Mintzola ikerketa-sarien deialdiak kaleratu ditue
2026-03-13 12:45 Euskerea berbagaiIkerketan, ezagutzan, prestakuntzan eta sustapenean jarduten dau Mintzolak.
Jakina danez, ikerketan, ezagutzearen transferentzian, prestakuntzan eta sustapenean dabil Mintzola 2022. urtetik. Halanda ze, azken lau urteetako bideari jarraituz, ahozkotasunaren arloan ikerketea sustatzeko deialdiak egin ditu Euskaltzaindiak, Mintzolaren eskutik.
Lehenengo deialdia igazko zemendian egin zan, euskeraz egiten dan ahozko jardunari buruzko hamar gradu eta master amaierako lanak sarituko dira (bakotxari 1.500 euroko zenbatekoa emonez, 2025ean baino sari bi gehiago).
Orain, ikerketa-lanei buruzko deialdia argitaratzen dau Akademiak. Holan, ikerketa-lan monografikoen proiektuak onartuko dira, geroko tesiak sustatzeko helburuz. Lanen proiektuak bakarka edo taldean aurkeztu daitekez. Edozelan be, unibersidade-irakasle doktore batek bermatu behar dau proiektua. Eskaerak eta lanen egitasmoak aurkezteko epea maiatzaren 31ra zarratuko da (hautatutako ikerketa-lanak eginda entregau beharko dira 2027ko zezeilan26a baino lehen).
Ahozko jardunari buruzko zazpi ikerketa-lerro lehenesten dira deialdi barrietan:
- Eguneroko berbakerea: ezaugarriak.
- Eguneroko berbakerea euskal komunidadean: corpusearen osketea, mapak eta diagnostikoa.
- Gaztelera eta frantsesaren desorekea euskal gazteen eguneroko berbakererako adierazkortasunean. Faktore horren eragina hizkuntza-hautuan.
- Hezkuntza araututik eta arautu gabeko hezkuntza edo aisialdi antolatutik eguneroko hizkerarako adierazkortasun-baliabideak sustatzeko bideak eta tresnak.
- Hedabideetatik eguneroko berbakererako baliabideak sustatzeko bideak eta tresnak.
- Euskalkiak eta estandarra ahozko berbakerearen funtzinoetan: jardunbideen azterketa eta jarraibide batzuk sortzeko oinarriak.
- Hitanoaren diagnostikoa eta hikako moldearen erabilerea sustatzeko bideak eta tresnak.
Informazino gehiago hemen. Era berean, deialdiaren inguruko galderak ondoko helbide elektroniko honetara bidali behar dira: mintzola@euskaltzaindia.eus.
Orain arte sarituak izan diran lanak hemen dagoz ikusgai.
Mintzola
2022ko urtarriletik, askotariko eragileen laguntzinoa tarteko dala, Euskaltzaindiak martxan dauka Mintzola. Egitasmoaren lan eremua euskeraz egiten dan ahozko jarduna da, batez be, euskerazko eguneroko berbea. Holan, ikerketan, ezagutzan, prestakuntzan eta sustapenean dabil Mintzola.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
