Alex Txikon: 'Ez dakigu zelakoa izango dan Nepalen topauko dogun negua'
2016-12-26 08:22 BarriketanMendizalea
Igazko neguan alpinismoaren historian sartu zan Alex Txikon mendizale lemoarra, Nanga Parbateko neguko lehenengo igoerea lortuta. Aurten, barriro pentsau dau inork egin bakoa egitea: Everest, munduko tontorrik altuena (8.850 m), igongo dau, neguan eta oxigeno barik. 1980tik inork ez dau igon Everest neguan, eta oxigeno barik ahalegintzen lehenengoa izango da Alex Txikon. Lantalde txiki eta gazte baten laguntzinoa izango dau. Abenduaren 25ean urten eban Txikonek Nepal aldera eta hegazkina hartu aurretxuan erantzun deutse gure galderei.
1.- Zelan sortu da proiektu hau?
Proiektu hau orain dala urte batzuk hasi zan, beti ez da egon gure buruan, baina lehenengoz pentsau genduanetik urte batzuk badira. Gure espedizinoak egiten hasi ginanean, 2002an egin genduan goi-mendiko lehenengo urteera gogorra, holako zeozer egoteko gogoa hasi jatan. Aurten heldu da momentua. Aurreko urte bietan lan handia egin genduan Nanga Parbaten, ordu asko pasau genduzan eskaladan eta, horri esker, gaur da eguna, esan geinkena prest gagozala honelako erronka bati heltzeko.
2.- Zuk esperientzia zabala dozu goi mendian eta, horregaitik, deigarria da orain ate sekula be ez ahalegindu izana Everesteko tontorrera heltzen.
Bai, polita da hori gogoratzea, ze jenteak askotan ez deutso estadistikeari kasurik egiten. Hartzen badoguz Euskal Herriko alpinista ezagunenak, Himalaian lau espedizinotik gora daukiezanak, ba gehienak, edo beharbada % 100ek, Everest igonda daukie. Normalean, lehenengo edo bigarren saiakerea izaten da Everest. Ba, nire kasuan, ez. Hori be bada motibazino bat hara joateko. Aldi berean, esanguratsua da, esan gura dau gu ez garela itsutzen mendi ospetsuenetara joateko. Hasikeratik gauzak beste era batera, desbardin, egin doguzala esan gura dau horrek.
3.- Udan espedizinoz ganezka egoten da Everest eta neguan, ostera, 23 urte dira inor ez dala ahalegindu tontorrera igoten. Zer dala eta desbardintasun hori?
Neguan ez, eta udazkenean be ez! Nik ez dakit, espedizino komertzialen kontu bat izango da. Danak doaz udabarrian, sasoi luzea da, eta aproposa, eta orduan espedizino guztiak hor finkatu ditue. Arauak be udabarrira begira eginda dagoz: Zenbat ordaindu behar dauen bakotxak, negozioak... dana. Pena da holan antolatuta egotea baina, tira, guk daukaguzan mendizaletasun baloreetatik asko urruntzen da hori, gu ez goaz horren bila.
4.- Everestera neguan igondako espedizino bakarra 1980an heldu zan, beraz ez dago dokumentazino askorik. Zuek nondik atera dozuez erreferentziak?
Erreferentzia batzuk izan doguz eta horregaz diseinau dogu espedizinoa. Egia da Everestera inoz ez dodala igon, baina pasa dan urtean Nanga Parbaten egindakotik asko ikasi neban, altueran eta neguan zelan lan egin batez be. Gero, ba ikusiko dogu. Horrenbeste inkognita daroaguz hara, eta zenbat galdera ikur! Ze guk badaroagu asmo bat, baina ez dakigu zelakoa izango dan Nepalen topauko dogun negua, ez dakit. Nire seigarren neguko espedizinoa izango da, baina lehenengoa Nepalen.
5.- Nanga Parbaten egon zara aurreko negu bietan. Everestek ze desbardintasun dauka Nanga Parbategaz alderatuta?
Bat, nabarmena da: altuerea. Everesteko tontorrean 9.000 metrotik hurrago gagoz 8.000tik baino. Gero badagoz beste alde batzuk, esaterako, arlo ekonomikoan, halako espedizino bat gauzatzea diru aldetik arrakastatsua da.
6.- Oraingo honetan, talde txiki bategaz zoaz, esperientzia gitxikoa. Horrek arrakastarako tartea txikituko dau?
Badagoz desabantaila batzuk, bai. Esaterako, baten bat gaixorik jarten bada, besteek askoz lan gehiago egin behar dabe. Baina onerako be bada holako talde bat, ni oso gustora nago kideakaz. Faltan izango dodaz, jakina, Ali Sadpara eta halakoak, baina batzuetan gauzek ez dabe urteten batek gura dauen moduan eta ezin danean, ba ezin da. Gu ikastera goaz eta, taldearen aldetik, oraingoz ez dot ezelako kexarik.
7.- Tontorrera bide arruntetik igotea da plana, ezta?
Bide arruntetik joatea da gure plangintzea, bai. Hegoaldetik. Urtarrilaren 5ean, edo hor bueltan, heltzea da gure asmoa. Baina ez dot ezer aurreratu gura, pausoz pauso joango gara, momentuaz gozatzeko ahalegina egingo dogu. Lehenengo Kanpalekutik Bigarrenera, bidea ahalik eta arinen ekipauko dogu, eta hortik aurrerako beste guztia galdera ikurra da, argi eta garbi. Igual gero ez gara gai Bigarren Kanpalekutik aurrera joateko be, ikusi egin beharko da.
8.- Igoera horretan, izotz-jauzi moduko bat topauko dozue bidean, ezta?
Bai, leku berezi bat da, laberinto baten modukoa. Hori guztiz ekipau behar da eta zalantzan nago ia horri guztiari aurre egiteko gai izango garen. Soka pilo bat ipini behar dira, metroak eta metroak. Aluminiozko eskailera pilo bat be ipini behar doguz eta ez dakit zelan egongo dan izotza edo edurra, ia ze goeratan topetan dogun. Erronka gogorra izango da.
9.- Igoera arina egitea komenidu jatzuela aitatu izan dozu. Hori segurtasun arrazoiakaitik da?
Bai, segurtasunagaitik da hori, batez be. Nanga Parbaten ikasi neban, neguan, goialdean zenbat eta denpora gitxiago pasau, hobeto dala, bestela arriskua asko handitzen da. Arin eta erraztasunez mobidutea da asmoa.
10.- Segurtasuna funtsezkotzat joten dozu.
Bai, hori esaten dot beti baina egia da batzuetan zalantzan ipini behar dala segurtasunaren alde esaten dodana. Seguru ibilteko ahalegina egin behar da, jakina, baina goi mendian erlatiboa da, ez dagoalako gure menpe. Kontroletan ez doguzan mila gauza dagoz. Edurjausiak, edo izotz bloke batek edo harri batek joten zaituela buruan... horregaitik, ezin da kontrolau. Baina bai, segurtasuna da nire lehentasuna, arriskuak saihesten edo gitxitzen ahalegintzen naz beti. Batzuetan emon leike nik ez dodala anbizino askorik, taldekideen eta nire segurtasuna kirol helburuen aurretik jarrita, baina beti esaten dot garrantzitsuena bueltetea dala, etxera onik heltzea. Orain arte horrek gidatu nau eta orain be holan izango da.
11.- Espedizino hau bideoan be grabauko dozue. Gero dokumentala plazaratzeko asmotan zabilze?
Atresmedia taldeagaz dokumental bat aterako dogu, Everesten grabautako irudiak erabilita. Oraindino azken sinadurea falta da, baina holan egingo dogu, ondo dago hango giroa irudietan batu ahal izatea eta erakustea. Igaz Nanga Parbaten hasitako abenturea euskerazko dokumental baten be batu gura izan dot, baina zoritxarrez ezin izango da, finantziazinoa falta da. Pena handia da hori. Gustora egingo neukeen gauza bat da, irudi politak badagoz eta erronka polita bete genduan igaz.
12.- Animoz zelan zoaz hara?
Pozik baina lanpetuta ibili naz egunotan. Egia esatea gura badozu, kokoteraino nago jente askogaz. Jente asko dago honen inguruan, lagun asko dodaz, baina batzuetan jenteak ez ditu gauza batzuk ulertzen eta ez da erraza. Baina orain banoa Nepalera eta ahaztu egingo jataz horreek gauzak eta nire, edo gure, momentua bizi izatera eta disfrutetera noa.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!