Jon Ander eta Maria Garcia neba-arreben erakusketea ipini dabe Bilbon, Batzar Nagusien egoitzan

Dabi Piedra Robledo 2015-02-05 14:15   Kulturea

Son Gokuren seme-alabak izenburuko bildumea da, Jon Ander eta Maria Garcia Benitez neba-arreben eskutik datorrena. Hamabi pieza dira guztira, eskulturea eta pinturea. Zezeilaren 28ra arte egongo da ikusgai.

Arte Ederren Fakultadeko artista gazteen lana erakusteko Bizkaiko Batzar Nagusiek hartutako konpromisoaren barruan, beste erakusketa bat preparau dabe erakundeak Bilbon daukan aretoan. Son Gokuren seme-alabak izenburuko bildumea da, Jon Ander eta Maria Garcia Benitez neba-arreben eskutik datorrena. Hamabi pieza dira guztira, eskulturea eta pinturea. Zezeilaren 28ra arte egongo da ikusgai.

Neba-arrebak izan arren, artista bien estiloa desbardina da eta, Batzar Nagusietako erakusketeari esker, ikuspegi bien arteko alkarrizketea sortu dau Usoa Fullaondo komisarioak. Jon Ander Garciak, batez be, egurrezko objektuak sortzen ditu. Diseinuzko piezen hoztasuna eta artisau lanaren berotasuna buztartzeko ahalegina egiten dau. Kolore indartsuak eta forma deigarriak sortzea dau gustuko. Bideojokuetako elementuak dira bere inspirazino iturri nagusietako bat. Jon Ander Garciak berak azaldu dauenez, giro birtualean oinarrituta dagoz nire piezak, bideojokoen mundua gogora ekarten dabe, koloreakaitik eta formeagaitik. Jon Ander Garciaren artelan batzuk pieza totemikoak dira ia-ia, artistearen esanetan. Pieza indartsuak dira, poterea sinbolizetan dabe.

Maria Garciak, ostera, hip hop munduan oinarritzen ditu bere artelanak. Gaur eguneko gizartean irudiak daukan garrantziaz hausnartzen dau. Egurra, plastikoa, espraia eta antzekoak erabilita, irudi distiratsuak sortzen ditu, hip hoparen janzkeretan eta jarreran oinarrituta. Gaur egun, Tenerifen bizi da eta han dauka estudioa.

Son Gokuren seme-alabak izena ipini deutsie erakusketeari, izan be, Garcia neba-arreben obrea estilo desbardinetakoa dan arren, txikitan antzera hasi ziran artearen munduan. Jon Ander Garciak azaldu dauenez, umetan Dragoi Bolaren marrazki bizidunak ikusi bitartean, marrazten egoten ginan. Ganera, Dragoi Bola telesaila belaunaldi baten ikurra dala uste dabe neba-arrebek.

Erakusketea zezeilaren 28ra arte egongo da ikusgai Batzar Nagusien egoitzan, Bilboko Hurtado Amezaga kalean, astelehenetik zapatura. Doban sartu daiteke. Arte Ederretako ikasleen lanari bultzadea emoteko sortutako ekimenaren barruan dago erakusketea. Usoa Fullaondo komisarioaren esanetan, lan batzuk fakultadean bertan egin ditue, beste batzuk euren tailerretan, baina unibertsidadea da oinarria. Artista gazteen ahalegina be azpimarratu dau Fullaondok, ikusten doguna hamabi pieza dira, baina ez da ahaztu behar honen atzean dagoan lana, hileetako beharra da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu