Everest igon nahi dau Alex Txikonek, neguan eta oxigeno barik

Dabi Piedra 2016-12-16 13:16   Euskaldunak munduan

Orain arte inork lortu ez dauen erronkea aukeratu dabe Alex Txikon lemoarrak eta bere lantaldeak aurtengo negurako. Abenduaren 25ean urtengo dabe Nepal aldera.

Carlos Rubio eta Alex Txikon, Bilbon egindako aurkezpenean | Ikusi handiago | Argazki originala

Munduko mendirik altuena da Everest (8.850 m), Nepal eta Tibeteko mugan. Udan mendizale asko joaten dira hara, batez be espedizino komertzialetan. Neguan, ostera, altuera horretan dagoan eguraldi gaiztoagaitik, ia inor ez da ibilten han. 1980an igon zan lehenengoz tontorrera neguan eta, harrezkero, beste inor ez da heldu urtaro horretan munduko punturik garaienera.

Alex Txikonen erronkea, beraz, sekula inork egin bakoa da. Ahalegindu be, inor ez da ahalegindu baldintza horreetan Everestera igoten, hau da, neguan eta oxigeno barik. Aurreko denporaldian Nanga Parbat-eko tontorrera (8.126 m) neguan heldu zan lehenengo espedizinoko kide izan eta gero, beste erronka latz bat dauka lemoarrak begibistan.

Inoz ez dot Everesteko tontorrera heltzeko ahaleginik egin eta orain heldu da aukerea, azaldu dau Alex Txikonek, Bilbon egindako aurkezpenean. Beste espedizino batzuei laguntzen, 7.400 metro ingururaino helduta dago lemoarra, baina hauxe izango dau tontorra zapaltzeko lehenengo ahalegina. Bere ibilbideko 12. zortzimilakoa izango litzateke. Neguan, ganera, Everesten arpegi arriskutsuena ez eze, ederrena be agertzen dala dino Txikonek, Everest egoerarik puruenean topauko dogu.

Bide arruntetik igongo dabe Txikonek eta kideek Everest. Hasikeran, Tibet aldetik joatea aztertu eben, baina Txinak trabak ipinten ditu baimenak lortzeko eta, beraz, ohiko ibilbidea egitea erabagi dabe.

Espedizino arriskutsua eta gogorra izango dala garbi dauka Txikonek. Lehenengo Kanpalekutik hur hasten dira igarobide gatxak, esaterako han dago Izotz-jausia izeneko eremu laberintikoa. Eguraldi hotzagaitik, leku hori egonkorrago topauko dogula uste dot, dino lemoarrak. Hortik gora, horma izoztuan aurrera egiteko ahalegin izugarria egin beharko dau Txikonek, lantaldeagaz batera. Gorputzari egurra emongo deutsagu. Azken 900 metroak dira Everest berezi egiten dabenak, baina kontu handiz pasau beharko dabe Laugarren Kanpalekutik tontorrerako zati hori.

Bigarren Kanpalekuraino bost nepaldarrek lagunduko deutsie, batez be zamak eroaten eta bidea ekipetan. Hortik gora, lantaldea bakarrik geratuko da. Alpinismoan ospe handirik ez daukien kideek lagunduko deutsie Txikoni, batzuk nahiko gazteak. Carlos Rubio alpinistea, Aitor Baez ikus-entzunekoetako profesionala eta Pablo Magister kamaralaria izango ditu Txikonek alboan. Talde orekatua dala dino.

Horren erronka gatxari aurre egiteko, burua hotz izan beharko dabela dino Txikonek, eta pazientziaz lan egin. Ez dogu mendi hau ondo ezagutzen, ikastera be bagoaz, esan dau lemoakoak. Neguko giro arriskutsuan aurrera egiteko, aurreko negu bietan Nanga Parbaten batutako esperientzia erabiliko dau. Esaterako, han ikasi eban azken etapak, tontorrerako azken txanpan, arin egitea komenidu dala: Igoera arina egitea da onena, eta arin jatsi behar da.

Tontorra zapaltzea lorpen handia litzateke eta, Nanga Parbatekoagaz pasau zan legez legez, mundu osoko alpinismoan zeresana emongo leuke. Baina Alex Txikonek ez deutso bere buruari presinorik ipini nahi eta nahiago dau pausoz pauso joan. Ganera, helburua ikastea dala dino. Eta, batez be, helburu garbi bat dauka eta horri emongo deutso lehentasuna beti: Espedizinoko partaide guzti-guztiak bueltan etortea, onik.

Handik bizirik urtetea izango da lehentasuna, azpimarratu dau Txikonek, beharbada ez dot beste batzuen pareko anbizinorik, baina horri esker nago gaur hemen azalpenak emoten. Goi mendian taldekideak hiltea zer dan badaki Txikonek eta ez dau holakorik nahi espedizino honetan.

1980an igon zan lehenengoz Everest neguan. Krzystof Wielicki eta Leszek Cichy poloniarrek lortu eben, oxigenoak lagunduta. Alex Txikonek daukazan datuen arabera, harrezkero inork ez dau barriro holakorik egin. Ganera, orain dala 23 urtetik, inor ez da ahalegindu be egin. Kontuan izan behar da, neguan Everesten zero azpiko 60 graduko tenperaturea egoten dala batzuetan, eta 150 km/h-ko haize-boladak. Txikonek eta kideek, poloniarrek egindakoa bardindu ez eze, gainditzeko erea daukie, oxigeno barik joanda.

Abenduaren 25ean urtengo dau Alex Txikonek Bilboko aireportutik Himalaiara. Ondo bidean, urtarrilaren 5 edo 6an heldu nahi dabe Beheko Kanpalekura, ahalik eta arinen lanean hasteko. Alex Bizkaiaren enbaxadorea da munduan, adierazo dau Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputaduak, honelako erronka baten, baten batek arrakastea izango badau, hori Alex da.

Espedizinoko irudiak grabauko ditu Alex Txikonen lantaldeak eta material horregaz dokumentala egingo dabe gero. Alex Txikonek dino pozik doala Himalaia aldera, hango paisaia ikusgarriek erakarri egiten dabe. Badaki erronka gatxa dana, baina gogotsu dago: Bihotzagaz eta buruagaz, onena emoteko asmoz goaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu