Beñat Vidal: 'Gure bertsogintzearen ekosistemea osasuntsu dagoala erakusten dau Taldekako Txapelketeak'

Dabi Piedra 2017-02-20 08:34   Barriketan

Bizkaiko Taldekako Txapelketako antolatzailea

Bizkaiko Bertsozale Alkarteak lehenengo aldiz antolatu dau Taldekako Txapelketea. Bizkaiko eskualde guztietako 30 taldek emon dabe izena. Talde bakotxean gitxienez sei parte-hartzaile egon behar dira: Hiru bertsolari, gai-jartzailea, epailea eta laguntzailea. Kanporaketak, finalaurrekoak eta finala izango ditu txapelketeak eta saioak lagun artean egitea da asmoa. Pozik dagoz antolatzaileak, Bizkaiko bertsogintzearen ekosistema guztia batzeko helburua lortu dabelakoan dagoz eta. Bertsozale Alkarteko Beñat Vidalek emon ditu azalpen gehiago.

1.- Txapelketearen lehenengo edizinoa dan arren, 30 taldek emon dabe izena, guztira 200 parte-hartzaile inguru. Badirudi gogoa egon dala halako zeozer antolatzeko.

Bai, deialdi arrakastatsua izan da. Ez gendula espero esatea, beharbada gehiegi esatea da, baina lehenengo edizinoa da eta izena emoteko epea be laburra izan da. Beraz, 30 taldek izena emotea oso zenbaki polita da, guk 25 bat espero genduzan. Parte-hartzaileen artean, bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak eta laguntzaileak dagoz. Uste dot hori aberasgarria dira, Bizkaian 200 persona aktibau dira bertsoaren inguruan, gure bertsogintzearen ekosistemea osasuntsu dagoala erakusten dau horrek.


2.- Bizkaiko Bertsozale Alkarteak 2015ean hasitako gogoeta baten ondorioa da txapelketa barri hau. Ze diagnostiko egin dozue gogoeta horretan?

Kontua da, 2000. urte ingurutik, txapelketearen eredu bardina egon dala Bizkaian: Udabarrian eskualdeetako txapelketak, gero udagoienean Bizkaiko Txapelketea. Hori urte birik behin. Orain dala urte bi ikusi genduan ziklo hori erreta egoala, edo aldaketa baten beharrean. Eskualdeetako faseetan beti bertsolari berberak egoten ziran. Horregaitik, 2016ko Txapelketan, eskualdeko saioak kendu genduzan eta, horren ordez, Udabarriko Fasea sortu genduan Bizkaiko Txapelketearen barruan, txapelketea luzatzea izan zan zelanbait. Udabarrian be eskualde guztietako bertsolariak batera egon daitezan. Orduan, eskualdeetako txapelketek eukien funtzinoari eusteko, pentsau genduan txapelketa bako urteetan taldekakoa antolatzea.

Bizkaian badago taldeka kantetako tradizino bat. Aurten 25 urte beteko dituan BBK Txapelketea hor dago, esaterako, gazteei begirakoa. Ganera, ikusi dogu beste herrialde batzuetan taldekakoak egiten hasi dirala, adibidez Bardoak Nafarroan, Araban Kuadrilla artekoa... Pentsau genduan geuk be ahalegina egin geinkela.


3.- Taldekako txapelketa barri honen funtzinoa, edo helburua, zein da?

Garbi dago Bizkaiko Txapelketeak, oraingo formatuagaz eta bere handitasunean, ikaragarrizko arrakastea daukala eta guztiz beharrezkoa dala. Taldekako txapelketa honek, baina, beste funtzino batzuk bete gura ditu. Oinarrizko bertsogintzea lantzea, batez be. Bertsotan hasi barri diranak edo plazarako aukerarik ez daukienak edo sasoi baten bertsotan ibilitakoak eta abar barriro be bertsogintzara erakarteko tresna bat da txapelketa hau. Bestetik, bertsogintzearen sustapenaren arloan, saioak antolatzeko eta saltsa guzti horretarako ekosistema oso bat behar da, ez bertsoalariak bakarrik. Bertso-eskola indartsuak behar dira, inguruan jentea behar da gauzak antolatzen, gai-jartzaileak, epaileak... Taldekako Txapelketeak alderdi horretan eragin nahi dau. Horregaitik, talde guztiek, bertsolariak ez eze, gai-jartzaileak, epaileak eta laguntzaileak izan behar ditue. Euskal kultugintzearen barruan, bertsolaritzea da esparru bat oso buruaskia. Geuk antolatzen dogu dana, Xenpelarrek esan eban moduan debalde festa preparatzen det, gogua dedan orduan. Txapelketa honek hori indartzeko funtzinoa dauka.


4.- Bertsolari gazteei txapelketearen erritmoa emoteko balio dau taldekakoak, txapelketa handietara pasau aurretik?

Bai, zalantza barik. Azken finean, bertsotan egiteko aukerea emoten da lagun arteko giro baten, baina esparru publikoa da, jente aurrean. Bakarkako txapelketa baten parte hartzean, oholtzara igon eta jente asko egoten da, epaile asko entzuten. Horrek emoten dauen bertigo hori arintzen laguntzeko balio dau taldekakoak.


5.- Izena emonda dagozanen artean, ganera, goi mailan ibiltzen diran bertsolariak be badagoz, esaterako Etxahun Lekue 2016ko Bizkaiko txapelduna. Holakoek be taldekakoaren aldeko apusuta egin izana esanguratsua da.

Nik uste dot, hor garrantzitsuena dala zelako naturaltasunez sortu diran taldeak. Bakotxak bere inguruan, lagun artean, eratu dau taldea. Azken finean, nork bere herri edo eskualdeko bertso eskoletako jenteagaz osotu dau taldea. Esaterako, Larrabetzuko taldean Etxahun Lekue egotea naturala da, astero-astero ibiltzen dalako hango bertso eskolan. Horregaitik, badagoz bertsolari ezagun ugari parte hartzen, edo sasoi baten ibilitakoak. Gero, badagoz gazte-gazteak, Eskolartekotik zuzenean datozanak. Bertsozale Alkarteko lehendakari izandakoren bat be badago! Hau da, Bizkaian bertsogintzaren inguruan mobiduten dabilen tropel hori dago, eta taldeak natural sortu dira.


6.- Saio bakotxeko fetxea eta ariketak aukeratzeko orduan, zelanbaiteko askatasuna emon deutsazue taldeei. Zergaitik?

Tira, hor informaltasuna baino gehiago, esango neuke lagunarteko giroa azpimarratu nahi izan dogula eta bakotxa izan daitela bere saioaren arduradun. Danon artean sortutako txapelketea da hau. Normalean, Bertsozale Alkarteak dana zehazten dau: Non, noz eta zeri kantau, txapelketeak irudi bat izaten dau, bertsolariak agertzen dira, botetan ditue bertsoak, irabazle bat dago eta listo. Oraingoan ez dogu hori nahi, hau danon artean sortutako zeozer izan behar da, taldeak hiruko moltsoetan banatu dira eta moltso bakotxean dagozan hru taldeek hartu beharko dabe ardurea euren kanporaketak antolazeko. Gaiak eurek pentsau beharko ditue eta saioa non eta noz egin be erabagi beharko dabe.


7.- Epaitzeko erespideak zeintzuk izango dira?

Hiru taldeko moltso bakotxean hainbat saio egongo dira: Talde bat bestearen kontra, gero lehenengoa hirugarrenaren kontra eta, amaitzeko, bigarrena eta hirugarrena. Saio guztietako puntuazinoagaz sailkapena egingo da eta moltso bakotxeko irabazleek egingo dabe aurrera. Taldeek epaile bana daukie eta epaile horreek euren moltsoko hiru saioak epaituko ditue. Ganera, publikoak bere eretxia emoteko modua izango dau, boto sistema bategaz. Epaileen eta publikoaren emoitzak batu egingo dira eta hortik urtengo dau irabazleak.


8.- Finala bagilaren 3an izango da. Zelako saioa izango da?

Eskolarteko txapelketako finalagaz batera egingo dogu. Jai egun polit-polit bat izango da. Bizkaiko bertsozale guztien eguna izatea nahi dogu. Goizean hasita, lehenengo gazteenak ibiliko dira idatzizko txapelketako finalean, gero bat-bateko Eskolartekoaren finala izango da eta eguerdiko herri-bazkariaren ostean, arratsaldean, taldekakoaren finala jokatuko da. Edade guztietako bertsozaleak batuko gara egun horretan, belaunaldi guztietakoak. Erabagitzeko dago oraindino jai hori non egingo dogun.


9.- Taldekako txapelketea urte birik behin egiten segidutea da aurrera begirako asmoa?

Ez dogu maiztasunik zehaztu gura, lehenengo edizino honek ze emoitza emoten dauen ikusi behar dogulako. Bizkaiko Txapelketearen formatu barria ipini genduan martxan 2016an, aurten hau egingo dogu, eta ikusiko dogu zelan doan. Lehenengo inpresinoa, behintzat, itzelezkoa izan da, 30 taldek emon dabelako izena. Urte bi barru pentsauko dogu barriro taldekakoa egin behar dan, maiztasun bategaz segidu behar dogun... eten barik geure burua berrasmatzen ibilten gara eta ezin jakin. Nafarroan eta Araban, esaterako, urte birik behin egiten dabe, baina Gipuzkoan ez. 1999an antolatu eben herriarteko txapelketea eta hurrengoa aurten egiten dabiz. Herrialde bakotxak bere erritmoa dauka.


10.- Zuk zeuk be Taldekako Txapelketan parte hartuko dozu. Zein da zure taldea?

Leioara Begira dau izena, Leioakoa. Oso pozik gagoz, Leioan talde bi ateratzeko gai izan garelako (Leioara Begira eta Leioatik Begira), guretzat hori itzeletik gorako arrakasta bat da. Azken urteotan, hiru anaiok hasi ginan bertso-eskolan, Aitzol de Castro irakasleagaz, eta inguruan zaletasuna sortzen joan da. Gai-jartzaile, epaile eta lagunen artean zaletasun hori zabaltzen joan da. Sei bertsolari gagoz eta lortu doguz geugaz batera ibiliko diran epaile eta gai-jartzaile batzuk. Holan, talde bi eratu doguz. Edadeari jagokonez, Aitzol de Castro da zaharrena, berrogeita gitxi urte izango ditu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Zuloaga 2017-02-20 16:02 Erantzuna | #1

Ez dot ulertzen zergaitik daukan adanismoak halango indarra gure artean, eta ez dot ulertzen zertan laguntzen deutsan adanismo bilatu horrek bertsogintzearen ekosistemeari. Txapelketearen formatu barria ez da hain barri Bizkaian: eskualderen baten behintzat ondo ezagutu genduan 2015ean.

http://www.bertsozale.eus/eu/bizkaia/albisteak/gaur-hasiko-da-kopleruek-2015
http://bizkaie.biz/komunitatea/miren-ibarluzea/1462895157814

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu