Bob Dylanen kanta batzuk euskeratu beharko dira aurten Jokin Zaitegi bekan
2016-11-28 13:25 KultureaLiteraturako Nobel saridunen liburuak euskeratzea da sariketearen helburua. Aurtengo deialdian, Nobela Dylanek irabazi dauen ezkero, haren abesti batzuk itzultzea izango da baldintzea.
2002an sortu eben Elkar argitaletxeak eta AED alkarteak Jokin Zaitegi itzulpengintza bekea. Bekearen irabazleak urte horretako Literaturako Nobel Sariaren irabazlearen testu bat itzultzen dau euskerara. Modu horretara, 2002tik 2012ra bitarteko Nobel saridun guztien lan bana euskeratu eta argitaratu ahal izan da.
Etenaldi baten ostean, igaz barriro bueltau zan beka deialdia. Svetlana Aleksievitx-en obra bat izan zan igazko jatorrizkoa eta udabarrian izango da liburutegietan euskerazko itzulpena. 2016an, baina, liburuak idazten dituan autore bat barik, abeslari eta letragile bat saritu dau Suediako Akademiak, Bob Dylan amerikarra hain zuzen. Hortaz, Jokin Zaitegi bekako antolatzaileek Dylanen kanten lagin bat aukeratu dau eta berau itzuli beharko dabe bekearen hautagaiek.
Urtarrilaren 9an amaituko da lanak aurkezteko epea. Antolatzaileek emondako hiru kanta itzulita aurkeztu beharko ditue hautagaiek. Irabazleari 2.000 euroko diru-laguntzinoa emongo jako, ehun kantako lagina euskeratu daian. Jon Basaguren, Maialen Berasategi eta Iñigo Roque egongo dira epaimahaian.
Itzuli beharreko testuen lagin bat, hemen.
Zaitegi bekea, Nobel Saria irabazi daben autoreak euskerara ekarteko bitarteko eraginkorra ez eze, Jokin Zaitegi idazle arrasatearra omentzeko helburua dauen lehiaketea da. Literatura unibersala euskeratzen Zaitegik egindako ekarpen aparta gogoan hartu nahi dabe antolatzaileek eta bekea bera, hain zuzen, nazinoarteko obra onenak euskeratzeko zereginean oinarritzen da. Holan, Zaitegiren ahaleginari segidea emoten jako. Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren babesa dauka lehiaketeak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!