Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako hamalau establezimendu autortu ditue
2026-03-12 13:21 Euskerea berbagaiEuskerearen erabilerea sustatzeko egindako aurrerapausoakaitik.
Autortza horren bidez, tokiko establezimenduek euskerearen presentzia eta erabilerea indartzeko erakutsitako konpromisoa nabarmentzen dabe udalek.
Eskueran egitasmoa 2023an jarri eben martxan Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako udalek, Behargintza eta Turismo bulegoaren alkarlanagaz. Proiektuak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa dauka. Ekimenaren helburua da tokiko eremu sozioekonomikoan euskerearen presentzia sendotzea, batez be merkataritzan, ostalaritzan eta bestelako jarduera ekonomikoetan hizkuntza praktikak sustatuz. Horretarako, hiru ardatz nagusi ditu egitasmoak: euskerearen egoerea ezagutzea eta hizkuntza-praktika barriak indartzea; bezero euskaldunek hizkuntza aldatu beharrik ez izatea; eta baliabide egokiak eskainiz, establezimenduei euskerearen erabilerea handitzeko tresnak emotea. Horrezaz gan, Euskeraz barra-barra ikurra zabaltzea be badau helburu, konsumitzaileak erdigunean jartea, izan be, markea ezartzen daben establezimenduetan, bezeroek euskerea erabili ahal izatea bermatuta izan behar dabe.
Egitasmoaren lanketan, Ahize-AEK-ko teknikariak establezimenduetara hurbildu dira proiektuaren nondik norakoak azaltzeko eta euskerearen erabilerea sustatzeko neurriak adosteko. Horren ondoren, parte hartu daben negozio askok urratsak egin ditue euskerea beren eguneroko jardunean txertatzeko, eta udalek konpromiso hori autortu dabe.
Eskueran ekimenaren helburua da merkatari, tabernari, ostalari, enpresa eta langileen arteko lankidetzea indartzea, baita euskal hornitzaileen eta bezeroen arteko sareak aktibetea be. Era berean, herritarren hizkuntza-eskubideak autortu eta errespetetea sustatu nahi dau, eta euskerearen aurrean motibazinoa eta sensibilizazinoa handitu gizartean.
Sustatzaileen arabera, oinarrizko da lanaren lanketea euskereagaz lotzea. Eskualdeko errealidade soziolinguistikoa kontuan hartuta, hiru udalerriek uste dabe eskualdearen garapen ekonomiko eta soziala euskerearen bidez be eregi behar dala. Hareen esanetan, euskereak balio erantsia emoten deutso lan munduari eta eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko ezinbestekoa da erakunde, enpresa eta gizarte-eragileen arteko lankidetzea, baita herritarren parte-hartze aktiboa be, bezero edo konsumitzaile moduan denda eta tabernetara joaten diranean, euskeraz eginez.
Eskueran egitasmoaren barruan egingo dabe eskertza ekitaldia astelehenean, Bermeoko Toki Alai tabernan, iluntzeko 20:00etan. Hiru udalek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzeak berresten dabe tokiko enpresa eta establezimenduek zeregin garrantzitsua dabela euskerearen normalizazinoan eta bide horretan emondako pausuak jentaurrean autortu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
