Zea Mays, EzEzEz eta Txopet taldeetako Kirikiño Ikastolako ikasle ohiek sortu dabe abestia
2026-03-04 07:52 Euskerea berbagaiIbilaldia 2026k kantua eta bideoa aurkeztu ditue Arriaga Antzokian.


Ehunka euskaltzale batu dira euskereari eta Ibilaldiari bultzadea emoteko, Bizkaiko ikastolen jaia ospatzeko hiru hilabete baino gitxiago falta diranean, jai handia maiatzaren 31n izango da-eta Bilboko kaleetan.
2026ko Ibilaldiaren kantuaren aurkezpena musikaz, jantzaz eta kolorez beteta egon da, Ibilaldiaren kantuaren, bideokliparen eta koloreen bidez: korala, berdea, horia, urdina... Eta momentu
hunkigarriak bizi dira, belaunaldi desbardinetako irakasle, ikasle, langile eta familia batu baitira Arriaga Antzokian.
Ikasleak eta ikasle ohiak izan dira ekitaldian protagonista, izan be, aurtengo abestia Kirikiño Ikastolako ikasle ohiek sortu dabe, gaur egun euskal musikako erreferente diran hiru taldetako artistek: Aiora Renteriak (Zea Mays), Unai Madariagak (EzEzEz) eta Jon Fernándezek, Andoni Barinaga-Rementeriak eta Iñigo Gueñesek (Txopet), hain zuzen be. Danak Kirikiño Ikastolako ikasle ohiak dira, baita Imanol Ituiño magoa eta Amaia Usandizaga eta Ainhize Vega kazetariak be, ekitaldiko aurkezleak.
Ikastolako komunidadeak sortutako proiektu honek belaunaldien arteko loturea eta konpromisoa azpimarratzen ditu. Holan, 2026ko Ibilaldiaren kantuaren aurkezpenean erakutsitako bideoklipean, bideoan eta ekitaldian bertan, Kirikiño Ikastolako gaur egungo ikasleak agertu dira. LH, DBH eta Batxilergoko Kirikiño Ikastolako zenbait ikaslek abestuz eta jantzan eginez hartu dabe parte, besteak beste, eszenatokian zugatz handi bat sortuz, eta Hiri Kiribili Bil aurtengo Ibilaldiaren logoa eregiz.
Bertaratutakoei ondoeorria emoteko, DBH eta Batxilergoko ikasleak agertu dira oholtzan eta kanteteaz gan, jantzan be egin dabe ikasleek, euskal jantzak, klasikoa eta jantza modernoa, gizartearen aniztasunaren isla.
Ondoren, Haizea Etxebeste Kirikiño Ikastolako buruak zehaztu dauenez, euskerearen transmisinorako ikastolen lana eta komunidadearen indarra goraipatu behar ditut, Kirikiño Ikastolan azken ia 50 urtetan egiten dan lez eta maiatzaren 31n danok Bilbon batzeko dei egiten deutsuet Bizkaiko ikastolen jai handian.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Ibilaldiak euskereari emoten deutson bultzadea nabarmendu dau, Bilbora, Bizkaira, Euskal Herri osora eta mundura zabaltzea ezinbestekoa dalako. Euskerearen erabilerearen garrantzia azpimarratu dau, danon lana dalako euskerea indartzea eta erabiltea.
Ondoren, Kirikiño Ikastolako 50 bat umek Aldapeko abestia kantau eta zugatz erraldoi bat eregi dabe oholtza, arboleak fruituak emon dituala eta euskerea Bilboko kaleetara zabaldu dala irudikatuz. Ikasle txikienak be protagonista izan dira eta Ibilaldirako propio Ikastolan sortutako Kirikiñoaren ipuina kontau dabe, Ebaristo Bustintza Kirikiño maisuaren izena baitaroa Ikastoleak.
Imanol Ituiño ikasle ohiak zurtz eginda itxi ditu bertaratutakoak Ikastolako ume eta guraso baten laguntzeagaz eta umorez josi dau ekitaldia.
Parte hartu daben taldekideei alkarrizketea egin deutse aurkezleek eta Aiora Renteria Zea Mays taldeko abeslariak nabarmendu dau abesti oso itsaskorra, positiboa eta polita dala eta euskaldunok batzen gaituen ezaugarriak dituala: Ikastolea, Ibilaldia eta Euskerea.
Txopet taldeko Jon Fernandezek eta Andoni Barinaga-Rementeriak alkarregaz egindako lana goraipatu dabe eta abestian Zea Mays, Ezezez eta Txopet taldeen nortasuna eta estiloak nabarmenak dirala adierazo dabe.
Imanol Muro ikasle ohiaren zuzendaritzapean egindako bideoklipa ikusi eta gero, LHko ikasleek koreografia jantzan eginez amaitu da aurkezpena.
Ehunka euskaltzale gerturatu dira Arriaga Antzokira ikuskizunaz gozetan eta Kirikiño Ikastolako ordezkarien esanetan, ohore handia da Ibilaldiko kantua eta ekitaldia gure ikasle ohien talentuagaz osotzea; gure komunidadearen indarra eta jarraikortasuna islatzen baititu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
