Ahozko euskerarako jarraibideak batu ditue liburu baten
2014-10-16 15:03 Euskerea berbagaiEuskal Herriko Unibersidadeko EUDIA ikerketa taldeko bost partaidek idatzi dabe Ahoskera lantzeko argibideak eta jarduerak liburua. Bertan, euskera jasoaren ahoskera eta intonazinoa zelakoak diran aztertu eta eredu bat proponidu dabe.
Euskal Herriko Unibersidadeko EUDIA ikerketa taldeko bost partaidek idatzi dabe Ahoskera lantzeko argibideak eta jarduerak liburua. Bertan, euskera jasoaren ahoskera eta intonazinoa zelakoak diran aztertu eta eredu bat proponidu dabe. Euskerearen irakaskuntzarako lan baliogarria izango dalakoan dagoz, orain arte ahozko hizkerea ez dalako askorik landu. Horregaitik, ikasgelan erabilteko ariketa praktikoak be sartu ditue.
Jon Zarate Sesma EHUko Euskara Errektoreordeak azpimarratu dauenez, disziplina arteko lana egin da. Izan be, hizkuntzalaritzearen eta irakaskuntzearen arloko ikerlariek bat egin dabe proiektuan. Euskerearen bariazinoa aztertzeko ikerketa taldeko, EUDIAko, Iñaki Gaminde, Gotzon Aurrekoetxea, Aintzane Etxebarria, Urtza Garay eta Asier Romero jardun dira liburua idazten. EUDIAkoek pentsamendua euskeraz eregiten dabe eta hori garrantzitsua da gure hizkuntzearentzat, adierazo dau Gurutze Ezkurdia unibersidadeko irakasleak. Zarate Sesma errektoreordeak, liburuaren atzean dagoan lana nabarmendu dau, honelako egitasmoak ez dira egun batetik bestera egiten.
Ahoskera lantzeko argibideak eta jarduerak liburuaren egileek gehien azpimarratu dabena da, aintzindariak izan dirala gaia ikertzen. Euskera batua garatzen hasi zala mende erdia joan da, baina oraindino ez dira zehaztu ahoskerarako arauak, azaldu dabe. Irakaskuntzan be, ahozko hizkerearen ezaugarriak oso gitxi landu dira. Gurutze Ezkurdiaren esanetan, momentu aproposean dator liburua, irakasleak konturatzen hasi dira ikasle askok arazo handiak dituela egoki ahoskatzeko eta horrek adierazkortasuna kentzen deutse; ondorioz, erderara joten dabe barra-barra. Ariketa eta adibide praktiko ugari batu ditue eta, holan, ikasgeletarako tresna bat sortu dabe. Kapitulu guztietan dagoz ariketak. Asier Romeroren arabera, ahoskerea lantzeko jolastea garrantzitsua da, gaitasun prosodikoa era naturalean garatzeko baliabidea dalako.
Gotzon Aurrekoetxea ikerlariak dinoanez, etorkizunerako abiapuntu izango da liburua. Berben azentua eta esaldien intonazinoa, biak aztertu ditue, eta eredu orokor bat emon dabe. Ez da euskera batuko araua, oraingoz Euskaltzaindiak ez deutsolako arau mailea emon, baina euskera estandarraren ahozko ezaugarriak zehaztu doguzalakoan gagoz, azaldu dau Iñaki Gamindek. Euskera estandarra eta batua bereizi dituela argitu dau Gamindek, batua Euskaltzaindiaren arau moltsoa da, estandarra gehiago da kontu estadistiko bat, hau da, euskaldun gehienek zelan erabilten daben euskerea. Aitagarria da, era berean, intonazinoa aztertzeko orduan, esaldi neutroetatik harago joan dirala EUDIAkoak eta emozinoen arabera, edo asmo batzuen arabera, esaldien tonua zelan aldatzen dan aztertu dabe.
Unibersidade, ikastetxe, euskaltegi eta abarretan, orain arte egon ez dan tresna bat izango dabe, beraz, aurrerantzean. Ikerlanerako bide barri bati be ekin deutsie Ahoskera lantzeko argibideak eta jarduerak liburuagaz. Intonazinoaren eta azentuaren ganeko azterlan gehiago etorriko dirala ziurtatu dabe egileek. Iñaki Gaminderen ustez, hau ez da gaur amaitzen, pausu gehiago emon behar doguz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!