganboa, izan be, artzaintzari eta landa eremuari lotutako tartea egiten dau. Halanda ze, programan kolaboratzen zelan hasi zan adierazoko dau Aritz Ganboak Hitzetik Hortzeran.

Umetatik bertsozalea da Ganboa. Gaztetxotan Iruñeko bertso eskolan ibili zan eta akordu polita dauka. Gaur egun, lanak ixten deutsonean, ahal dauen bertso saio gehienetara joaten da. Gustuko dituan bertso saioei eta bertsolariei buruz ibiliko da Mirari Martiarenagaz.

Xalbadorren bildumea

Bertso jarrien atalean, Fernando Aire Xalbador bertsolariaren Ene errekontrua bildumea abestuko dabe Ainhoa Sarasuak eta Eñaut Agirrek, Manex Pagola musikariak lagunduta. Ene errekontrua bilduman, ehizan, usotan, izandako istripua adierazoten dau Xalbadorrek. Eskopeta bizkarrean hartuta, ustebakoan tiroak iges egin eta zanko muturrean jo eban. Hatz bi moztu eutseen. Holan konturatu omen zan Xalbador zer egiten deutseen ehiztariek usoei.

Amorotoko eta Irurako bertso jaialdiak

Betiko lez, plazan entzundako bertsoak pantailara eroango ditu Hitzetik Hortzerak.

Alde batetik, Amoroton izandako bertso jaialdia entzun ahal izango da. Sei bertsolari ibili ziran bertsotan Maribi Ugartebururen esanetara: Aitor Bizkarra, Alaia Martin, Garazi Navarro, Maialen Lujanbio, Onintza Enbeita eta Unai Iturriaga.

Beste alde batetik, Irurako jaietako urteroko bertso jaialdiko bertsoaldiak be izango dira programan. Amaia Agirre ibili zan gai-jartzaile lanetan eta bertsotan egin eben Aitor Mendiluzek, Alaia Martinek, Jexux Mari Irazuk eta Maialen Lujanbiok.

Hitzetik Hortzera: zapatuan, 21:00etan, ETB1en.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu