'Chichinabo Cabaret' eta 'Decir lluvia y que llueva', Pabellon 6ren proposamenak Aste Nagusirako
2016-08-04 11:50 KultureaAurretik arrakasta handiz estreinautako antzezlan bi dakarz Bilboko Pabellon 6 espazioak. Obra barritzaileak dira biak.
Kabia antzerki laborategiaren produkzinoa da Decir lluvia y que llueva. Euskerazko bersinoa be badauka (Euria esan eta euria erortzea), baina Aste Nagusian erderazkoa emongo dabe. Hamar urte bete ditu Kabiak aurten eta, horregaitik, obra hori berreskuratu nahi izan dabe, taldeko aktore guztiek parte hartzen dabelako.
Joseba Sarrionandiaren testuetan oinarritutako antzezlana da Decir lluvia y que llueva, eta hainbat disziplina artistiko tartekatzen ditu. Formatu handiko obrea da, indartsua alderdi bisualetik.
Kabia Teatroren eta Pabellon 6 espazioaren arteko hartu-emona estua danez, 10. urteurreneko emonaldi bereziak Deustuko Erriberako aretora eroan nahi izan ditu antzerki konpainiak. Bost saio izango dira guztira, abuztuaren 18tik 22ra, egunero 21:30ean.
Bestetik, Chichinabo Cabaret, Pabellon 6n bertan sortutako proiektua da. Igaz estreinau zan ikuskizun mental, alai eta japoniar hau, arrakasta handiz. Gaur egungo gazteek lana lortzeko daukiezan arazoen erretratu ironikoa da obrea, baina badauka jai giroko ikutua be. Musika eta abestiak ikuskizunerako beren-beregi sortuak dira eta zuzenean kantetan dabe aktoreek.
Emonaldiak abuztuaren 25etik 28ra izango dira. Lehenengo egunean, 21:30ean hasiko da eta ganerakoetan, 22:00etan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!