Bertsolarien eta musikarien bat-bateko saioa, Donostiako Jazzaldian

Bizkaie! 2016-05-31 08:28   Bertsolaritzea

Garagarrilaren 24an egingo dabe Bertsojazz emonaldiaren bigarren edizinoa. Lehenengoa, 2008an, arrakastatsua izan zala dino Donostiako Jazzaldiak eta, beraz, formulea errepetiduko dabe: Bertsolari eta musikari ezagunak oholtzan batuko ditue eta saio inprobisadua egingo dabe. Izan be, bertsolaritzea eta jazza, biak oinarritzen dira bat-batekotasunean.

Honeek izango dira parte hartuko daben bertsolariak: Andoni Egaña Euskal Herriko txapeldun izandakoa, Jon Maia Gipuzkoako eta Euskal Herriko finalista izandakoa, Beñat Gaztelumendi gaur egungo Gipuzkoako txapelduna eta Miren Amuriza Bizkaiko finalista izandakoa.

Musikariak be punta-puntakoak izango dira: Oskorrin ibilitako Bixente Martinez gitarreagaz, Amaiur Cajaraville (kontrabaxua), Hasier Oleaga (bateria), Julen Izarra (saxoa) eta Xabier Zeberio (biolina). Saioa gidatzen, gai-jartzaile ibiliko da Unai Elizasu.

Musikea eta berbea batu nahi ditue Bertsojazzaren bidez. Antolatzaileek dinoe, horixe dala helburua, inprobisazinoaren alorrean dagozan adierazpide nagusi biak diralako bertsolaritzea eta jazza. Musikea ez da bertsoen osogarri izango, ezta alderantziz be. Jazza eta bertsoa maila berean egongo dira oholtzan, bat-bateko saioan.

Saioaren egiturea zelakoa izango dan pentsetako, batzarrak egin ditue musikariek eta bertsolariek. Doinuak, tonuak eta erritmoak landu ditue. Baina gaiak saioan bertan ezagutuko ditue eta horrek inprobisazinoari leku zabala itxiko deutso.

Saioa garagarrilaren 24an izango da, Victoria Eugenia antzokian, Donostiako Jazzaldiaren 51. edizinoaren egitarauaren barruan. Gaueko 22:00etan hasiko da. Sarrerak salgai dagoz antzokian bertan.

2016/07/24 22:00

Donostiako Victoria Eugenia antzokian

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu