Iñaki Etxezarraga, Etxe: 'Nire bizitzea dago diskoan'

Dabi Piedra 2016-09-26 09:20   Barriketan

Urte batzuetako etenaldiaren ostean, barriro diskoa argitaratu dau Etxe abeslari berriztarrak: Bizi. Irailaren 23an ipini dau diskoa salgai, esangura berezia dauen egunean. 2009ko irailaren 23an anaia Zigor hil jakon eta 2014ko egun berean, Etxeren seme bikotxak jaio ziran.

1.- Bizi izenburua ipini deutsazu diskoari, izenburu esanguratsua. Denpora batez musikea alboratu zenduan arren, bueltan zatozela eta oraindino bizirik zagozala aldarrikatu nahi izan dozu?

Egia esan, nire bizitzearen parte handi bat dago disko honetan sartuta eta aldarrikatzen dot momentu txarretatik urteteko musikea behar dodala. Bestetik, jenteak disko hau terapia modura erabiltea be ondo egongo litzateke.


2.- Barriro musikearen mundura bueltau zara, zelan sentiduten zara?

Hasibarri baten moduan nago, baina esperientzia badaukat. Disko honetako lan guztia neure gan hartu dot eta horrek ilusino itzela emoten deust, gogotsu nago. Hasibarria nintzaneko ilusinoa eta indarra daukadaz, baina urteetako ibilbide batek emoten deutsun esperientzia be bai. Eszenatokietara igoteko gogoz nago.


3.- Denporan atzera egingo dogu: Zergaitik itxi zenduan musikea bat-batean?

Haize berri bat diskoa argitaratu nebanean, garai haretan neukan lantaldeko persona batzuek lepoa emon eusten, zelanbait esatearren. Egindako lan eta esfortzu guztia pikutara joan zan, ez dakit euren itxikeria izan zan ala zer izan zan, baina kontua da badagoala jentea inoz ez dabena baloretan besteok esfortzua egin behar dogula hemen egoteko eta gagozan lekura heltzeko. Guztiz desmotibauta geratu nintzan, alderdi guztietatik begiratuta. Orduan, lanean eta beste gauza batzuetan zentrau nintzan eta musikarako indar barik geratu nintzan, hutsituta. Motibazinorik ez neukan, sorkuntzarako gogorik ez. Kontzertuetara joateko gogorik be ez neukan. Egia esan, bizitzan une onean nengoan arren, musikearen partetik oso sasoi txarra izan zan.


4.- Barriro ilusinoa berreskuratu dozu eta bueltan zara, Bizi diskoagaz. Zelan berrekin eutsazun musikea joteari?

Kuriosoa da zelan urten zan lehenengo kantua. Nire emazteak, Naiarak, Su Ta Garren Bizirik gaude diskoa erregalau eustan eta disko hori entzuten hasi nintzanean, lehenengo kantuak gitarra joten hasteko gogoa emon eustan. Urtebete egon nintzan gitarrea jo barik, baina kantu harek dino ez etsi orain eta nik pentsau neban neuk be ez nebala etsiko. Bat-batean heldu zan bultzada hori, gitarrea hartu eta konposizinoan hasi nintzan.


5.- Hamar kanta dagoz Bizi diskoan, zer topauko dogu hor?

Beti nahi izaten dot kantuek niri zeozer esatea. Nire sentimenduak bertan sartu nahi izaten dodaz eta era batera edo bestera nire bizitzea dago diskoan. Jentearentzat be baliagarriak izan leitekez kanta asko, danok eukiten doguzalako gorabeherak gure bizitzetan. Nire ustez, musikea terapia bat da eta horregaitik nire gorabehera guztiak abestietan erakusten ahalegintzen naz.


6.- Onerako eta txarrerako, azken urteotan gorabehera asko izan dozuz.

Bai, holan da. Orain dala zazpi urte anaiea galdu neban, bost urte geroago nire seme bikotxak, Jokin eta Markel, jaio ziran... orain disko barri hau dator. Gorabehera asko izan dira, bai, onak eta txarrak. Danon bizitzetan dagoz gauza latzak zein ederrak.


7.- Izandako une txarrak behin betiko atzean lagatzeko, terapeutikoa izan da diskoa argitaratzea?

Nik benetan sentidu egin behar dot kantetan esaten dodana. Batez be zuzeneko emonaldietan, horrek laguntzen deust neure barruan begiratzen eta gehiago disfrutetan. Horregaz ahalegintzen naz sentimendu horreek adierazoten eta jenteak be bere sentimenduak atera daiazala. Munduan musikarik ez balego, ez dakit zer egingo geunken. Musikea terapia da danontzat.


8.- Bizitzaren musika abestian, Aitor Gorosabel Su Ta Garrekoak lagundu deutsu. Zelakoa izan da haregaz lan egiteko esperientzia?

Ikaragarria izan da, oso ona. Beragaz kontaktuan jarri eta azaldu neutsan istorio guztia, zein zan nire asmoa. Kantuaren premaketea erakutsi neutsan eta pilo bat gustau jakon, hor hasi ginan alkarlanean. Gaur egun hartu-emon itzela dot beragaz, bera be oso pozik dago kantu honetan parte hartu izanaz. Niretzat plazerra da holako artista handi bategaz, horrenbeste urte eszenatokietan egin dituana, kolaboretea.


9.- Beste abesti bat, ostera, Ilusio faltsuen mundua da, ezkorragoa da hori?

Ez da horren ezkorra. Aldarrikatzen dodana da, behin eta barriro zapaltzen gaituen arren, burrukan jarraitzea, ez dala amore emon behar.


10.- Hamar kantuen artean, zurea ez dan bakarra Bi mila hitz da, Seiurteren bersinoa. Zergaitik sartu dozu hori?

Ni Seiurteren jarraitzaile eta laguna izan naz txiki-txikitatik. Eurak beti dagoz laguntzeko prest, beti aholkuak emoten. Abesti hau sartuta omenaldi txiki bat egin nahi izan deutsiet.


11.- Melodien aldetik zelako diskoa da Bizi? Aurreko lanetako estiloari eutsi deutsazu?

Bai, nire estiloaren barruan dagoz kantak, Etxeren estilo tipikoa daukie. Melodia gozagarriak sartzen ahalegindu naz, estribillo itsaskorrak, erraz entzuteko diskoa egin nahi izan dot. Ni ez naz formakuntzadun musikaria, baina abesteko eta sorkuntzarako erraztasuna daukat, gitarrearen birtuoso bat izan beharrean. Ahalegintzen naz ahalik eta kantarik atseginenak egiten, sarritan sinpletxuak izaten diran arren, konplikazino handi bakoak.


12.- Musika moldaketetan, hain zuzen, Iban Gurrutxagaren laguntzinoa izan dozu. Zer aportau dau berak?

Nik sortzen dodana apaindu egiten dau. Nik gitarra akustikoagaz sortzen dot melodia eta sortutako hori jantzi egiten dau berak gero. Bera bai, ikasketadun musikaria da, gitarra ikasketak egin ditu eta badakiz gauza asko harmonia, nota eta doinu kontuez. Ni autodidaktagoa naz. Nik konposatu egiten dot eta berak konpondu egiten dau nirea, alkar ondo ulertzen dogu eta kantetan ondo nabari da hori.


13.- Disko hau autoprodukzino totala izan dala dinozu. Zer esan nahi dau horrek?

Alde batetik, kantuak sortzeko orduan, hasikeratik amaitu arte, prozesu guztia neure ardurapean hartu dot. Diskoa grabetako unean estudioan egon naz ordu guzti-guztietan, baita teknikari lana egiten be momenturen baten. Diskoaren azala eta barruko diseinua nire idea baten oinarrituta dagoz, nik ez dot montajea egin baina abiapuntua nire idea hori izan da. Argazkien kontuan be ekarpena egin dot. Ganera, autoprodukzinoa da, diskoetxe barik argitaratu dot lan hau eta bideoklipa egiteko orduan be, zuzendari eta produkzino lanean neu ibili naz. Ia guztia neuk egin dodanez, autoekoizpen totala dala dinot.


14.- Orain diskoa zuzenean aurkezteko ordua da. Lehenik eta behin, jaioterrian, Berrizen, joko dozu urriaren 1ean. Urduri zagoz?

Tensino puntu bat badaukat, morapiloa igarten dot tripan. 2014an bi edo hiru kontzertu emon nebazan, nahiko intimoak, eta harrezkero ez dot kontzerturik emon, urte bi eta erdi dira. Egia esan, tensinoa eta urduritasun apur bat badaukat. Lan barria da, herrian joko dot... ikusiko dogu zelan doan baina ilusinoa eta itxaropen ona daukadaz.


15.- Diskoak eta laster hasiko dozun zuzenekoen zikloak baieztau egiten dau Etxe bueltan dala. Itzulera honetan zeintzuk dira zure asmoak?

Gabonen aurretik agendea apur bat gehiago bete nahi dot, ia kontzertu batzuk lotzen dodazan. Hurrengo urtean kontzertuak emon eta emon ibili nahi dot, egoerea gatxa dan arren, gero eta jente gitxiago joaten da kontzertuetara. Martxa horretan, apurka-apurka hasiko dira kanta barriak sortzen baina orain disko hau ahalik eta urrunen eroan nahi dot. Nik disfrutau egin nahi dot, ze aurreko urteetan ezin izan dot. Eta, batez be, gauza bat nahi dot: Nire etxeko txikiek aita ikusi daiela eszenatokiaren ganean.
 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu