Patxo Telleria: ' Forma aldetik, pregoiari balore gehigarri bat emon nahi deutsat'

Dabi Piedra 2016-08-16 08:11   Barriketan

Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria

Arte eszenikoen eta zinemearen munduan urte asko daroaz Patxo Telleriak lanean. Gidoiak idaztea eta filmak zuzentzea da bere zeregin nagusia, baina euskal publikoaren artean aktore izateagaitik be bada ezaguna. Mikel Martinezegaz Ez Dok Hiru Bikoteatro taldearen partaide da, besteak beste.

Bilboko Aste Nagusiko pregoilari izentau dabe Telleria aurten. Abuztuaren 20an botako dau pregoia, Arriaga antzokiko balkoitik, jaien hasikerako ekitaldian. Erantzunkizun hori esker onez hartu dauela dino, baina bederatzi eguneko erritmoari eutsi ahal izango deutsan ez daki.

 

1.- Jai Batzordeak dino aho batez hartu dauela zu pregoilari izateko erabagia. Zuk zelan hartu dozu izendapena?

Hasikera baten, harriduraz, ez dodalako neure burua irudikatzen holako egoera baten, sekula be ez jat burutik pasau pregoilariaren zeregin horretan egotea. Gero, esker ona sentidu neban, eskertzekoa da jentea nigaz akordau izana, egindako lana aintzat hartu izana. Azken finean, horregaitik esan dot baietz, badakit ardura handia dala, oso lanpetuta egongo nazala jaietan, baina baiezkoa emon dot, esker onagaitik.


2.- Nekagarria eta, era berean, pozgarria da pregoilariaren lana. Zenbaterainoko ardurea izango da zuretzat?

Kargu sinboliko bat da, baina jaietako ikono bat be izango naz. Ondo egoten jakin behar da, ohore horri eusteko erantzunkizuna izango dodala uste dot. Ganorabakokeriarik ezin izango dot egin!


3.- Bederatzi eguneko jaiari eutsiko deutsazula uste dozu?

Idearik ez daukat, egia esan. Urte asko daroat gaztea izaten, hau da, ez naz hasikerako gazte-gazte ha. Jaietan parrandea egiten dodanean kostau egiten jat errekuperetea. Kasu honetan ez naz parrandan ibiliko, parrandearen inguruan baino, eta ez dakit eutsiko deutsadan, ez dodalako inoz neure gorputza holako erronka baten ipini.


4.- Ganera, pregoilariaren jantzia jaka lodi hori bat eta kapela handia dira. Hori ez da erosoa izango...

Ez da erosoa, ez. Ez da udarako janzkera aproposena. Baina jai baten inportantea da erritu hori mantentzea, itxura bereziari eustea.


5.- Alboan Gisèle Felli Gorritxo izango dozu, txupinerea. Zelan konponduko zarie alkarregaz?

Espero dot hartu-emon ona izango dogula. Gitxi ezagutzen dogu alkar oraindino, pare bat aldiz baino ez naz beragaz egon, baina oso neska argia, bizia eta atsegina begitandu jat. Ez dot uste alkarregaz ondo konpontzeko arazorik izango dogunik.


6.- Aurten zeregin berezia izango dozu. Beste urte batzuetan zelan bizi izaten dozu Aste Nagusia?

Aste Nagusia ia hasikeratik bizi izan dot, hasikerako urteetan ganera, nire urterik onenak izan ziran, edadeari begiratuta: 17, 18 urte, 25 urtera arte. Gaua bizi neban batez be, giro hori ezagutzen dozu. Orain, beste plan batzuk egiten dodaz, seme-alabak daukadaz eta txikiak ziranean jaiaren beste arpegi bat ezagutu neban, ordura arte ezezaguna zan niretzat. Goizekoa, egun argikoa. Egia esan, zoragarria da.


7.- Zeintzuk dira zure jarduera gogokoenak Bilboko Aste Nagusian?

Gaur egun, eguerdi partean Alde Zaharrera joatea gustuko dot, erraldoiak ikusi, kale antzerkia be bai. Kaleko giroa bizi eta pote batzuk hartu. Gero, txosnetara joatea be atsegin dot. Bestetik, asko gustetan jat antzokira joatea.


8.- Antzerkia gustuko dozu, lanbide be bada zuretzat. Pregoia Arriaga antzokitik irakurriko dozun ezkero, etxean modura sentiduko zara...

Arriaga antzokian makina bat aldiz egon naz lanean. Eszenatoki asko ezagutu dodaz nik Arriagan: Agertoki nagusian, gelatxoetan, foyerrean eta beheko sala alternatiboan agertu izan naz. Hau bosgarren lekua izango da, faltau jatana, balkoian!


9.- Zelako pregoia botako dozu?

Pregoiak badauka, berez, protokolo ikutu hori, zeremoniagaz lotutako ezaugarri batzuk. Orduan, nik uste dot edukinaren aldetik, urte batetik besterako mezuen artean ez dagoala alde handirik, ez dot inor ezustean harrapauko. Dana dala, ni ahaleginduko naz formaren aldetik balore gehigarri bat emoten, kasu honetan, nire pregoiaren formeak be esangurea eukiko dau.


10.- Milaka persona egongo dira Arriagako plazatxuan zure pregoia entzuten. Antzerkigintzan dozun eskarmentuak lagunduko deutsu presino horri aurre egiten?

Neurri batean beharbada bai. Pasetan dana da, antzoki baten adi eta isilik dagoan jentea dozula aurrean. Pregoian, ostera, bestelakoa izango da, danak zarataka. Esaten dodana entzuten egongo dira batzuk eta beste batzuek ez dabe kasu handirik egingo.


11.- Aurten pregoilari izateko ohorea emon deutsue. Lehenago be, hainbat sari emon deutsuez zure ibilbide profesionalagaitik. Adibidez, Bilboko Udalak berak omenaldia egin eutsuen igazko Euskerearen Egunean Mikel Martinezi eta zuri. Zelan bizi dozu zuk hori?

Alde batetik, esan nahi dau urte piloa daroadala ofizio honetan. Hau fondoko lasterketea da, gure ofizioan asko dira hasten diranak eta gitxi dira urte askoan irauten dabenak. Alde batetik horren ondorioa da. Gero, lanbide honetan bolada emonkorragoak dagoz, beste batzuetan gordinagoak. Azken urteotakoak emonkorragoak izan dira eta beharbada horregaitik izango da.


12.- Aktoreak, edo arte eszenikoetako jentea, sarri aukeratzen dabe pregoilari izateko Bilbon. Igaz Gurutze Beitia, aurretik Loli Astoreka eta Marivi Bilbao be bai. Badirudi Aste Nagusiaren bultzatzaileen gustukoa dala zuen lan arloa.

Bai, egia da. Egia da, halandabe, nik ez dodala neure burua aktoretzat joten. Jakina, aktore lan asko egiten dodaz, baina batez be teatroaren eta zinemearen arloko idazlea naz, holan ikusten dot neure burua. Datorren urtean Donostiako Zinemaldian estreinauko dogu nik idatzitako hirugarren pelikulea. Esan nahi dot, aktorea be banaz, baina ez aktore bakarrik. Baten batek galdetu ezkero, ez neuke aktorea naz esango, esango neuke arte eszenikoetako eta zinemako idazle nazala.


13.- Hain zuzen be, zure alderdi profesionalaz galdetuko deutsut amaitzeko. Nondik nora zabilz gaur egun?

Uda gau bateko ametsa antzezlanean parte hartu dot, Donostia 2016ren eskutik, dramaturgiaz eta itzulpenaz arduratu naz. Ganera, aurten estreinau dogu Zergatik Jamil?, erderaz eta euskeraz. Arriagako Gelatxuetan Alde Zaharreko maitaleak estreinau dogu, nik idatzitakoa hori be bai. Irailean, esan dodan legez, Igelak filma estreinauko dogu Donostiako Zinemaldian eta beste antzezlan bat idatzi dot Vaiven konpainiarentzat, Azken trena Treblinkara izenekoa. Momentu honetan, Ez Dok Hiru konpainiaren, Mikel Martinezen eta bion taldearen, lan barria preparetan nabil.


14.- Zeregina badozu, orduan.

Bai, egia esan aurreko urtean larregizko lana izan neban, lan karga handia. Une batzuetan hiru gauza batera neukazan esku artean. Aurten lasaiago nabil, ze aitatu dodazan proiektu horreek guztiak eginda dagoz, estreinaldiak baino ez dira falta, lan gatxena amaituta daukat. Ez Dok Hirurenagaz nabil orain, zorionez gauza bakar hori daukat esku artean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu