Gisèle Felli Gorritxo: 'Bilboko jai eredua ez litzateke existiduko konparsarik ez balego'
2016-08-19 13:06 BarriketanBilboko Aste Nagusiko txupinerea
Komantxe konparsako Gisèle Felli Gorritxo izango da aurten Arriagako balkoitik txupina botetako arduraduna. Aste Nagusia barru-barrutik bizitzea gustuko dau Felli Gorritxok, batez be konparsek Arenalean sortzen daben giroa. Komantxe sortu zanetik da bertako kidea, 2008tik. Aurten izango dituan ardurei esker, Arenaletik kanpoko beste jarduera batzuk ezagutzeko aukerea izango dauela dino eta txupinera izatearen erantzunkizunak ez dauela urduri ipini ziurtatu dau.
1.- Aste Nagusiko txupinerea zara, ez da erantzunkizun makala. Urduri zagoz?
Ba ez nago oso urduri, ez. Lasai nago, nire konparsakoen eta Bilboko Konparsen babesa daukadalako, azken finean eurek aukeratuta nago ni hemen. Horregaitik, lasai nago. Ikusi beharko dogu txupinaren unean gauza bera esaterik dodan. Pentsetan neban, beharbada, txupinerearen jantzia lehenengoz janztean sentiduko nebala urduritasuna, baina oraingoz ez dot holakorik igarri. Amaren etxean daukat jantzia, armairuan, egunero ikusten dot.
2.- Aurten Komantxe konparseari egokitu jako txupinerea aukeratzea, urte batzuk itxaron eta gero. Zelan hartu dozue hori konparsan?
Poztasunez bizi izan dogu. Nik neuk modu desbardin baten biziko dodaz jaiak, hori ziur. Baina konparsakideen artean be badago sensazino bat, aurtengo Aste Nagusia desbardina izango dala. Alde horretatik, gustura eta gogoz gagoz.
3.- Konparsakideek zeu aukeratu zaitue txupinera izateko. Zelakoa izan zan aukeratze prozesua?
Gure konparsearen txandea zala jakin genduanean, geure burua aurkeztu genduan batzuok, arrazoi batzuk emonda. Beste konparsa batzuetan zelan egin daben ez dakit, baina gurean ez da egon bozketarik. Erespide batzuk bete behar zirala jakinda (adibidez, euskeraz jakitea edo bakotxak konparsan dauen inplikazinoa), patxadaz eztabaidatu genduan eta hautagai aproposa zein zan ikusten joan ginan, modu lasaian. Gure artean berba eginda, modu patxadatsu baten urten zan.
4.- Bederatzi egunez, gau eta egun ibiliko zara alde batetik bestera. Zelan ikusten dozu zeure burua horri aurre egiteko?
Espero dot oso ondo pasetea. Badakit aukerea izango dodala ezagutzen ez nebazan gauza batzuk ezagutzeko, konparsen barruan zein Aste Nagusian orokorrean. Azken finean, konparsa bakotxak bere sekretutxuak gordeten ditu eta horreek ezagutzeko aukerea izango dot aurten. Baina Bilboko Aste Nagusia ez da Areatzako giroa bakarrik, hori beharbada ikusgarriena izan arren. Bilbo osoa da Aste Nagusiko jai giroaren parte eta beste eremu batzuk ezagutu ahal izango dodaz. Orduan, gogotsu nago, etorri behar dan guztiaren zain. Ez dot pentsetan nora joan nahi dodan edo nondik nora ibiliko nazan, jaiak eroango nau behar dan lekura, eta ia zer moduz.
5.- Alboan Patxo Telleria pregoilaria izango dozu, zelan konpontzen zarie alkarregaz?
Nik uste dot ederto baten konponduko garela. Bere lanbideagaitik, Patxok badauka teatrero izakera hori, badauka sen hori. Neuk be badaukat sen hori, aspaldi entrenau ez dodan arren eta, orduan, alkarregaz ondo ibiliko gara.
6.- Mezu garbi bat zabaldu dozue aurtengo Aste Nagusian, errespetuaren aldekoa eta erasoen kontrakoa.
Bai, zoritxarrez gure inguruan ikusten dogu hor dagoan arazo bat dala. Niri gustauko litzakit honelako mezuak bialtzeko beharrik ez izatea baina ez dot uste aurten desbardina izango danik. Jai Batzordean, horregaitik, sendo agertzeko aukerea egin dogu. Jaiak disfrutetako dira eta norbere gozamena besteen gozamenaren ganetik ipintea albo batera itxi behar dogu. Ulertu behar da, guztion askatasunak egiten gaituela askeago, ez bakotxak bere askatasuna mugara eroateak.
Jenteari esan nahi deutsagu, errespetuzko jarrereagaz etorri ezkero, danak beso zabalik hartuko doguzala. Batzuetan pentsetan dogu, jaietara kanpoko jentea etorten dalako pasetan dirala erasoak, baina hori ez da zuzena. Bilbotarrei eta kanpotarrei, danei zabaltzen jake errespetuaren aldeko mezua.
7.- Zer da Aste Nagusitik gustukoen dozuna?
Konparsakide izanda, Arenaleko giroa da gehien gustetan jatana. Hor batzen da urte guztian bakotxak bere konparsan egindako lana. Aurretik egindako lan guztia ezagututa, disfutetako tartea izaten da. Hor ikusten da Bilboko konparsak askotarikoak dirala. Hainbat jarduera klase dagoz, jaiak ez dira bakarrik kontzertuak antolatzea. Tailerrak, erakusketak, jatekoa, kirola... egoten dira. Niretzat, jarduera erakargarrienak kirolari lotutakoak izaten dira. Adibidez, Askapeñaren Eskalada Bilbotarra, edo Altxa Porruko kukañea be bai. Piraguetara aurkezteko aukerea izan dodanean be, ez dot huts egin. Aurten ezin izango dot parte hartu, baina ia behinik behin hara joateko aukerea dogun, piraguista guztiak animau eta txalotzeko.
8.- Zergatik dira konparsak funtsezkoak Aste Nagusian?
Bilbon daukagun jai ereduagaz lotzen ditu jente askok. Bilboko jai eredua ez litzateke existiduko konparsarik ez balego. Esaten dogunean jai herrikoiak eta askotarikoak dirala, gogoan izan behar dogu hori bermatu egiten dala konparsen bidez. Guztiok disfrutetako jaiak izan daitezan, apustu sendoa egiten dabe konparsek eta jenteak badaki hori baloretan, konparsakide izan zein ez.
9.- Zergatik erabagi zenduan koparsakide izatea eta Komantxeko kide izatea?
Komantxe sortu aurretik, nik txandak egiten nebazan beste txosna batzuetan. Beti euki dot jaiak konparsetan bizi izateko jokera hori. Komantxe okupazino mobimentuaren inguruan sortutako konparsea da eta aurretik ni giro horretan ibilten nintzan. Gazte asanblada bateko kide nintzan eta bestelako proiektu autogestionadu batzuetan be parte hartzen neban, eta parte hartzen dot oraindino. 2008a baino lehentxuago hasi ginan eztabaidatzen konparsea sortzeko aukerea eta ni momentu horretan sartu nintzan. Ni okupazino mobimentu horretan horren sartuta egonda, zelan ez nintzan izango konparsa barriko kide! Hasikeratik egon naz Komantxen.
10.- Zeintzuk dira Komantxeren ezaugarriak?
Jakina, esan dodan moduan, oso lotuta dago Bilboko okupazino mobimentuagaz eta autogestinoari lotuta sortzen diran proiektu edo aldarriakaz. Konparsearen helburuetako bat da holako proiektuetan parte hartzen dauen jentearentzako topaleku izatea, danek alkar ezagutzeko aukerea izan daien. Txandak egiten, adibidez, konparsakideok egoten gara, baina Bizkaiko beste gazte asanblada eta gaztetxe askotako kideak be etorten dira eta horrek aukerea emoten dau alkar ezagutzeko.
Antolakuntzeari jagokonez, gazte asanbladetatik hartutako jokabidea dogu: Gauzak erabagitzeko eta preparetako orduan, gure funtzionamendua asanblearioa da eta guzti horren islada da konparsako giroa eta antolatzen dogun programazinoa.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!