100.000 bisitari izan ditu Artium Museoak

Bizkaie! 2026-01-02 10:30   Kulturea

2027. urtean 25. urteurrena ospatuko dabe.

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, 100.000 bisitari izan ditu 2025ean, pandemiaren aurreko zifrak berreskuratuz.

Bisitei buruzko datuei jagokonez, azpimarratzekoa da, alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko bisitari gehiago izan dituala, ehuneko 60 inguru; eta, bestetik, Arabako bisitariena, museoaren bisita guztien laurden bat izan da.

Atzerritik etorritako bisitei jagokonez, goranzko joereak jarraitzen dau, aurreko urtean baino ehuneko 2 puntu gehiago igo da-eta, % 27an kokatuz. Frantziak jarraiten dau izaten bisitari gehien ekartzen dituan herrialdea, Italia, Britainia Handia eta Alemania atzetik dituala.

Bestalde, Espainiako beste erkidego batzuetako bisitariek % 36 inguru hartzen dabe, igaz bezela. Talde horretan, Madrildik, Kataluniatik eta Gaztela-Leondik etorritakoek bisitetan dabe gehien Artium Museoa, eta atzetik datoz Nafarroakoak, Andaluziakoak eta Valentziakoak.

Euskal bisitariak % 37 izan dira 2025ean. Bisiten erdia baino gehiago arabarrek egin ditue.

Museora egindako bisiten ia laurdena (eskola-programetakoak izan ezik) 25 urtetik beherako bisitariei jagoke. Aitagarria da, barriz, lau edade-tarte handien arteko banaketa orekatua: % 22 24 urtetik beherakoak, % 25 25-44 urtekoak, % 37 45-65 urtekoak eta % 16 65 urtetik gorakoak. Generoari jagokonez, bisitari gehienak emakumeak dira (% 54).

Museoaren programazioari jagokonez, 2025 mobimentu handiko urtea izan da, bai erakusketen esparruan baita programa publikoen esparruan be. Lehenengoan, museoak erakusketa monografikoak eskaini deutsee Ines Medina (Caceres, 1950), Josu Bilbao (Bermeo, 1978) edo Chantal Akerman (Brusela, 1950 - Paris, 2015) lako artistei eta horreei Artelekun zehar. 1987-2002 gehitu jake, Euskal Herriko praktika artistikoen eta pedagogiaren arteko hartu-emonei buruzko tesi-erakusketa bildumearen azken kapitulua.

Urteko azken hiruhilekoan, barriz, Marwa Arsaniosek (Washington. (D.C., 1978) lurraren jabetze eta ustiapen prozesuen inguruan ikertzen dauen Lurrak ez du jaberik izango erakusketa aurkeztu dau.

Ondarearen arloan, Asins, Oteiza, Palazuelo. Haraindikoari itxura ematea erakusketea aurkeztu eban museoak 2025ean, museoaren bildumearen erakusketearen barruan Fernando Golvanok komisariatutako proposamena. Bertan abstrakzino geometrikoaren hizkuntzatik hiru artista horreen praktikak jorratu dira, Elena Asinsen heriotzaren hamargarren urteurrenagaz bat eginez (Madril, 1940 -Azpiroz, 2015).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu