2175 kilometro eta 3436 lekuko-hartze aurtengo Korrikan

Bizkaie! 2026-03-13 10:56   Euskerea berbagai

24. Korrikaren aurkezpena egin dabe Bilboko EITBren egoitzan.

Aste bete falta da Korrikari hasierea emoteko. Politikoek, sozialek, sindikalek eta euskalgintzakoek Korrikaren aldeko konpromisoa berretsi dabe.

AEKren Nazino Kontseiluko kide Lurdes Etxezarretak gogorarazu dauenez, hilabeteak daroaguz AEKko kideek atonketa-lanetan buru-belarri; halanda be, askoz gehiagok osotzen dogu euskaldunon komunidadea eta askoz gehiagok osotzea gura dogu.

Euskerea arnasa da. Euskerearen komunidadea gara!

Ane Elordik, Korrikako arduradunak, emozino eta komunidade ideak jarri ditu erdigunean: bibibarritzen dabilen komunidade aske eta edegia gara. Euskara gara goiburuak begi-bistako mezua dau: euskereak persona guztiak hartzen ditu, haldanda ze, euskerea ez da mugea; arnasa da. Zubi bezela jorratu behar dogu. Guztiontzat lekua izango dauen komunidadea eregi behar dogu. Euskerearen herrian mundu osoa sartzean da.

Horrezaz gan, azken Korrikan oinarrituta egin zan doktoretza-tesiaren inguruan berba egin dau: ikerketa lan horren ondorio nagusia izan zan Korrikak eragin emozional positiboa sortzen dauela parte-hartzaileen artean.

Lekuko-hartze bereziak

24. Korrikak 2175 kilometro eta 3436 lekuko-hartze izango ditu, inoiz baino gehiago. Esaterako, Errigorak, San Adriánen hartuko dau lekukoa, produktore, sarekide eta bidelagunekaz batera. Euskalgintzearen Kontseiluak, bestalde, Azkainen eta Ezkirotzen eroango dau. Palestina be presente egongo da, Gasteizko Bake kalean Palestina gara izenpean egingo daben lekuko-hartzean; horrezaz gan, Donostian autortzea egingo deutse Teresa del Valle antropologoari, haren familiak eta bidelagunek lekukoa hartuta.

Era berean, hizkuntza gitxiagotuen aldeko lasterketen arteko alkartasuna be ikusiko da: Korrikaren ahizpek 24. Korrikan parte hartuko dabe, esaterako Okzitaniako La Passemek Atharratzen edo Bretainiako Ar Redadeg-ek Errezilen. Bilbon be ikusiko ditugu ahizpa biak.

Emozinoa eta aldarrikapena

AEK-Korrikako ordezkariek gogorarazo dabe Korrika ez dala jaia bakarrik: ez gara folklore, Euskara gara.

Etxezarretak gaineratu dau euskerearen komunidadeari euskerearen ezagutza unibersala zor jakola: Euskara gara aldarriari eutsiz, helduen euskalduntzea lehen lerroan jarri gura dogu. Doban eta guztiontzat, hezkuntzea, transmisinoa eta helduen euskalduntze eta alfabetatzeak bermatzeko. Euskeraz eroso biziteko eskubidea daukagu.

Albina Stardust eta Ana Goitia izan dira aurkezpen ekitaldian. Biak, Korrikaren spotaren protagonistak izan dira. Badator 24. Korrika!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu