'Euskerea, guztion etxe, guztiontzat zubi'

Dabi Piedra Robledo 2015-02-20 13:43   Euskerea berbagai

Bihar, zezeilak 21, Ama Hizkuntzaren Nazinoarteko Eguna dan ezkero, manifestua atera dabe Euskal PEN klubak eta Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako saiburuordetzeak. Aurten, etorkinek Euskal Herrira ekarritako hizkuntzen balioa aldarrikatu nahi izan dabe. Herritar guztien ama hizkuntzak errespetetako deia egiten dau manifestuak eta, euskereak zubi lana egin daiala eskatzen da.

Bihar, zezeilak 21, Ama Hizkuntzaren Nazinoarteko Eguna dan ezkero, manifestua atera dabe Euskal PEN klubak eta Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako saiburuordetzeak. Aurten, etorkinek Euskal Herrira ekarritako hizkuntzen balioa aldarrikatu nahi izan dabe. Herritar guztien ama hizkuntzak errespetetako deia egiten dau manifestuak eta, euskereak zubi lana egin daiala eskatzen da. Unesco Etxeak egindako azkenengo neurketan ikusten danez, Hego Euskal Herrian ehun bat hizkuntza berba egiten dira, gehien-gehienak joan diran urteotako immigrazinoak ekarriak.

Euskal PEN Kluba adierazpen askatasunaren defentsan dabil batez be eta, nazinoartean, ekimen ugari egin ditu balore horren alde. Urtzi Urrutikoetxea alkarteko presidenteak nabarmendu dauenez, baina, oraingo honetan etxe barrura begiratu nahi izan dabe, bertoko hizkuntzetara. Norbere hizkuntzea galtzea da, azken finean, adierazpen askatasunak euki leiken urraketa nagusia, adierazo dau Urrutikoetxeak. Horregaitik, buru-belarri ekin deutsie aurtengo manifestua prepareteari. Eusko Jaurlaritzeak be, gogo onez hartu dau manifestuan parte hartzeko konbita, Patxi Baztarrika sailburuordeak azaldu dauenez.

Ama hizkuntza guztiek balioa daukiela eta etorkinek hona ekarritako hizkuntzak, arazoa baino, aberastasun iturri dirala eta errespetua merezidu dabela, horixe manifestuak dakarren idea nagusia. Kanpotik etorritako hizkuntzak jagoteko orduan, euskereari zeregin garrantzitsua emoten deutsie PEN klubak eta Jaurlaritzeak, 'Euskerea, guztion etxe, guztiontzat zubi' manifestuaren izenburuak dinoanez. Euskereak badaki zer dan hizkuntza gitxitua izatea eta, beraz, ezin deutsegu besteei gauza bera egin, azpimarratu dau Patxi Baztarrikak, beste hizkuntza gitxituak etsaitzat joten badoguz, erderearen goxotasunera pasauko dira geurera etorritako persona guztiak. Urtzi Urrutikoetxeak ganeratu dauenez, kanpotik etorritako aberastasuna aintzat hartzeko beharrezko zubia da euskerea.

Oraindino be, hizkuntza aniztasunaren balioa aldarrikatu beharrean gagoz, esan dau Patxi Baztarrikak, arazoa ez da eleaniztasuna, elebakartasuna baino. Baztarrikaren esanetan, eleanitza izatea, eskubidea ez eze, munduan egoerarik arruntena da, errealidadea da. Euskal Herrian be, gero eta hizkuntza gehiago dagoz, batik bat etorkinek ekarritakoak eta danak, handi zein txiki, errespetau behar dirala dino sailburuordeak, hizkuntza guztiak dira garrantzitsuak. Ama Hizkuntzearen Nazinoarteko Eguna mundu zabalean izango dabe gogoan bihar eta, herritar guztiek euren jatorrizko hizkuntzan biziteko daukien eskubidea eta hizkuntza guztiakanako errespetua aldarrikatuko dira. Errespetu hori, bizikide doguzanakaz praktikau behar dogu lehenik eta behin, nabarmendu dau Baztarrikak.

Datu batzuk be emon ditu sailburuordeak. 2001ean Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen %1,7 atzerrian jaiotakoa zan eta, gaur egun, % 8,3. Horren eraginez, espainola eta euskerea ez beste ama hizkuntza bat daukienen kopuruak gora egin dau (1986an, % 1,8 eta 2011n, % 3,8). Unesco Etxeak Hegoaldeko lau herrialdeetan egindako ikerlanean, ehun hizkuntzatik gora topau ditu, eta gehiago be izango dira, Baztarrikaren ustez. Danon beharra da geure inguruko ehun hizkuntzak ez ostendutea, bultzadea emotea. Horretarako, euskereak zubi lana egitea nahi dabe, holan herritar guztien hizkuntzek errespetua eukiko dabelako eta euskereari berari be on egingo deutsalako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu