Atxurrako kobazuloaren inguruko berbaldia antolatu dau Arkeologi Museoak

Bizkaie! 2016-08-08 12:08   Kulturea

Abuztuaren 9an, martitzena, izango da. Atxurrako historiaurreko margoak topau dituan taldeko arkeologo Diego Garatek egingo dau berba.

Diego Garate arkeologoak emongo dau berbaldia | Ikusi handiago | Argazki originala

Berriatuko lurretan dago Atxurrako kobazuloa. Aspalditik ezaguna da, baina aurten egindako aurkikuntzek Bizkaiko arkeologiaren eremu baliotsuenetako bat bihurtu dabe. Izan be, orain dala 14.000 urteko hainbat irudi agertu dira.

Santimamiñeko kobazuloa topau zanetik, Bizkaian egin dan era horretako aurkikuntza arkeologikorik garrantzitsuena izan da Atxurrakoa. Bertan topautako grabaduak eta piinturak zelakoak diran eta zergaitik diran horren baliotsuak azalduko dau Diego Garatek martitzeneko berbaldian. Batetik, sasoi haretako gizakien bizimoduaren inguruko datuak emongo ditu eta, bestetik, kobazuloaren alderik sakonenera margozten eta grabaduak egiten sartu ziran antxinako artisten ganean be berba egingo dau, haraino zerk bultzatu zituan azaldu guran.

Bilboko Arkeologi Museoan izango da berbaldia, 19:00etan. Doban sartu ahal izango da, leku guztiak bete arte. Diego Garatek emongo ditu azalpenak. ADES taldeko espeleologoek lagunduta, Garate eta bere kideak ibili dira Atxurrako hormak aztertzen, 2014tik.

Igaz etaaurten egindako bisitaldietan, Garateren lantaldeak historiaurreko irudi ugari topau ditu: Bisonteak eta zaldiak batez be. Gitxi gorabehera, Santimamiñeko kobazuloan agertutako irudien sasoikoak dira. Atxurran Santimamiñen baino grabadu eta margo gehiago agertu dira, alde horretatik Euskal Herriko kobazulorik aberatsenetako bat da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu