Hassan Kamoga: 'Isilik geratzea ez da urtenbidea'

Dabi Piedra 2017-02-22 13:50   Zinemea

Ugandan homosexualidadea debekatuta dago, baina Hassan Kamogak LGTB zinemaldia antolatu dau han. Zinegoak-en eskutik, Bilbon dago egunotan.

Hassan Kamoga, Bilbon | Ikusi handiago | Argazki originala

Homosexuala izateagaitik edo homosexualidadea bultzatzeagaitik, 14 urteko kartzelaldia ezartzen dabe Ugandako legeek. Traba eta ikara guztiei aurre eginda, baina, ekintzaile batzuek Queer Kampala jaialdia antolatu dabe, LGTB gaien inguruan herrialde horretan eratu dan lehenengoa. Lan hori txalotzeko, Zinegoak jaialdiak Sari Berezia emongo deutso Queer Kampalari barikuan.

Hassan Kamoga zinemagilea eta Queer Kampalako zuzendaria da. Berak hartuko dau Zinegoaken saria barikuan eta horregaz lotutako agerraldia egin dau Bilbon. Lehenik eta behin, eskerrak emon deutsaz Zinegoaki harrera beroagaitik. Ondoren, Queer Kampala antolatzea eta Ugandan homosexuala izatea zelako arriskutsua dan azaldu dau.

Pau Guillen Zinegoakeko zuzendariak egin deutso ondoetorria Hassan Kamogari. Gure babesa emon nahi deutsagu, eta ez dagoala bakarrik esan, dino Guillenek. Ganera, Bilbon erakutsi nahi izan dabe Queer Kampalakoen kasua, ahalduntzeko euren bizia arriskuan ipini dabe eta.

Barikuan hartuko dau Kamogak, Queer Kampalaren izenean, Sari Berezia. Ganera, eguenean, hilak 23, topagunea eta solasaldia antolatu dau Zinegoakek, Ugandako eta Afrikako egoerea aztertzeko. Kamoga bertan izango da.

Bilbon egindako agerraldian, Kamogak azaldu dau Queer Kampala ez dala jaio Ugandara begira, nazinoartea be kontuan hartzen dauela. Izan be, 70 herrialde ingurutan, homosexualidadea debekatuta dago. Ugandan bertan, homosexualei heriotza zigorra ezartzen eutsen legea kendu eben orain dala urte batzuk, baina presidenteak beste lege bat agindu eban, kolonialismoaren sasoietan oinarritutakoa: 14 urteko kartzelaldia homosexualidadeagaz zerikusia daukanarentzat.

Homosexualen kontrako jarrerea heziketa faltan eta ezezagutzan oinarrituta dagoala uste dau Hassan Kamogak. Ugandan jenteak gitxi daki sexualidadearen ganean, uste dabe homosexualidadea Mendebaldetik etorritako moda bat baino ez dala, dino Queer Kampalako zuzendariak. Gure jaialdiaren helburuak kontzientziazinoa eta heziketea dira.

Hassan Kamogak uste dau egoerea hobetzeko aletxua ipinten dabizala Queer Kampalan. Modu asko dagoz gure eskubideak aldarrikatzeko, abogadua banintz epaitegietara joko neuke; zinemagilea nazenez, ba zinemea da nire erremintea. Kamoga kontauta, zortzi laguneko lantaldea dago Queer Kampalaren atzean, beste hogei boluntario ingurugaz batera.

Hassan Kamogak dino, askok galdetzen deutsiela zergaitik antolatu daben Queer Kampala, euren bizia arriskuan jarten dabela jakinda. Kamogak argi eta garbi dauka: Isilik geratuta be ez da ezer aldatuko, isilik geratzea ez da urtenbidea. Ugandako LGTB komunidadearentzat, onena isilik ez geratzea dala uste dau. Bere kasuan, ganera, ikarea apaltzen laguntzen deutso, izan be, zeozer larria pasetan bajako, nazinoartean bere kasua ezagutuko da.

Ugandan homosexualidadea onartzea, eta zer esanik ez horren ganeko ekitaldiak antolatzea, oso arriskutsua danez, kontu handiz ibili dira Queer Kampalan. Gobernuak dirutzea kobrau nahi eutsien antolakuntzeagaitik eta, azkenean, baimen barik egin dabe aurrera. Poliziak zinemaldia non egingo zan galdetu eban, segurtasunagaitik, eta antolatzaileek okerreko lekuak esan zituen. Izan be, babestu baino, poliziak eurak jo eta atxilotzeko asmoa eukala susmau eben.

Jaialdia sekretupean antolatu zan ezkero, sare sozialen eta mezu elektronikoen bidez zabaldu eben hitzorduen barri. Konfiantzazko jentea baino ez eben onartu, badaezpada. Trabak gaindituta, hiru eguneko jaialdia izan zan Queer Kampala, 2016ko abenduan. Egunero leku baten izan ziran proiekzinoak, poliziaren begiradatik urrun.

Itzelezko arrakastea izan da, dino Hassan Kamogak. Guztira, 800 ikusle baino gehiago batu ziran Queer Kampalan. Jaialdiaren ezaugarri bereziak ezagututa, zenbaki ederra da hori. Orain, bigarren edizinoa antolatzen hasi dira, 2017ko abendurako, eta horretarako jentearen laguntzinoa eskatu dau Kamogak, Ugandakoa zein kanpokoa izan. Aholkuak, ideak zein dirua izan, bakotxak aportau leikeena pozarren hartuko dabe.

Esperantzea badauka Hassan Kamogak, Ugandan egoereak hobera egingo dauela homosexualentzat, horretarako denporea beharko dan arren. Hau ez da konponduko goizetik gauera. Ganera, jentearen burrukea ezinbestekoa izango dala dino. Nik ez dot ikusiko bidearen amaierea, baina oinarria jarri nahi dot.

Oneka Alvarez (Zinegoakeko antolatzailea), Pau Guillen, Hassan Kamoga eta Marta Bermejo interpretea

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu