Balio handiko Paleolitoko pinturak topau ditue Atxurrako kobazuloan

Dabi Piedra 2016-05-24 12:59   Kulturea

Orain dala 14.000 urteko 70 marrazki inguru topau ditue orain arte eta, alde horretatik, Euskal Herriko kobazulorik aberatsenetako bat da Atxurra, Berriatuko udalerrian. Irudi batzuek balio arkeologiko itzela daukie eta, horregaitik, Diego Garate arkeologoak adierazo dau, Santimamiñe topau zanetik ez dala antzeko aurkikuntzarik egin Bizkaian. Margolanak ezin izango dira bisitau, hango ondarea babesteko.

Diego Garate, Atxurran, Paleolitoko marrazkiei begira | Ikusi handiago | Argazki originala

Aspalditik da ezaguna Atxurrako kobazuloa inguruko herritarren artean. Berriatuko lurretan dago, Milloitik Oletara bajatzen dan errepidearen albo-alboan. Joxemiel Barandiaranek egin zituan lehenengo indusketak 1920ko hamarkadan, baina pinturarik ez eban topau. Orain dala urte bi, baina, Diego Garate eta Joseba Rios arkeologoen lantaldea sartu zan eta, ADES espeleologia taldekoakaz alkarlanean, Paleolitoko marrazki ugari topau ditue.

Guztira, marrazkidun 14 panel topau ditue kobazuloko hormetan. Animalien 70 figura inguru dagoz, batzuk alkarren ganean. Bisonteak, zaldiak eta abar ikusi ditue. Ikatzez margoztutako irudiak zein harrian bertan eginiko grabaduak dira eta, denporearen erruz, ikusten gatxak dira. Orain dala 12.000 eta 14.000 urte bitartekoak dirala kalkulau dabe, Santimamiñekoen garai berekoak.

Euskal Herriko eta Kantauri aldeko kobazuloen artean, punta-puntakoa da hau, azaldu dau Diego Garate arkeologoak. Oraindino azterlan sakonagoak egitea falta dan arren, Euskal Herrian margolan gehien daukiezan kobazuloen artean hirugarrena da, Altxerrikoaren eta Erberuakoaren atzetik. Bizkaian, Paleolitoko artearen holako ondarerik daukan beste kobazulorik ez dago. Paleolitoko artearen Txapeldunen Ligan dago Atxurra.

Esate baterako, hogei gezi inguru gorputzean sartuta daukazan bisontearen irudia bakarra da Europan. Bi edo hiru gezi daukiezan animaliak agertu izan dira baina hogei daukiezanak ez.

Ikutu bako inguru baten dagoz margolanak, azaldu dau Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputaduak. Oso jente gitxi pasau da handik, espeleologo batzuk baino ez, eta bestelako mobimentu naturalik be ez da egon. Ondorioz, marrazteko erabilitako tresnak be agertu dira beheganean.

Gizakiak ia ez dau eragin marrazkietan, oso leku ezkutuan dagozalako. Garatek azaldu dauenez, 1,5 kilometroko kobazuloa da Atxurra, pasabide estu ugariduna, eta marrazkiak plataforma altuetan dagoz, lurretik metro batzuetara, bistatik aparte eta sarbide gatxeko hormetan. ADES espeleologia taldearen lana ezinbestekoa izan da aurkikuntzarako.

Hortaz, jenteak ezin izango dau kobazuloa bisitau, adituak baino ezin izango dira sartu. Ondarea babesteko modua be bada hori, balio izugarriko marrazkiak diralako. Lorea Bilbaok agindu dau, pinturen 3D kopiak egingo dituela, jenteak disfrutau daiazan. Adituentzat zein herritarrentzat interesgarria da bertan topautakoa, dino Bilbaok.

Paleolitoko marrazkiak topau zitueneko momentua azaldu dabe Diego Garatek eta ADESeko Iñaki Intxaurbek: Emozinoz oihuka hasi nintzan eta Diegok ez ekian zer pasetan zan, dino Intxaurbek, nigana heltzea kostau jakon eta zer zan ikusi gendunean, konturatu ginan ha gauza handia zala. Hasikerako euforiaren ostean, faltsuak ete ziran susmatzen hasi ziran, baina marrazkiak aztertzen hasita, benetakoak zirala ikusi eben. Orain dala ehun urte Santimamiñe topau zanean gertakari historikoa izan zan eta guk bizi izan genduna be holan gogoratuko dogula uste dot, adierazo dau Garatek.

Hau luzerako doa, lan gatxa eta konplexua dalako, azaldu dau Diego Garatek. Hiru urteko plangintzeari ekingo deutsie orain, Atxurrak gordeten dituan Paleolitoko marrazki guztiak topau, identifikau eta aztertzeko. Sekuentzia luzea dago gordeta, 15.000 urtez bizi izan da gizakia hor, dino Garatek. Proiektu bizia da hau, aurkikuntza gehiago agertu leitekez, Lorea Bilbaoren esanetan.

Aurkikuntza hau ez da kasualidadea, hamar urteko lanaren ondorioa da, esan dau Garatek. Izan be, Bizkaiko kobazuloak aztertzeko plangintzea martxan dago eta emoitza bikainak ekarri ditu: Orain dala hamar urte Historiaurreko marrazkidun hiru kobazulo baino ez ziran ezagutzen Bizkaian eta, gaur egun, hamabost inguru dira. Atxurra kobazuloan ateratako irudiak hemen.

Behean, Diego Garate, Iñaki Intxaurbe eta Lorea Bilbao, gezidun bisontea erakusten:

Kobazuloan topautako irudi gehiago be erakutsi ditue:

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu