Bagilaren 13an milaka euskaltzale batuko dira Iruñean

Bizkaie! 2026-03-12 07:50   Euskerea berbagai

Pizkundearen bigarren txinpartea.



Euskaltzaleon Martxa
goiburuari eutsiz, bagilaren 13an Iruñeko kaleak beteteko martxa jentetsua deitu dau Euskalgintzearen Kontseiluak, euskerearen aldeko eragile sozialen bilgune nagusiak. Joan dan abenduaren 27an Bilbon egindako ekitaldian iragarritako hitzorduari jarraipena emonez zehetasun guztien barri emon dabe. Deialdiaren helburua euskerearen aldeko arnasa soziala hauspotzea eta hizkuntza-politiketan beharrezkotzat joten dan saltoari bultzadea emotea da.

Bagilaren 13ko mobilizazinoa 2024koaren bidean kokatu dau Kontseiluak: euskerearen egungo larrialdi linguistikotik indarraldira eroateko bidean, Pizkunde barri baten preminea gizarteratzea, izan be, gizarteko esparru zabal batean partekatutako diagnostikoa da euskerearen normalizazino eta bizibarritze prozesuko azken hamarkadetako susperraldia moteltzen doala. Horren aurrean, azken urteetan behin eta barriro azpimarratu da hizkuntza-politiketan salto egiteko beharra, paradigma barri batena. Kontseilua osotzen daben askotariko erakundeen eta, era berean, Kontseiluak berak eratutako Batuz Aldatu dinamikeagaz bat egin daben ia 150 eragile sozialen ustez, argiak dira saltio horren oinarriak: euskerearen ezagutzaren unibersalizazinoa eta erabilera normalerako baldintzak sortzea. Halan da be, Kontseiluak nabarmendu dau euskerearen bizibarritzea eraldaketa sozialeko prozesu bat dala eta, ondorioz, herritarren eta gizartearen inplikazinoa ezinbestekoa dala aurrera egiteko. Horregaitik, mobilizazinoaren bidez gizarte mobimentu zabal baten beharra azpimarratu dabe, euskaltzaletasunaren giharra indartzeko.

Abenduan Bilbon egindako ekitaldia pizkundearen ideia gizarteratzeko eta kultureak prozesu horretan dauen garrantzia azpimarratzeko gunea izan zan.

Iruñeko hitzorduan, barriz, herritarren ekarpena izango da ardatza:

Bagilaren 13an Iruñea, euskerearen eta euskaltzaleen bizi indar horren erakustaldi izatea da mobilizazinoaren helburua.

Euskaltzaleon Martxea, hiru zutabetan

Zutabe bakotxak euskerearen pizkunderako ezinbestekotzat joten daben hiru oinarrietako bat ordezkatuko dau.

  • Lehenengoa, euskereak Euskal Herri osoan ofiziala izan daitela aldarrikatuko dauena.
  • Bigarrena, hizkuntza-politiketan salto egiteko asmoz erakundeak, alderdiak eta eragile sozialak interpelauko dituena.
  • Eta hirugarrena: euskaltzaletasunaren ekarpena aldarrikatuko dauena, egunerokoan euskaltzale lez jokatearen garrantzia eta euskaltzaleak alkarregaz atontzearen preminea.

Beraz, bagileko hitzordua Pizkunderako behar ditugun baldintzen aldarrikapenerako gunea izango da., euskeraz biziteko behar da guztia eskuratzeko bultzadea.

Aktibazinorako deia

Euskalgintzaren Kontseiluak Iruñera joateko eta zabalpenean laguntzeko dei egindeutse Euskal Herri osoko eragile eta norbanako euskaltzale guztiei.

Azkenik, martiaren 19tik 29ra Euskal Herria zeharkatuko dauen Korrikan bagileko mobilizazinora deitzeko kilometroen barri emon dau Kontseiluak: Eskirotzen (Nafarroa) 643. km-a, martiaren 22an 04:01ean; Azkainen(Lapurdi) 1.541. km-a, martiaren 25ean 02:58etan; eta Bilbon (Bizkaia) 3.436. km-a (azken aurrekoa), martiaren 29an 12:13etan Plaza Biribiletik hasita.

Agerraldian parte hartu dabenten euskalgintzako ordezkariak:

1. Idurre Eskisabel (Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia).
2. Aize Otaño (AEK).
3. Joanmari Larrate (Elkar).
4. Nekane Artola (Euskal Herriko Ikastolak).
5. Ainara Lasa (Berria).
6. Irati Iciar (Taupa Mobimentua).
7. Intza Gurrutxaga (EHE).
8. Maite Asensio (Hezten).
9. Txerra Rodriguez (EMUN).
10. Ane Sarasua (UEU).
11. Liher Barrantes (Zenbat Gara).
12. Tasio Erkizia (Errigora).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu