Antzerki eskolen arteko lehiaketako irabazlea Bilbon erabagiko da

Dabi Piedra Robledo 2015-06-16 15:17   Kulturea

SGAE erakundeak antolatuta, FETABI, antzerki eskolen jaialdia antolatu dabe aurten eta sei finalisten lanak Bilboko Campos antzokian ikusi ahal izango dira, bagilaren 29tik garagarrilaren 5era arte. Guztira, antzerki eskoletako ikasleek idatzi eta antzeztutako 22 obra aurkeztu dira aurtengo edizinoan, aurrekoetan baino gehiago. Finalisten artean, hiru euskal konpainia dagoz.

SGAE erakundeak antolatuta, FETABI, antzerki eskolen jaialdia antolatu dabe aurten eta sei finalisten lanak Bilboko Campos antzokian ikusi ahal izango dira, bagilaren 29tik garagarrilaren 5era arte. Guztira, antzerki eskoletako ikasleek idatzi eta antzeztutako 22 obra aurkeztu dira aurtengo edizinoan, aurrekoetan baino gehiago. Finalisten artean, hiru euskal konpainia dagoz.

Antzerki eskolen jaialdiak badaukaz urte batzuk baina, aurten, SGAEk hartu dau antolakuntzearen ardura guztia. FETABI izena emon deutsie, logotipoa gaurkotu dabe eta dimensino handiagoa emon deutsie, Oscar Castaños Garbitxu SGAE-Euskadiko kideak azaldu dauenez: Kanpotik datozan proposamenei bidea egitea bakarrik ez, guk geuk be ekintzak antolatzea da asmoa eta horregaitik hartu dogu jaialdiaren ardurea, dino Garbitxuk, orain arte babesle nagusietako bat izan gara baina pausu bat gehiago egin nahi izan dogu. FETABI jaialdia etxearen ikur bihurtu nahi dabela ziurtatu dau.

SGAEren esanetan, FETABIren aurtengo edizinoaren deialdia arrakastatsua izan da. Aurreko urteetako zenbakiak gainditu eta 18 konpainiak emon dabe izena. Guztira, 22 obra eskaini ditue horreek konpainiek. Autore gazteak eta antzezle hasibarriak dira FETABIren oinarria. Halandabe, Garbitxuk azpimarratu dau, maila handiko lanak aurkeztu dirala, epaimahaiak lan gogorra izan dau sei finalistak aukeratzeko. Espainia guztirako lehiaketea izanik, aurkeztutako obra guztiak gaztelaniazkoak dira. Halandabe, Garbitxuk nabarmendu dau, beste hizkuntza ofizialak be onartzen dituela, espero daigun datozan urteetan euskerazko, katalanezko edo galegozko lanak jasotea.

Sei finalistak, hiru euskal konpainia, Madrileko beste bi eta Kantabriako bat dira. Euskal konpainiei jagokenez, Alopargo teatrok Horacios y curiacios obrea aurkeztu dau. Kabia Laborategian dabilzan ikasle batzuek sortutako taldea da Alopargo eta bertako kide Borja Ruizek adierazo dauenez, clown lengoaian oinarritutako obrea da: Alde komikoa eta kritikoa buztartu nahi doguz, ikusleak ondo pasau daiala baina gogoetea bultzatuta, dino Ruizek. Bertold Brechten testu baten oinarrituta dago antzezlana, baina gaur eguneko gaietara egokitu dabe. Garagarrilaren 1ean ikusi ahal izango da Horacios y curiacios Camposen.

Anima Eskolak be, Zoo de cristal lana finalisten artean sartzea lortu dau. Animako kide Algis Arlauskasek dinoanez, obrako aktore batzuek lehenengo aldiz urtengo dabe jentaurrera, proiektu umila da gurea, harritu egin gaitu finalera sailkatu izanak. Zoo de cristal garagarrilaren 3an emongo dabe. Euskal ordezkaritzea Nexo Teatrok osotuko dau, bagilaren 30ean, Mockinpot lanagaz. Garagarrilaren 2an, Madrileko Cuarta Pared eskolearen Trilogia de la libertad emongo dabe Bilbon. Hil horren lauan, Muralla Teatroren Y elegiste tener perro, hori be madrildarra. Bagilaren 29an, Kantabriakoen txandea izango da, Escena Mariñaque eskolearen Experimento Philadelphia obreagaz.

Sari banaketea garagarrilaren 5ean egingo dabe. Danetara, sei sari banatuko ditue, tartean antzezlan onenari eta aktore onenei. Jaialdi guztiko emonaldietan sartu ahal izateko, SGAEk 20 euroko bonua atara dau. Antzerki eskolak eta autore gazteak babesteko garrantzitsuak dira era honetako ekimenak, espero dot publiko asko etortea, adierazo dau Garbitxuk. FETABI jaialdia datozan urteetan haztea da antolatzaileen asmoa. Gauzak bide onetik joan ezkero, nazinoarteko jaialdi bihurtzea be ez dabe baztertu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu