Antzerkigintzako eragileak baikor dagoz, 2014ko datuak ikusita
2015-03-26 12:56 KultureaEuskadiko Antzoki Sarearen igazko memoria aurkeztu dabe Bilbon. Sarearen partaide diran 54 antzoki publikoetan, emonaldi gehiago egon ziran 2013an baino eta publikoaren gorakadea be nabarmentzekoa izan zan. Uri handietan zein herri txikiagoetan eskaintza zabala eta anitza dago eta, horri esker, krisi ekonomikoari sendo egin ahal izan deutso aurre arte eszenikoen sektoreak.
Euskadiko Antzoki Sarearen igazko memoria aurkeztu dabe Bilbon. Sarearen partaide diran 54 antzoki publikoetan, emonaldi gehiago egon ziran 2013an baino eta publikoaren gorakadea be nabarmentzekoa izan zan. Uri handietan zein herri txikiagoetan eskaintza zabala eta anitza dago eta, horri esker, krisi ekonomikoari sendo egin ahal izan deutso aurre arte eszenikoen sektoreak, Sareako kideek azpimarratu dabenez.
Bihar, martiak 27, Antzerkiaren Nazinoarteko Eguna ospatuko da. Hitzordu horren harira, Sarea osotzen daben erakunde eta programatzaileek 2014ko memoria aurkeztu dabe. Eusko Jaurlaritza, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiak eta udalak dagoz Sarean. Joxean Muñoz Jaurlaritzako kultura sailburuordeak adierazo dau, memoriako datuak positiboak dirala, antzerkigintzearen osasunaz baikortasunez egin leitekela berba. Publikoaren eta emonaldien kopuruaren aldetik, 2013ko datuak gainditu ziran igaz, gero eta jente gehiagoren interesa biztuten dabe arte eszenikoek, dino Muñozek. Sailburuordearen ustez, krisia adorez gainditzen dabil sektorea.
Sareako idazkari tekniko Nekane Basterretxeak jorratu ditu 2014ko datuak: Miloe erdi ikusle inguru izan ziran gure 54 antzokietan eskainitako ikuskizunetan, hau da, aurreko urtean baino % 4,5 gehiago. Formatu txikiko emonaldiek gorakada nabarmena euki dabela azaldu dau Basterretxeak, herri txikietako antzokietara gero eta jente gehiago doa eta hori ondo dago, uriburuetatik kanpoko eskaintzea indartzen hasi dalako. Igazko programazino kostua 1,4 miloe eurokoa izan zan, udalek ordaindua. Txarteldegiko salmentakaz eta foru aldundien diru-laguntzakaz bete eben aurrekontu horren zati handiena udalek, baina euren aurrekontutik be ipini eben. Aitatzekoa da, beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzeak laguntza ekonomikoa handitu dauela, arte eszenikoen iraunkortasunerako.
Nekane Basterretxeak azaldu dauenez, antzokietara hurreratzen dan publikoa gero eta anitzagoa da. Umeentzako programazino berezia be badago eta, horregaitik, gero eta ume gehiago joaten dira antzokietara, zehaztu dau Sareako ordezkariak. Hizkuntzei jagokenez, emonaldien % 40 euskeraz izan ziran igaz. Hor be, goranzko joerea dagoala dino Basterretxeak: Euskerazko saio gehienak umeentzat dira, baina helduentzako gero eta emonaldi gehiago dagoz, jente gehiago erakarten dabenak. 90.000 ikusle erakarri zituen euskerazko antzerki emonaldiek igaz. Halandabe, 2013tik 2014ra, emonaldi eta ikusleen aldetik beherakadea egon zan euskeraz, baina azkenengo hiru urteotako bilakaerea positiboa da. Amaitzeko, Nekane Basterretxeak gogoratu eragin dau, antzerkigintzea eskaintzearen erdigunea izan arren, bestelako ikuskizunak be izaten dirala Sarearen programazinoan, jantzea, kantua, magia eta zirkua berbarako.
Sarean batutako erakundeek ahalegin handia egiten dabe, ez bakarrik programazinoa preparetan, baita sorkuntzea bultzatzen be. Ana Lopez Sareako zuzendaritzako kide eta Leioako kultur programatzaileak azaldu dauenez, gure eskaintzea indartzeko bidean, publikoari esperientziak eskeini nahi deutsaguz, bizipenak. Datuak positiboak diran arren, publiko gehiago erakarten segidu nahi dabe, antzerkira joatea herritarrentzat ohiko zeregina bihurtzea nahi dogu. Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkari Mikel Etxeberriak nabarmendu dauenez, erakundeen arteko alkarlana beharrezkoa da, bakotxak bere arloan baina danok batera lan egin behar dogu. 2014ko memoriako datuek poztu egiten dabela ganeratu dau Etxeberriak, antzerkigintzea bizirik dago, sormena egon badago. Eskaintzea erkidego osoan banatuta egotea, ez urigune handienetan bakarrik, oso positiboa da Etxeberriaren ustez. Ana Lopezek be alkarlanaren abantailak aitatu ditu, Sarea lako alkarteen balioa azaltzeko: Esperientziak partekatzeko erabilgarria da sarea eta kostuak murrizteko be balio dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!