2015eko martian egingo da 19. Korrika, 'Euskahaldun' lemapean
2014-11-06 13:39 Euskerea berbagaiIbilbide zehatza oraindino erabat zehaztu barik dagoan arren, 2.100 kilometrotik gorako tartea osotuko dau Korrikaren 19. ekitaldiko lekukoak. Martiaren 19an hasiko da, Nafarroa Beherean, Urepele herrian. Hamar egun geroago, martiaren 29an, Bilbon amaituko da.
Urepelen hasi eta Bilbon amaituko da AEK-k antolatutako Korrika. Ohiko moduan, edade guztietako milaka lagunek parte hartuko dabe, hamar gau eta hamaika egunez, euskerearen aldeko ekitaldi erraldoi horretan. Euskahaldun leloa aukeratu dabe, euskerea bultzatzeko bakotxaren ahala batu eta, alkarlanean, Euskal Herri euskaldunagoa eregi nahi dabelako. Bestetik, Durangoko Azokeari omenaldia egingo deutsie, mende erdiko ibilbidea betetear dagoalako.
Ibilbide zehatza oraindino erabat zehaztu barik dagoan arren, 2.100 kilometrotik gorako tartea osotuko dau Korrikaren 19. ekitaldiko lekukoak. Martiaren 19an hasiko da, Nafarroa Beherean, Urepele herrian. Hamar egun geroago, martiaren 29an, Bilbon amaituko da. Orduan irakurriko dabe lekukoaren barruan joango dan mezua. Urtero legez, 19. Korrikak be, kantea izango dau, baina hori geroago aurkeztuko dabe. Korrika Kulturala eta Korrika laguntzaileen kanpainak be antolatuko ditue. Izan be, Korrikaren helburuak, euskerearen aldeko aldarria txoko guztietara eroatea eta AEK finantzietea dira.
Asier Amondo antolatzaileak azaldu dauenez, guretzat euskalduna da, euskeraz dakiena edo ikasten dabilena, euskeraz jarduteko ahalmena bere egin dauena. Horregaitik, Euskahaldundu leloa izango dau Korrika 19k. Batu daiguzan danon ahalmenak, auzolanean eta alkarlanean euskeraz biziko dan herria eregiteko, adierazo dau Amondok. Euskerea gizartean zabaltzeko, euskaldunek euskeraz egin ahal izateko, ez dakienek ikasi ahal izan deien, euskalgintzea indartzeko eta euskerazko medioak bultzatzeko, horretarako danon ahalegina batu behar dala dinoe Korrikako antolatzaileek.
Korrikak, edizino guztietan, persona, erakunde edo kolektibo bat omentzen dau. Korrika 19k, Durangoko Azokea omenduko dauela iragarri dabe antolatzaileek. Asier Amondok azaldu dauenez, 2015ean, Durangoko Azokeak 50. urteurrena beteko dau eta momentu aproposa begitandu jaku azokearen ibilbide osoa saritzeko. Euskal kulturan Durangoko Azokeak euki dauen garrantzia azpimarratu dau Amondok: Sortu zanean, diktadura sasoian, arnasea ekarri eutsan euskereari eta, denporeagaz, hazten joan da; liburu azokea izan zan hasieran, gero diskoak be sartu ziran eta, gaur egun, euskal kulturearen azokea da. Urtero, abenduan, Durangoko Azokea euskalgintzearen erreferentzia gunea dala ganeratu dau.
Korrika 19ren barri webgunearen eta sare sozialen bidez emongo dabe antolatzaileek. Dagoeneko martxan ipini ditue. Gogoan izan behar da, orain, korrika.org dala webgune nagusiaren helbidea baina, abenduaren 3tik aurrera, korrika.eus bihurtuko da. Hasi da beraz, Korrikarako atzera kontaketea, euskahaldunak topetako lana. Izan be, Asier Amondok esan dauenez, guk gizartea euskaldundu nahi dogu eta nahi izatea, ahal izatea da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!