Auritzen hasiko da Nafarroako Bertsolari Txapelketea

Bizkaie! 2025-10-01 10:50   Bertsolaritzea

Zapatuan, hilak 4, Kultur Etxean.

Dana prest dago Nafarroako Bertsolari Txapelketeari hasierea emoteko. Auritzen jokatuko da lehen faseko lehenengo saioa, zapatuan, hilak 4, 17:30ean hasita. Herri horretako Kultur Etxeak hartuko dau txapelketako lehen saioa. Sarrerak salgai dagoz www.bertsosarrerak.eus atarian. Nafarroako Bertsozale Alkarteak Aurizko Udalaren laguntzea izan dau saioa atontzeko.

Patxi Buenok aurkeztuko dau saioa eta sei bertsolari izango dira oholtza gainean: Aitor Irastortza Arrizurieta, Egoitz Gorosterrazu Elilzagoien, Eki Mateorena Zozaia, Eneko Lazkoz Martinez, Saats Karasatorre Martinez eta Urko Gartzia Aleman. Saioko irabazleak zuzenean lortuko dau finalaurrekoetan izateko txartela; Agoizkoan. Beste bertsolariek, lehen fase osoa amaitu arte itxaron beharko dabe, sailkatzerik daben ala ez jakiteko. Halanda ze, Aurizkoagaz batera, Mutiloako (urriak 11), Iruritako (urriak 18) eta Los Arcoseko (urriak 26) saioek osotuko dabe lehen fasea. Guztira, 18 bertsolari pasako dira finalaurrekoetara.
 
Finala, zemendiaren 29an Iruñean

Hilabete bitan, egitasmoaren irudiak islatzen dauen moduan, Nafarroako lur berdeak, horiak eta gorriak zehartuko ditu 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Bide horren bitartez, euskereari eta euskerazko kultureari ekarpen mamitsua egingo deutso bertsolaritzeak, Nafarroako hainbat eskualde eta bazterretara hedatuz. Era berean, euskal kultureaz disfrutateko topalekua eskainiko dau txapelketeak. Bertsolariekaz batera, epaileek, gai-jartzailek, atontzaileek eta laguntzailek egiten dabe posible egitasmoa.

Lehen faseko lau saio eta hiru finalaurrekoren ostean, zemendiaren 29an jarriko jako azken puntua txapelketeari, Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko den finalagaz. Orduan izentauko da 2025eko Nafarroako Txapelduna.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu