24. KORRIKAk euskerearen ezagutza unibersala aldarrikatu dau Iruñean
2026-03-06 07:50 Euskerea berbagaiEuskara Gara, komunidadearen izaera edegia eta askotarikoa azpimarratzeko.
AEK-k 24. KORRIKAren aurkezpen soziala egin dau bart Iruñean; bertan, euskerearen ezagutza unibersala eta helduen euskalduntzea nabarmendu ditue. Agerraldian, atontzaileek azpimarratu dabe 15 egun baino ez dirala falta Korrika hasteko eta horregaitik, aktibazinorako deia egin deutse komunidade osoari. Xabi Gartzia AEK-ko Nazino Kontseiluko kideak nabarmendu dauenez, “Euskaldunon komunidadeari euskerearen ezagutza unibersala zor jako. KORRIKAk Euskal Herri osoan herritar guztiek euskeraz eroso biziteko eskubidea aldarrikatzen dau eta, horri begira, ezinbestekoak dira hizkuntza-politika eta erreminta ausart eta sendoak, dobakoak eta guztiontzat eskuragarriak, helburu dabenak hezkuntzea, transmisinoa eta helduen euskalduntzea bermatzea'.
Aurtengo goburua, Euskara Gara, komunidadearen izaera edegia eta askotarikoa azpimarratzeko hautatu dabe. Ane Elordi Korrikaren arduradunak azaldu dauenez, “Euskerea ez da muga, arnasa baino; zubi lez landu behar da, kohesino sozialerako tresna moduan”. Haren esanetan, jatorria edo ezagutza-mailea edozein dala be, danontzako lekua dago euskerearen herrian.
2180 kilometro eta 3436 lekuko-hartze
24. KORRIKAri Atharratzen ekingo jako eta 2180 kilometro egingo ditu Euskal Herrian barrena, 3436 lekuko-hartze egingo ditue ―inoiz baino gehiago―. Atontzaleek aurreratu dabene, edizino honetan hainbat ekimen eta keinu berezi izango dira, tartean bestelako aldarri sozialak eta, zelan ez, Errigora aurtengo omenduari lotutako ekitaldiak.
Elordik gogorarazo dau Korrika jaia eta aldarrikapena dala aldi berean: Ez gara folklore hutsa, euskerea gara eta herritarrei dei egin deutse Korrikan parte hartu eta haren mezua urte osoan zabaldu deien be. Korrikaren koordinatzaileak azaldu dauenez, KORRIKAk biatutako baliabide ekonomiko guztiak euskerearen normalizazinoaren aldeko lana indartzeko bideratuko dira. Halan da bere, AEKren ordezkariek ohartarazo dabe ezinbestekoa dala instituzinoen inplikazinoa eta hizkuntza-politika eraginkorrak garatzea, euskerearen bizibarritzean salto egiteko.
Euskerearen etorkizuna dago tartean eta guztion esku dago eragitea, adierazo dau Elordik amaieran. 24. KORRIKA badator eta AEK-KORRIKAko atontzaileen eretxiz, danoi jagoku euskaltzaletasunari lehentasuna emoteko, bada momentua euskereari beste Pizkunde bat emoteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
