Borja Ruiz: 'Guretzat, oholtzara testu bat eroatea baino gehiago da antzerkia'

Dabi Piedra 2016-08-08 08:24   Barriketan

Kabia Teatroko sortzailea eta zuzendaria

Kabia Teatro antzerki konpainia 2006an sortu zan Bilbon, asmo garbi bategaz: Antzerkigintzan bide barriak bilatzea, obra bakotxaren alderdi artistikoa ahalik eta gehien lantzea. Gaitzerdi Teatroren ikerkuntza gunea legez aurkezten dabe euren burua. Hamar urte pasau dira eta, hamarkada honetan zailtasunak egon diran arren, sekula baino indartsuago dago Kabiaren proiektua. Efemeridea ospatzeko, Bilboko Pabellon 6 aretoan Decir lluvia y que llueva antzezlana emongo dabe, abuztuaren 18tik 22ra, egunero.

Borja Ruiz izan zan Kabiaren bultzatzaileetako bat eta gaur egun konpainiako zuzendaria da. Haren esanetan, esperientzia ederra izan da Kabian egindako hamar urteotakoa eta aurrera segiduteko gogoz dagoz, bai bera eta baita bere taldekideak be.

 

1.- Kabia Teatrok hamar urteko ibilbidea bete dau dagoeneko. Ze esangura dauka zuentzat urteurren biribil honek?

Zelanbait, ezinezko ames bat horren ezinezkoa ez dala ikusi dogu. Kabia sortu genduanean, antzerki barritzailearen aldeko apustua oso gatxa izango zana bagenkian eta, azkenean, ez da horrenbesterako izan, topau doguzan zaltasunak gainditu doguz. Hamargarren urteurrena, aurrera segiduteko erronkea da batez be, hasikerako desioari eta ilusinoari eusten deutsagu eta guk nahi dogun antzerkia egiten segidu nahi dogu.


2.- Gaitzerdi konpainiaren barruan sortutako egitasmoa izan zan Kabia hasikerako urteetan. Zergaitik ikusi zenduen proiektu barri bat sortzeko beharra?

Aretoko antzerkia egin nahi genduan eta ikerkuntza prozesuak bultzatu, Kabiaren zigiluagaz. Ikuskizun bat behar dan moduan egiteko denporea nahi genduan. Ze, normalean, ikuskizun baterako idea daukazunean, bi edo hiru hilean egiten dira prestakuntza guztiak eta guk denpora gehiago nahi genduan, ikerketa prozesuak egin ahal izateko. Egia da, idea horreen ganean, entrenamendua egin genduala gero, hau da, alde fisikoa, ahotsa, emozinoak... entrenau genduzan. Irakasle ezagunak ekarri genduzan taldea martxan jarten laguntzeko. Entrenamendu horrek, lehen aitatutako denporeagaz eta ikerketarako asmoaz batera, sortu eben gaur egun Kabia dana.


3.- Zuen ezaugarrietako bat esperimentazinoa da, bide barrietatik jotea, ezta?

Beti ahalegintzen gara, gure ikuskizunetan, antzerkiaren inguruko maila guztiak lantzen. Guretzat, oholtzara testu bat eroatea baino gehiago da antzerkia. Testuari garrantzi handia emoten deutsagu, normalean geuk idatzitakoak edo moldatutakoak izaten dira. Baina alde bisuala asko jorratzen dogu, soinuek sortzen daben giroa be bai. Kantuak egoten dira sarritan gure ikuskizunetan. Azken finean, ikusleak jasoten dauen guztia modu sakonean lantzea da gure asmoa, ikus-entzuleen zentzumen guztiak biztuteko, hori da gure ezaugarria. Istorioaren inguruan dagoan guztia, irudiaren eta soinuaren aldetik, asko lantzen dogu.


4.- Euskal antzerkigintzan esperimentazinorako jokerarik badago, ala bakarrik zagoze bide horretan?

Bai, nik uste dot badagozala beste batzuk. Antzerkia egiteko modu desbardinak dagoz. Edozelan be, badagoz antzerki ona egiten daben taldeak eta bide barriak topetako lan handia egiten dabenak. Hor dago Artedrama, esate baterako, eta beste batzuk. Ez gagoz bakarrik honetan, guk geure berezitasunak daukaguz, baina beste batzuk be barritzaileak dira.


5.- 2006an Kabia sortu zenduenetik egoerea asko aldatu da kulturearen alorrean: Krisia etorri zan, gero murrizketak... Horreek traba guztiek gorabeherak eragin deutsuez ala indartsu eutsi deutsazue?

Tira, nik uste antzerkian zabilzanean badakizula gorabeherak izango dozuzana. Oso lanbide ezegonkorra da berez. Urte baten ondo doana, hurrengoan okertu egin leiteke. Horrezaz gan, krisia izan genduan eta horrek eragina izan eban, bai. Guk Euria esan eta euria erortzea sortu genduan, sekulako ikuskizuna zan, bederatzi aktore eta baliabide asko, eta harrezkero gero eta gatxagoa bihurtu da halako ikuskizun handiak oholtzara eroatea. Alde sortzailetik zein taldearen egiturearen aldetik, moldaketak egin behar izan doguz. Sasoi onak eta ez horren onak izan doguz, baina nik uste dot, hamar urteotan egonkorra izan dala gure ibilbidea. Batez be, bilatzen doguzan helburuei begira, horreek bere horretan mantenidu dira.


6.- Orain arte, bost antzezlan aurkeztu dozuez. Hamar urteko epean ez da asko, obra bakotxa detaile handiz lantzen dozuelako. Antzezlanak sortzeko orduan, zer bilatzen dozue?

Ikuskizunaren araberakoa da hori, baina beti maitemindu behar dozu idea bategaz. Esaldi bat izan leiteke, edo material bat, zelanbait maitasun bat sortu behar da. Azken finean istorio bat komunikau nahi dozu eta jentea mobidu eragin, alde emozionaletik. Beti bilatzen dogu txinparta hori. Ikuskizunaren arabera, desbardina da zerk sortzen dauen hori. Adibidez, Hiroshimako arbola izeneko obra bat egin genduan, oso pieza laburra, eta hori sortu zan, bizitzeaganako amodioa transmitidu nahi gendulako. Bere buruaz beste egin nahi dauen persona baten istorioa da. Clown-a modu berezian, Japoniako kantuakaz, landu nahi genduan.

Hurrengo ikuskizuna, 2017an estreinauko doguna, gai bat jorratu nahi dogulako sortuko dogu: Depresinoa hain zuzen. Batzuetan gai bat izaten da obra bat sortzera eroaten gaituena. Rojo al agua lanean, ostera, material bat geunkan buruan, izotza.


7.- Lantaldeari jagokonez, gaur egun zenbat jente dago Kabian?

Hamar gara, Euria esan eta euria erortzea sortu genduaneko taldeari eusten deutsagu. Ni zuzendaria naz eta beste bederatzi aktore be badagoz.


8.- Zelakoa izaten da zuen eguneroko lana?

Ahalegintzen gara modu profesionalean lan egiten, eta errespetuz. Baina, ganera, lagunak gara taldeko guztiok eta horrek asko laguntzen dau. Normala danez, eztabaidak izaten doguz, Kabiaren nondik norakoak pentsetan ibilten gara, era kolektiboan. Seriotasunez hartzen dogu, baina jokua be emoten deutsagu, barre be egiten dogu, bestela ezinezkoa litzateke.


9.- Hamargarren urteurren honetan, Decir lluvia y que llueva antzezlana berreskuratuko dozue. Pabellon 6 aretoan emongo dozue, abuztuaren 18tik 22ra. Zergaitik aukeratu dozue obra hori?

Alde batetik, Kabiaren esentzia ikuskizun horretan dagoalako. Gure lehen lan guztiz kolektiboa da, hau da, orain gagozan taldekide guztien artean egindakoa. Hamar urteak ospatzeko aukera parebakoa emoten dau. Alderdi artistikotik be, lantzen doguzan elementu guztiak dagoz obra horretan: Poesia bisuala, Joseba Sarrionandiaren testuen egokitzapenak, musikea be garrantzitsua da... dana oso landuta dago.


10.- Pabellon 6 proiektuagaz hartu-emon estua daukazue, ezta?

Bai, Pabellon 6 sortu baino lehen, Ramon Barea bultzatzaileak 13 persona batu zituan egitasmo hori aurrera eroateko eta tartean ni neu egon nintzan. Hasikeratik oso hartu-emon estua izan dot proiektuagaz. Ramon Bareak askotan esan izan deusku Euria esan eta euria erortzea han antzeztu behar gendukeela eta desio hori aurten beteko da. Gau arabiarra be Pabellon 6-n estreinau genduan. Hiroshimako arbola be han emon genduan eta publikoaren saria irabazi.


11.- Horrezaz gan, urteurrena ospatzeko beste ekitaldirik egingo dozue?

Bai, pentsetan gabilz eta idea batzuk badagoz. Oraingoz, baina, sorpresa moduan gordeko doguz. Halandabe, hamargarren urteurrenaren ospakizunen une gorena Pabellon 6-ko emonaldiak izango dira, nik uste.


12.- Aurrera begira, zelan dator Kabiaren etorkizuna?

Aurrera segidutea da gure asmoa, ez daukagu aurrera begirako plan finkorik Kabiak zelan funtzionau behar dauen esateko. Guk oraina entzun behar dogu, hau da, zelan gagozan gu, zelan dagoan mundua, gure inguruan zer dagoan eta horregaz ahalik eta antzerkirik onena egiten ahaleginduko gara, gure ideei eutsita. Dagoeneko hurrengo ikuskizuna preparetan gabilz eta egia esango deutsut: Horren ostekoa be buruan darabilgu, eztabaidatzen gabilz. Beraz, ilusinoari eusten deutsagu eta alkarregaz lan egiteko desioa hor dago.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu