Getxoko, Gasteizko eta Donostiako jazz jaialdiek alkarregaz aurkeztu ditue aurtengo asmoak
2016-06-03 12:23 MusikeaErreferentziazko ekitaldiak dira nazinoartean hiru jazzaldiak, Itziar Epalza Jaurlaritzako Turismo sailburuordeak azaldu dauenez. Horregaitik, Euskadi markea indartzeko erabiliko ditue garagarrileko hiru hitzorduok. Getxo, Gasteiz eta Donostiako jaiadiek hazten segiduten dabe eta, aurten be, askotariko eskaintzea preparau dabe.
Lehenik eta behin, Getxoko Nazinoarteko Jazz Jaialdiaren txandea izango da, garagarrilaren 1etik 5era. Gure jaialdiak ohiko ezaugarriak gordeko ditu aurten be, hau da, kalidadea, askotariko eskaintzea eta gazteei lekua egitea, azaldu dau Iñaki Saitua jaialdiko zuzendariak.
Musikearen arloan, bost izen nagusi nabarmendu ditu Saituak aurtengo egitarautik: Uri Caine, Jorge Pardo, Hermeto Pascoal, Didi Bridgewater eta Esperanza Spalding. Nazinoarteko izarrak dira, baina alkarrengandik desbardinak dira euren estiloak. Horrezaz gan, talde gazteentzako lehiaketeari eutsiko deutsie eta erakusketea ipiniko dabe Torrene aretoan, Javier de la Torreren mosaikoakaz.
Aurten 40. ekitaldia beteko dau Getxoko Jazzaldiak, baita Gasteizkoak be. Iñaki Añua azken horretako zuzendariak azaldu dauenez, Mikel Urmenetak egin dau aurtengo kartela, edizino berezia dalako. Hain zuzen be, Amerikako Estadu Batuetako artista ezagun ugari beren-beregi etorriko dira Gasteizera, Europan beste geldialdirik egin barik, urteurren biribila ospatu ahal izateko. Garagarrilaren 12tik 16ra izango da jaialdia.
Amaitzeko, garagarrilaren 20tik 25era, hiruren arteko jaialdirik handiena, jentetsuena eta zaharrena izango da, Donostiako 51. Jazzaldia. Aurreikusita egon ez dan arren, aurten hazi egingo da Jazzaldia, babesleen interesari esker eta Donostia 2016 uriburu kulturala aprobetxauta, adierazo dau Miguel Martin zuzendariak. Holan, Gipuzkoako uriburuan 21 eszenatoki ipiniko ditue eta, oraingoz, 123 kontzertu lotuta daukiez.
Ohiko moduan, mundu guztian ospetsuak diran izarrak egongo dira Donostian (Ellis Marsalis, Diana Krall, Gloria Gaynor eta abar), baina Martinek azpimarratu dau, bertoko artistek be leku zabala izango dabela, 30 euskal banda edo bakarlari inguruk parte hartuko dabe aurtego Jazzaldian. Ainara Ortega, Mikel Andueza eta Igelaren Banda aitatu ditu zuzendariak, baita BertsoJazza ikuskizuna berreskuratu izana be.
Hori guztia gitxi balitz, 51. Jazzaldiak bat egingo dau 12 Points jaialdiagaz, biak data berberetan izango dira. Normalean Dublinen egiten da nazinoarteko jaialdi hori baina, aurten, Donostiara ekarri dabe, Uriburu Kulturalaren harira. Europako 12 talde gazte, etorkizun bikainekoak, batuko ditu 12 Points jaialdiak eta Gipuzkoako uriburuan egingo ditue kontzertuak, topaketak, alkarren arteko trukeak eta abar.
Badira 20 urte hiru jazzaldiek alkarregaz aurkezten dabela euren eskaintzea. Donostiagaz eta Gasteizegaz batera gure jaialdia indartu egiten da, alkarregaz emoitza hobea lortzen da, azaldu dau Iñaki Saitua getxoztarrak. Eusko Jaurlaritzearen ekimenez alkartzen dira hiru jazzaldiak, Jazz Euskadi markearen barruan, alkarren osogarri diran hiru eskaintzak bateratzeko. Jazzaren alorrean Euskadi erreferentzia da mundu guztian, dino Itziar Epalza sailburuordeak.
Urtero legez, hiru jazz jaialdiak Euskadi-Basque Country markea zabaltzeko erabiliko ditu Jaurlaritzeak. Telebistan, prentsan, kontzertuen etenaldietan eta abar, markea zabaltzeko iragarkiak ipiniko ditue. Ganera, aurtengo nobedadea Photocall-a izango da: Argazkiak aterako deutsiez musika-izarrei eta interneten zabalduko ditue. Sare sozialen bidez gure irudia mundu guztira zabalduko dala uste dogu, azaldu dau Epalzak.
Agenda kultural, gastronomiko eta turistikoa eskaintzen dogu jazzagaz batera, ganeratu dau sailburuordeak. Izan be, bisitariak erakarteko baliabidea dira jazz jaialdiak. Donostiako eta Gasteizko jazzaldietako zuzendariek adierazo dabenez, uriko hotelak ganezka egoten dira jaialdien egunetan. Iñaki Saituak esan dau Getxoko hoteletan ez dala horrenbeste igarten, baina udalerriko leku interesgarrienak ezagutzera emoteko balio dauela (hondartzak, Portu Zaharra eta Bizkaia Zubia adibidez).
Turismoaren arloko balorazinoa egiteko aprobetxau dau agerraldia Itziar Epalza sailburuordeak. Pozik eta baikor dago Jaurlaritzea, Euskal Autonomia Erkidegoko datuak ikusita: Urte bikaina izaten dabil hau turismorako. Alde batetik, urteko lehenengo lauhilekoan % 14 hazi dalako erkidegora etorritako bisitarien kopurua. Bestetik, denporaldi jentetsuenaz kanpoko hileetan nabari dalako igoerea, hau da, turismoa urte osoko fenomenoa bihurtzen hasi da, ez sasoi jakin batekoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!