Itzulpenaren Sari Nazionalaren arauak aldatzeko eskatu deutso Euskaltzaindiak ministroari

Bizkaie! 2016-11-25 11:25   Euskerea berbagai

Luis Baraiazarra ohorezko euskaltzain eta itzultzaileari jazotakoaren harira, gutuna bialdu deutso Akademiak Espainiako Kultura ministro Iñigo Méndez de Vigori.

Iñigo Méndez de Vigo ministroa | Ikusi handiago | Argazki originala

Zemendiaren 3an Itzulpen Onenaren Espainiako Sari Nazionala Luis Baraiazarrari emongo eutsala iragarri eban Ministerioak. Santa Teresa Jesusenaren idazlanak euskeratzeagaitik saritu eben ohorezko euskaltzaina. Handik ordu batzuetara, baina, sari hori kendu egin eutsien, baldintza guztiak beteten ez zituala eta. Ministerioak berak azaldu ebanez, Espainiako hizkuntza ofizial batetik beste batera egindako itzulpenak ezin dira saritu, arauen arabera.

Andres Urrutia euskaltzainburuak Iñigo Méndez de Vigo Espainiako Kultura ministroari bialdutako eskutitz baten dino, Akademiak atsekabea hartu ebala Baraiazarrari saria kentzeko erabagiaren ondorioz. Etorkizunean halakorik barriro jazo ez daiten, sariketako arauak aldatzeko eskatu deutso Urrutiak Méndez de Vigori. Modu horretara, ganera, saria aberastu egingo litzatekeela azpimarratu dau euskaltzainburuak.

Egungo oinarri-arauek galegoz, katalanez, gaztelaniaz edo euskeraz idatzitako obren itzulpen-lanetan dabilzan itzultzaile askoren esfortzua autortzea eragozten dau, dino Euskaltzaindiak gutunean. Espainiako hizkuntza ofizial batetik beste batera egindako itzulpenak be saritu ahal izatea onuragarria litzateke.

Erabagi horrek ez leuskio garrantzirik edo osperik kenduko sariari, gutunak dinoanez, baina lan apartak deskubritzeko bidea zabalduko leuke. Gatxa da azaltzen jatorriz grekoz, latinez, ingelesez edo italieraz idatzitako lanen itzulpenak saritzen dirala, eta, era berean, onarpen barik geratzen dirala, esaterako, Octavio Paz, Miguel Unamuno, Carlos Fuentes, Vargas Llosa edo Pablo Nerudaren lanen itzulpenak, dino Euskaltzaindiak, edo aintzat ez hartzea Bernardo Atxaga, Kirmen Uribe edo Unai Elorriagak euskaraz idatzitako liburuak, Espainiako Sari Nazionala lortu daben idazleak izanik.

Bestetik, Akademiak ministroari gogoratu eragin deutso Luis Baraiazarraren itzulpenaren mamina eta kalidadea. Horregaitik aurkeztu eben itzulpena sariketara lan kementsu eta arduratsu hori. Itzulpengintzako Sari Nazionala irabazten lehenengo euskerazko lana izango zan Baraiazarrarena, baina saria kendu egin eutsien.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu