Marisa González artistearen 'Un modo de hacer generativo' erakusketea azken txanpan sartu da

Bizkaie! 2026-01-07 10:48   Kulturea

Erakusketa antologiko handi hau Azkuna Zentroan egongo da 2026ko urtarrilaren 18ra arte.



Marisa González (Bilbo, 1943) aurrendaria da Espainian arte-sorkuntza eta irudiak komuniketako eta erreproduziduteko teknologiak buztartzen. Hirurogeita hamarreko hamarkadatik, bere lana ohiko baliabide artistikoetatik aldentzen da, eta makinak —koloretako fotokopiagailuak, termofaxak eta bere garaian puntako teknologia izandako beste tresna batzuk— erabilten ditu kopiatzailea edo erreplikatiboa izan beharrean sortzailea dan artea asmetako. Makineagaz izandako eragin-truketik sortutako elementuak eta originalak sartzen ditu, ez makinearen funtzionamendu soiletik sortutakoak. Marisa Gonzálezek metodo propioa sortu du, hizkuntza batek, berehalakotasunak, zoriak, aprobak eta erroreak hartzen dabe protagonismoa.

Violeta Janeiro Alfageme arte historialari eta ikertzaileak komisariautako antologiko honek artistearen bost hamarkadako lanak batzen ditu eta bere serie eta proiektu handien zati handi bat erakusten dau. Haren ibilbidean, arlo jakin batzuk interesau jakoz, besteak beste, gai feministak, mobimentu sozialak, arkitektura industriala, hondakina eta hondarra. Oso goiz jarri zan hartu-emonetan feminismoakaz eta, ondorioz, toki nabarmena hartu dau arte instituzionalaren genealogia feministei buruzko ikerketa barrietan.

Txuspo Poyo artistearen erakusketea

Datorren zezeilaren 19an, Azkuna Zentroaak, Anónima inaugurauko dau, Txuspo Poyo artistearen lanari buruz egindako erakusketarik zabalena, sakonena eta esanguratsuena. Izenburuak oinordetzan jasotako herri-jakintzeari egiten deutso erreferentzia eta 1990eko hamarkadatik gaurdaino egindako proiektu artistiko gehienak batuko ditu.

Álvaro de los Ángeles idazle eta ikertzaileak komisariauta, artistearen proposamenen hautaketa berezia batu dau, uniberso propio eta personal bat sortu baitau, gai historiko eta dokumentalakaz dauen interesa eta proiektu artistiko lez zelan gauzatu dituan buztartuz. Era berean, erakusketeak, Urbegiren laguntzeagaz atondutakoa, argi jasoten ditu bere lanen sormen-ibilbidea, eta metodologia eta baliabide materialak, formatuak eta lengoaia garaikideak erabiltean barrikuntzarako dauen gaitasuna.

Txuspo Poyok bere ibilbidean barrena osotutako corpus artistikoak lengoaia eta baliabide askotarikoak buztartzen ditu, besteak beste, zinemea, bideoa, argazkia eta instalazinoa. Horreen bidez, kultura, teknologia eta politikearen arteko alkarguneak aztertzen ditu. Haren lanean, askotan, dudan jarten ditu errealidadearen eta fikzinoaren, zientziaren eta mitologiaren, joandako denporen, oainaren arteko mugak, eta sortzen daun narratiba bisualak gogoetea biztu nahi da aginpideak, eratorritako kontrol-mekanismoek eta historia garaikideak sortzen dituen loturei buruz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu