Bizirik dagoala erakutsi nahi dau Etxek disko barrian

Dabi Piedra 2016-09-22 13:48   Musikea

Bost urtez musikea albo batera itxita euki dau baina bueltan da Iñaki Etxezarraga, Etxe. Bizi diskoan, azkenaldion pasau jakozan gauza on eta txarrak batu dituala dino.

Iñaki Etxezarraga, Etxe, diskoaren ganeko azalpenak emoten | Ikusi handiago | Argazki originala

Une gogorrak bizi izan ditu Etxe berriztarrak eta musikea behin betiko itxi nahi izan eban. Aurreko managerragaz eukan hartu-emona ez zan ondo amaitu eta, ganera, bizitzeak kolpe latza jo eutsan: Anaia Zigor hil egin zan 2009an eta horrek lur jota itxi eban Etxe. Azkenaldion, baina, musikearen mundura bueltetako gogoa berreskuratu dau eta barru-barrutik urtendako diskoa izan da emoitzea.

Kanten gaiak ez eze, diskoaren produkzinoa be bere-berea dau Etxek, autoekoizpenera jo dau eta. Autoprodukzino totala izan da, dino berriztarrak. Izan be, estudioan, bideoak grabetako orduan eta abar, bera ibili da lanean. Hori bai, Iban Gurrutxagak gitarrarako egin deutsazan konponketak be aitagarriak dira. Gurrutxagaren alboan jo ahal izateagaitik pozik agertu da Etxe.

Disko hau neurea da eta neuretzako egin dot, adierazo dau Etxek, gero, beste batzuek disfrutetan badabe, hobeto. Izan be, Seiurte taldearen bersinoa dan Bi mila hitz izan ezik, Bizi-ko kanta guztiak Etxek sortutakoak dira. Disko honetan nire bizitzea dago, azken hamar urteotan pasau jatan guztia sartu dot, modu metaforiko baten, dino berriztarrak.

Eta gauza asko pasau jakoz hamar urteotan Iñaki Etxezarragari. Batetik, Zigor anaiea hil zan eta, bestetik, ezkondu eta seme bikotx bi izan ditu. Ganera, El Conquistador del Fin del Mundo saioan ibili zan lehiatzen. Managerragaz izandako ezinikusiak be eragin eutsan: Ilusinoa galdu eta ia urtebetez ez eban gitarrea behin be jo.

Emazteak Su Ta Gar taldearen disko bat erregalau eutsanean aldatu zan Etxeren aldartea. Ezin nebala musikea holan itxi ikusi neban, egun horretan bertan barriro hartu neban gitarrea, hautsez beteta egoan!, gogoratu dau. Aitor Gorosabel Su Ta Garreko kideak, hain zuzen, Bizitzaren musika singlean lagundu deutso. Ganera, dino emazteak eta umeek indarra emon deutsiela aurrera egiteko. Orain dala 11 urte hasi nintzan musikan eta orduko ilusinoagaz nabil, adierazo dau, bizirik nago, disko honegaz argia ikusi dot.

Diskoak sinbolismo handia gordeten dau. Batetik, izenburua bera, Bizi, bizitzeko dei bat da, baina gehiago be bada. Bi, ume bi ditualako eta Zi, anaia Zigorren omenez, horreek silaba biak dagoz. Azalean agiri diran umeak dira, hain zuzen, Etxeren seme bikotxak. Ganera, irailaren 23an ipiniko dau diskoa salgai. 2009ko irailaren 23an hil jakon anaiea eta 2014ko irailaren 23an jaio ziran seme bikotxak. Diskoko kanta baten izena be bada Irailak 23.

Urriaren 1ean Berriz jaioterriko Mikel Deunaren ermitan joko dau Etxek, lan barria aurkezteko kontzertuan. Ondoren, urriaren 6an Bilboko Kafe Antzokian izango da eta 20an, Donostiako Dokan. Hil horren 28an, Amurrioko Burubion joko dau. Zemendian, 4an Durangoko Plateruenan eta 11n Tolosako Bonberenean ditu hitzorduak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu