Orain arte ezagutu bakoak dakarz Arte Ederren Bilboko Museoak

Bizkaie! 2026-01-08 13:00   Kulturea

Georg Baselitz. Pinturak 2014–2025. Nonahi zerbait erakusketan.

Norman Rosenthal historialari britainiarrak, Arte Ederren Bilboko Museoan martiaren 1era arte ikusgai egongo dan erakusketearen komisarioak dinoanez, artista handiak artearen historia erakusten dabe, euren produkzinoan eragina daben aurreko figuren errastuari jarraituz. Baselitzen genealogia artistikoa agirian ixteko asmoz, erakusketeak museoaren bildumako bost obra nabarmen batzen ditu orain, margolari alemanaren azken lanekaz alkarrizketan.

Proposamena Rosenthalek Baselitzegaz izandako lankidetza estu eta gogotsuan dau hasierea. Baselitzek argi eta garbi autortzen ditu artista garaikideen, Italiako eta Alemaniako Errenazimenduaren, Alemaniako Erromantizismoaren edo Afrikako arte primitibo deitutakoaren erreferentzia plastiko ugari. Halanda ze, horreekaz partekatzen dau orientazino teknikoa eta tematikoa.

Hautatutako margolanen artean, Pietro del Donzello (edo haren anaia Polito) florentziarrari egotzitako Ama Birjina Umeagaz eta santuak taula dago (c. 1490). Debozinoko eszena horretan, espazioa harrizko harmaila baten bidez artikulatuta dago, Baselitzen pintura askotan errepedituen dan gora eta beherako elementua eta, era berean, Marcel Duchampen Biluzia eskailerea bajatuten gogora daroana. Francisco de Zurbaránen Aurpegi Santua lanagaz (c. 1660), alkarrizketa buruaren edo garezurraren motibotik eta oihalen erabileratik hasita ezarten da: Zurbaránen kasuan, begi-amarru piktoriko baten bidez; Baselitzenean, collagearen literaltasunaren bidez. Grekoak, barriz, San Frantzisko errezuan Gurutziltzatuaren aurrean lanean (c. 1585), santuaren buruaren azterketa bikaina aurkezten dau, buruhazurrean oihartzuna topetan dauena eta vanitas ilun baten protagonista dana. Lucas Cranach Zaharraren Lukrezia lanak (1534) agirian ixten dau Baselitzek biluziaren tradizino alemanaren aurrean dauen mirespena, Grünewalden eta Cranachen beraren eskutik datorrena. Bestalde, Francisco de Goyaren Burubakokeria hegalaria (1815-1824) grabatuaren izaki mitologikoa Baselitzen arranoen hegaldi subersiboagaz konektetan da.

Erakusketa irakurteko kako barriak emoten dituan topaketa harrigarri hau hurrengo asteetan bisitau ahal izango da, martiaren 1era arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu