Diego Garate: 'Kobazuloan sartu ginanean ez geunkan ezer topetako esperantzarik'

Dabi Piedra 2016-05-30 09:47   Barriketan

Arkeologoa. Paleolitoko artea topau eban Atxurrako kobazuloan

Atxurrako kobazuloan, Berriatuko lurretan, Paleolito sasoiko altxorra agertu da: Orain dala 14.000 urte inguru egindako 70 marrazki topau ditue. Hatxean grabautako eta ikatzez marraztutako animalien irudiak dira, batez be bisonteak eta zaldiak. Bizkaian, Paleolitoko irudi gehien daukazan kobazuloa da Atxurrakoa, Santimamiñen baino gehiago dagoz. Diego Garate arkeologoa da Historiaurreko santutegi hori topau eban taldeko arduradunetako bat eta, orain, Atxurrako ondarea aztertzea jagoko. Ganera, oraindino marrazki gehiago agertu leitekezala uste dau, kobazuloko txoko guztiak ez dituelako begiratu.


1.- Zuk zeuk esan izan dozunez, orain dala ehun urte Santimamiñeko altxorrak topau ziranetik, Atxurrakoa da kobazulo baten egindako aurkikuntzarik garrantzitsuena Bizkaian. Zergaitik da horren inportantea?

Ikusten badogu zenbat grabadu dagozan kobazuloan, 70 dira gitxienez, kopuru hori ez da topau Bizkaiko kobazuloetan, ezta Santimamiñen bertan be.


2.- Horrenbeste margo egon badira Atxurrako hormetan, zer dala eta ez dira orain arte topau? Izan be, Atxurrakoa kobazulo ezaguna da aspalditik herritarren eta espeleologoen artean.

Kobazuloa 19. mendearen amaieran identifikau eben eta 20. mendetik jente asko sartu izan da kobazuloan. Gu geu be, behin baino gehiagotan egon gara barruan. Baina inor ez da konturatu, orain arte, horreek grabaduak hor dagozala. Arrazoi nagusia da, plataformen ganean dagozala, beheganetik hiru-lau metrora. Orduan, ezkutuan mantenidu dira, jentea azpitik pasetan izan da, baina plataformetara igon ezean ez dago grabaduak ikusterik.


3.- Ganera, oker ez banago, marrazkiak eurak be lausotuta edo ia borrauta dagoz, ezta?

Bai, kontuan izan behar dogu grabaduak dirala, ez dirala margoak. Ez dagoz gorriz edo baltzez eginda, sukarri bategaz horman eginda dagoz. 14.000 urte pasau eta gero, hasikerako kolore zuria galdu dabe eta hormearen kolorea hartu. Hautsa eta buztina pilotu da ganean eta ondo ikustea gatxa da. Margo apur bat be badago marrazki batzuetan, ikatzez egindakoa, baina ikatza ez da ondo konserbetan. Ikatzez egindako irudiak oso galduta dagoz.


4.- Ekialdera, Pirinioetan, eta mendebaldera, Asturias eta Kantabria aldean, margoak agertu dira kobazulo askotan, eta Euskal Herrian bertan be bai. Testuingu orokor horren barruan, non kokatzen da Atxurrakoa?

Pisu nabarmena dauka Atxurrak. Euskal Herrian adibidez, Gipuzkoako Altxerrin animalien ehun irudi dagoz, Nafarroa Behereko Erberuan 80 inguru. Hurrengoa, kopuru aldetik, Atxurra da. Momentuz 70 irudi topau doguz, baina lau bisita baino ez doguz egin eta ikerketea amaitu barik dago, seguruenez askoz gehiago egongo dira. Orduan, kopuruari begiratuta, informazino izugarria dogu hor, hobeto jakiteko Pirinioetako eta Kantauri mendilerroko biztaleen arteko kontaktuak eta migrazinoak zelakoak izan ziran.


5.-Grabaduak eta ikatzez egindako marrazkiak agertu dira Atxurran. Zeintzuk dira ezaugarri orokorrak?

Animalia nagusia bisontea da, duda barik, Altxerrin pasetan dan legez. Zaldiak be ugari agertzen dira. Gero, badagoz beste animalia batzuen irudiak: Ahuntza, oreina, zezen basatia... alde horretatik, kobazulo pirenaikoa dala esan geinke, Pirinioetako kobazuloetako artearen eragin handia igarten da Atxurran. Bestetik, beste ezaugarri deigarri bat da, leku arriskutsuetan, heltzen gatxak diranetan, margoztutako irudiak dirala. Ezkutuan dago arte hau, ez da egin giza-talde haretako jente guztiak ikusteko, persona zehatz batzuek baino. Ganera, marrazkiak bata bestearen ganean dagoz eta gatxa da animaliak alkarrengandik bereiztea.


6.- Animaliak bata bestearen ganean egotearena, zergatik da? Sasoi desbardinetan egindako irudiak dira ala beste arrazoiren bat dago?

Gatxa da jakiten, baina ez da Atxurran bakarrik pasetan, kobazulo askotan halakoak ikusten dira. Irudi bat egin eta, ganean, beste bat egiten eben gero. Pentsetan dot, orduko gizaki hareentzat, garrantzitsuena ez zala irudi hori etorkizunerako han geratzea edo marrazkia garbi ikustea, ha ez zan museo bat. Uste dot erritual baten parte zala, ehiza ona lortzeko edo holako zeozertarako eta animaliak bata bestearen ganean agertzeko arrazoia hori dala.


7.- Orain arte agertutako figurarik bereziena, ia hogei gezi gorputzean sartuta daukazan bisontearen marrazkia da. Zergaitik da garrantzitsua irudi hori arkeologoentzat?

Kontua da, Paleolito garaiko artean ikusi izan doguzala animalia ehizatuak eta gezi edo jaurtikari punta bat edo bi eukiten dabe gorputzean, hiru gehienez, marraztuta. Kasu honetan, hemeretzi gezi daukaz, animalia guztia barrutik geziz beteta agiri da. Horrek esan nahi dau ehizearen une hori irudikatzeko nahia euki ebela momentu haretan. Bisonte hori harrapau eben eta, ganera, ondo ehizatu ebela emoten dau, ze ez dira hemeretzi gezi behar bisonte bat hilteko. Ehizatutako bisonteak marrazten ziran, gero, benetako ehizarako ordua heltzen zanean, suberte hobea eukiteko, magia sinpatikoa esaten jakona da hori. Bisonte hori errelato bat da, zeozer kontetan dau, ez dakigu ondo zer, baina badakigu bisonteak ehizatzeagaz lotuta dagoala.


8.- Marrazkiak agertu diran lekua ez dago oso zapalduta eta egin ziraneko tresnak be agertu dira. Horrek ze laguntzino emoten dau?

Informazino handia da, ze leku batzuetan beheganea ez da larregi aldatu eta hor ikusten dira sukarriak, ikatz zatiak eta abar. Seguruenez hori marrazkiak egiteko erabili zan, analisiak egin behar dira seguru jakiteko. Ikatza noizkoa dan zehaztu daiteke, marrazkien data zehatza eukiteko. Marrazkiak noz eta zelan egin ziran jakiteko baliabide ona da material hori.


9.- Grabaduak eta pìnturak dagozan lekura heltzea ez da erraza: Pasabide estuak dagoz eta leku batzuetan arrastaka pasau behar da. Paleolitoan be holako gatxa zan hara heltzea ala denporeagaz aldatu egin da kobazuloa?

Emoten dau holakoa zala, ez dala askorik aldatu. Sarreratik 300 metrora dago marrazkien gunea. Leku gogor eta arriskutsu bat aukeratu eben. Ganera, gaur egun, material espeleologikoa daukagu, material aurreratua, izugarrizko linternak. Hareek beste baldintza batzuetan egiten eben lan, ikusgarria da jakitea zelan ibilten ziran kobazuloetatik.


10.- Zuek ADES espeleologia taldearen laguntzinoa euki dozue kobazuloan ibilteko. Zenbateraino lagundu deutsue?

Laguntzino handia izan da. Kobazuloak ikertzeko eta barrutik ondo aztertzeko, arkeologook garbi daukagu espeleologoen laguntzinoa behar dogula. ADESekoak Urdaibai eta Lea-Artibai inguruan ibilten dira eta hareekaz badogu kolaborazinorako akordio bat, bion artean egiten dogu lan eta Atxurrakoa be eurakaz batera egindako lorpena da.


11.- Margolanak lehenengoz topau ziranean, ADESeko Iñaki Intxaurbe eta zu zeu egon zinien. Zelakoa izan zan momentu ha?

Hunkigarria izan zan. Egia esan, kobazuloan sartu ginanean ez geunkan ezer topetako esperantzarik. Horren kobazulo famatua danez eta horrenbeste persona egon diranez barruan, ez genduan pentsetan ezer egongo zanik. Barrura sartu ginan, batez be, konfirmetako ez egoala ezer. Eta, bapatean, hormak begiratzen gengozala, Iñaki goiko alde batetik hasi zan oihuka, niri deika. Joan nintzan eta bisonteak ikusten hasi ginan. Urduri jarri ginan, lehenengo ondo begiratu genduan, ziurtetako Paleolitoko marrazkiak zirala. Eta bai, kaltzita koladak eta hautsa egozan marrazkiaren ganean, denporeagaz baino ezin dana hor agertu eta estiloa be Paleolitokoa zan. Konturatu ginan benetako grabaduak zirala. Hasi ginan bakotxa leku batetik begira eta bisonteak, zaldiak... topetan joan ginan.

Beste taldekideak kanpoan egozan eta, urteterakoan, ahalegindu ginan topautakoa ez esaten, batzuei bakarrik kontau geuntsan. Ze kobazuloa zabalik egoan eta jente gehiegik jakiterik ez genduan nahi.


12.- Aurkikuntza handia da Atxurrakoa, baina zuk dinozu ez dala kasualidadea izan.

Hori da, guk badaroaguz urte batzuk, hamar inguru, asteburu guztietan kobazuloetara joaten prospekzinoak egiten. 2011n Mañariako Askondoko kobazuloan aurkikuntzak egin genduzan, 2012an Lekeitioko Lumentzan, Gipuzkoan be ibilita gagoz. Lan sistematiko baten emoitzea da Atxurrakoa, ez kasualidadearena. Lan fina egiten dozunean, etekinak heldu egiten dira. Eta hau da saririk handiena, ze Askondo, Lumentza eta abar aurkikuntza apalgoak izan ziran. Atxurrakoa santutegi handi bat da.


13.- Hurrengo hiru urteotan plangintza berezi bat martxan ipiniko dozue, Atxurrako arte paleolitikoa aztertzeko. Behin marrazkiak agertuta, zelako lana dator orain?

Kobazuloaren azken zatia ez dogu bisitau, orduan lan izugarria dogu aurretik. Horma guztiak eta plataforma guztiak ondo begiratu behar dira, kalkoak eta argazkiak egin, dana dokumentau. Andamioak be ipiniko doguz, ze errepisa batzuetara heltzea ez da erosoa, oso estuak dira. Alde logistikotik erronka handia da. Hiru-lau urtean amaitzea espero dogu.


14.- Zuk ze esperantza daukazu hemendik aurrerako lanak emongo dauenaren ganean?

Nik espero dot gitxienez ehun marrazki topetea guztira, edo gehiago. Testuinguru arkeologikoa oso garrantzitsua da niretzat, giltzarriak topau nahi dodaz, prozesu artistikoa hobeto ulertzeko, kronologia zehazteko... Kobazuloa kontestuan jarri beharko dogu, Pirinioetako arteagaz konparau, Kantabriakoakaz eta abar.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu