Joao Pedro Rodrigues zuzendaria eta Ugandako LGTB jaialdia sarituko ditu Zinegoak-ek

Bizkaie! 2017-01-25 12:53   Zinemea

Portugalgo zinemagileari aurtengo Zinegoak jaialdiko Ohorezko Saria emongo deutsie. Ugandako Queer Kampala zinemaldiak, ostera, Sari Berezia jasoko dau.

Queer Kampala jaialdia (argazkiak: Zinegoak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Zezeilaren 20tik martiaren 5era bitartean egingo da Bilboko Zinegoak, LGTB zinemearen eta arte eszenikoen jaialdia. Aurtengo edizinoan, zinemagintzan LGTB gaiak gizarteratzeko lana egin daben eragile biri omenaldia egingo deutsie, Ohorezko Sariaren eta Sari Bereziaren bidez.

Joao Pedro Rodrigues zuzendari portugaldarrak Locarnoko zinemaldiko sari nagusia irabazi barri dau, O ornitólogo pelikuleagaitik (Zinegoak-en ikusi ahal izango da film hori). Bere herrialdeko zinemagile esanguratsuenetako bat izateaz gan, Rodrigues LGTB gaietan erreferentea da. 

Europako zinema-zuzendari esanguratsuenetako eta barritzaileenetako bat da, Roberto Caston Zinegoak-eko programazino zuzendariaren esanetan. Eduki zaharrei forma barriak emonda, begirada probokatzailea bilatzen dau eten barik Rodriguesek. Zinegoak jaialdiaren inaugurazino ekitaldian, zezeilaren 20an Arriaga antzokian, Ohorezko Saria emongo deutsie Joao Pedro Rodriguesi. Bertan izango da saritua.

Ganera, zezeilaren 21ean, masterclass bat gidatuko dau Rodriguesek, EHUko eta beste ikus-entzunezkoen alorreko zentro batzuetako ikasleakaz. Bilboko Art House Cinema gunean izango da saio hori.

Beste alde batetik, Afrikara begira jarri da Zinegoak, Sari Berezia emoteko orduan. LGTB komunidadeak traba handiak izaten ditu oraindino kontinente haretan eta, horregaitik, egoereari buelta emoteko ahaleginean aitzindari da Ugandako LGTB zinema-jaialdia, Queer Kampala International Film Festival dalakoa (Ugandako uriburua da Kampala). Kamoga Hassan jaialdiko zuzendaria Bilbora etorriko da saria jasotzera. Ganera, dokumentalen ataleko epaimahaian egongo da.

Queer Kampalak egiten dauen lanaren neurria ezagutzeko, kontuan izan behar da homosexualidadea legez kanpokoa dala Ugandan. Debeku horri aurre eginaz, Ugandako LGTB jaialdia lehenengoz antolatu zan 2016ko abenduan. 26 film proiektau ziran, tartean bederatzi afrikar.

Queer Kampalak aurrera egin daian, gure autortzea eta indarra eskainiko deutsiegu, dino Pau Guillen Zinegoak-eko zuzendariak, testuinguru konplexuei kulturearen bidez aurre egiten deutsie. Kamoga Hassanik zezeilaren 24an hartuko dau Zinegoak-en Sari Berezia, Queer Kampala jaialdiaren izenean. BBK Salan izango da. Hassanik berak zuzendutako Outed: The painful reality filma proiektauko dabe ekitaldi horretan.

Joao Pedro Rodrigues

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu