Liburu-denden jaia egingo dabe liburu zahar eta aukerakoen azokearen bezperan
2014-10-29 14:39 KultureaUrtero lez, Bilboko Arenalean liburu zaharrak, aukerakoak eta antxinako edizinoak ikusi eta erosteko aukerea egongo da, urriaren 31tik zemendiaren 16ra. Aurtengoan, ganera, urriaren 30ean Liburu-denden Jaia egingo dabe Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Hiru lurraldeetako liburu-dendetan, tailerrak, musikea, liburu aurkezpenak eta idazleekaz topaketak egongo dira. Jaiaren helburua da herritarrei liburu-dendak ezagutzeko konbita egitea eta gizartean zein kulturan beteten daben zeregina azaltzea.
Urtero lez, Bilboko Arenalean liburu zaharrak, aukerakoak eta antxinako edizinoak ikusi eta erosteko aukerea egongo da, urriaren 31tik zemendiaren 16ra. Aurtengoan, ganera, urriaren 30ean Liburu-denden Jaia egingo dabe Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Hiru lurraldeetako liburu-dendetan, tailerrak, musikea, liburu aurkezpenak eta idazleekaz topaketak egongo dira. Jaiaren helburua da herritarrei liburu-dendak ezagutzeko konbita egitea eta gizartean zein kulturan beteten daben zeregina azaltzea.
Jon Arretxe idazleak azpimarratu dauenez, liburu-dendena ez eze, egileon jaia be izango da, idazle ugari ibiliko gara dendarik denda. Arretxegaz batera, Patxi Zubizarreta, Seve Calleja, Jasone Osoro, Danele Sarriugarte, Asier Larretxea, Carmen Torres Ripa eta beste asko ibiliko dira eguenean, irakurleekaz berbetan. Inportanteena irakurleekandik hurre egotea da, irakurleak erakartea, dino Jon Arretxek, izan be, irakurle barik pikutara goaz eta, horregaitik, ilusinoa eragin behar deutsiegu. Bestetik, Liburu-denden Jaian, musikea, DJak, liburu aurkezpenak, ipuin-kontalariak eta abar izango dira. Kepa Torrealdai liburu saltzaileen federazinoko ordezkariak azaldu dauenez, liburu-dendak hor dagozala gogoratu eragin nahi deutsiegu herritarrei, euskal liburu-denden aniztasuna erakutsi.
Urriaren 30eko jaiaren ostean, urteroko hitzorduari ekingo deutsie barikuan, hilak 31, Bilboko Areatzan. Aurten 36. aldiz, Liburu Zahar eta Aukerakoen Azokea egingo dabe, zemendiaren 16ra arte. Euskal Herriko eta kanpoko hainbat liburu-denda eta banatzailek parte hartuko dabe. Guztira, 52 erakusmahai ipiniko ditue. Liburu zaharrak edo aspaldiko edizinoak izango dira protagonista eta ale gehienak prezio merkeetan lortu ahal izango dira. Liburu arraroak topau edo merke erosteko modua izango dabe zaleek, nabarmendu dau Asier Muniategi liburu azokearen koordinatzaileak.
Era horretako azoketan, Muniategik azaldu dauenez, zaleek lehenengo edizinoak bilatzen ditue batik bat. Salmenten aldetik, ume eta gazteentzako literaturea izaten da arrakastatsuena. Modu berean, Muniategik azpimarratu dau, aurten euskerazko liburuak be izango dirala azokan: Normalean gatxa izaten da aukerakoen edo liburu zaharren zirkuituan euskerazko aleak sartzea baina, aurten, euskerazko hainbat edizino zahar eukiko doguz azokan, Susa edo Alberdania lako argitaletxeen orain dala urte batzuetako argitalpenak. Idatzietatik kantuetara erakusketea be ipiniko dabe Arenalean, azokeagaz batera. Asier Muniategik esan dau normalean ez dauela egileen inguruko gomendiorik egiten, irakurle bakotxak topau behar dituala gustukoen dituan liburuak. Aurten, baina, oraintsu hildako Ramiro Pinilla idazle bizkaitarra gogoan euki nahi izan dau eta barikuan hasiko dan azokea Pinillaren lanak erosteko atxakia ona izan daitekela adierazo dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!