Rapa eta bertsoa ekarriko ditu Odei Barrosok Hitzetik Hortzerara
2025-10-15 10:00 BertsolaritzeaRaparen zein bertsoaren inguruan ibiliko dira kontu-kontari.

Asteon Odei Barroso izango da programako konbidaua: raparen zein bertsoaren inguruan ibiliko dira kontu-kontari. Betiko moduan bertsoaldiak be izango dira: Bergarako eta Iurretako saioak ekarriko ditue pantailara.
2zio taldean hasi zan rap kantari bezela Odei Barroso. 2022an bakarkako bideari ekin eta Terapia lana argitaratu eban; aurten, barriz, Goizegi da hiltzeko lan luzea kaleratu dau eta herririk herri dabil lana aurkezten. Hitzetik Hortzeran rap kantari lanetan darabilen bideaz be egingo dabe berba, baita bere rapero personaiaz, abestiak sortzeko prozesuaz, zein rapak euskal musikan dauen lekuaz be.
Rap kantari izateaz gan, musika produktorea be bada Barroso eta Hendaian dauen Alkimia estudioan egiten dauen lana be izango dabe berbagai aste honetako programan.
Bertsolaritzearen gaia be jorratuko dabe, zelan ez. Bertso plazak, txapelketak eta bertso-eskoletako irakasle lanak itxi zituan arren, momentu on askogaz lotzen dau Barrosok bere bertsolari sasoia. Bertsoak emondakoaz, sortutakoaz eta bertsoagaz lotutako momentu kuttun eta bereziak be nabarmenduko ditu Hitzetik Hortzeran.
Beste alde batetik, astero lez, alkarrizketaz gan bertso saioak be ikusi eta entzun ahal izango dira: edadekoen Nazinoarteko egunaren harian, clown bertso saioa atondu eben Bergarako Seminarixoan. Gai-jartzaile lanetan Beatriz Egizabal ibili zan eta Ainhoa Agirreazaldegik, Andoni Egañak eta Onintza Enbeitak kantau eben.
Iurretan, ostera, herriko jaietako urteroko jaialdia egin eben Kepa Arroitajauregi frontoian: Amets Arzallusek, Maialen Lujanbiok, Nerea Ibarzabalek eta Unai Iturriagak egin eben bertsotan, Ainhoa Urien gai-jartzailearen esanetara.
Hitzetik Hortzera: zapatuan, hilaren 18an, 21:00etan, ETB1en.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!