Robert Grenier arkeologo kanadarra hil da

Bizkaie! 2026-01-08 09:21   Kulturea

Albaolaren lagun mina eta San Juanaren aitabitxia.



Albaolakoontzat Robert erreferente zientifikoa eta bide honetan topau dogun personarik garrantzitsuenetakoa izan da. Red Bayn gidatu eban urpeko arkeologia proiektuak San Juanaren azterrenak munduko itsas ondarearen kapitulu garrantzitsu eta ahaztuenetako bat ulertzeko gako bihurtu eban. Eta hori guztia, zehaztasunez, eskuzabaltasunez eta erantzukizun kultural sakonaz egin eban.


Urte honeetan guztietan, danon helburu batek gidatuta, alkarregaz lan egiteko suertea izan genduan: San Juana barriro mundura ekartea. Robertek esaten eban sekula ez ebala imajinauko urpean hasitako ikerketa harek holako amaierea izango ebanik: ezagutza hori guztia barriro be ontzi bihurtuta. Hur-hurretik lagundu euskun, Faktoria bisitau eban eta aurrerapausu bakotxa berea bezela ospatu eban.

Botaduran ezin izan eban egon baina haren emazte Caroline Marchand geugaz izan zan eta harek bataiatu eban ontziaren kaskoa Grenierren izenean. Momentu hori betirako eroango dogu geugaz.

Merci infiniment, Robert. Zure ondarea bizirik dago San Juan baleontzian eta haregaz nabegauko dau joaten dan leku guztietara. Agurrik ez.

Albaolaren komunikadua

Albaolak doluminak adierazo ditu Robert Grenier (1937–2026) hil dala jakin ondoren. Grenier figura nagusietakoa izan da nazinoarteko urpeko arkeologia, eta oinarrizko personea San Juan baleontziaren ikerketan. Itsasontziaren hondoratze-lekua Red Bayn (Labrador, Kanada) topau eta aztertu zan bere zuzendaritzapean.

Trois-Rivièresen (Kanada) jaioa, Grenierrek ibilbide profesional luzea egin eban urpeko kultura-ondarearen bilaketa, ikerketa eta babesean. Bide horretan, Europan, Amerikan eta Artikoan egindako indusketetan hartu eban parte, eta 1983 eta 2008 artean John Franklinen ontziak (HMS Erebus eta Terror) bilatzeko hainbat espedizino zuzendu zituan. Parks Canadako Urpeko Arkeologia Zerbitzuko burua izan zan eta UNESCO/ICOMOS erakundeko Urpeko Kultura Ondarearen Babeserako Batzorde Zientifikoko presidentea. Bere lana hainbat sari garrantzitsugaz autortu eben: 2004an Kanadako Ordenako Ofizial izentau eben eta 2010ean Grand Diplômé izentapena jaso eban Laval Unibersidadean.

1978an, Selma Huxley historialariak emondako informazinoari esker, Parks Canadako Urpeko Arkeologia Sailak, Grenier buru ebala, Red Bayn topau eban 1565ean hondoratutako San Juan baleontziaren hondoratze-lekua. Topakuntza horretatik abiatuta, ordura arte inoiz egin bako eskala handiko indusketak hasi ziran. Artikoko uretan egindako lehen indusketa handi hau, mugarri zientifiko bihurtu zan, erabilitako
metodologiagaitik eta ikuspegi zabalagaitik.

San Juanaren ikerketeak, 30 urtez baino gehiagoz iraun eban laborategian. 2007an argitaratutako bost liburukitan eta 2.000 orrialdetik gorako azken txostena urpeko arkeologiaren nazinoarteko erreferente bihurtu zan, bai eta XVI. mendeko euskal itsas ondarea ezagutzeko oinarrizko iturri. Lan horren garrantzia dala eta, UNESCOk San Juanaren saskarraren irudia aukeratu eban urpeko kultura ondarearen munduko ikur.

Ikerketa horri esker, 2013an Red Bay herria UNESCOren Gizateriaren Ondarearen Zerrendan sartu zan, baleontziaren santutegi parebako lez autortuta, San Juan pieza nagusi bihurtuta. Gaur egun, Red Bayko National Historic Site museo eta aztarnategi arkeologikoak nazinoarteko erreferente dira eta milaka bisitari jasoten ditue urtero.

2014an, Robert Grenier eta Parks Canadak San Juanaren ikerketearen lekukoa Albaolari pasau eutsen, hiru hamarkadatik gorako ikerketan sortutako dokumentazino zientifiko osoa emonez. Ekintza horrek baleontziaren erreplika zientifikoa eregiteko proiektua abiarazo eban. 2015ean, Grenier San Juanaren aitabitxi izentau eben, ikerketa arkeologikoaren eta berreregite prozesuaren arteko loturea indartuz.

Grenierrek 2011n hartu eban erretiroa, Parks Canadan 40 urte baino gehiago emon ondoren, urpeko kultura ondarearen ikerketa eta babesean. 2026ko urtarrilaren 3an hil zan, Albaolak ia 500 urte geroago San Juan baleontziaren erreplikea eregiten eban bitartean, hur-hurretik jarraitu ahal izan ondoren, Pasaian (Gipuzkoa), Albaola Itsas Kultur Faktorian.

Urte honeetan guztietan, Grenierek hainbat aldiz bisitau eban Faktoria, eta nabarmen parte hartu eban erreplikearen gilea jarteko ekitaldian.

2025eko zemendiaren 7an egindako botaduran ezin izan eban parte hartu, baina bertan izan zan bere emaztea, Caroline Marchand, eta ha izan zan, Grenier ordezkatuz, ontziaren txopea sagardaoagaz
bataiatu ebana.

Albaolatik gure esker ona eta aitortza adierazi nahi diogu Robert Grenierren ekarpen erabagigarriari, itsas historia unibersaleko kapitulu garrantzitsuenetako baten ezagutzak berreskuratzeagaitik. Era berean, gaur San Juan barriro existidutea posible egindako proiektuaren jatorrian izan dauen zeregin garrantzitsua be nabarmendu nahi dogu.

Albaolak pena handiz jaso dau albistea, izan be, aliatu eta lagun maite baten galerea izan baita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu