Euskerearen dibersidadea jagon dabenak omenduko ditue Gernika-Lumon, Ikastolen Ibilaldian

Dabi Piedra Robledo 2014-05-15 14:36   Euskerea berbagai

Seber Altube ikastoleak antolatuko dau aurtengo Ibilaldia, Euskararen bihozfera lelopean, bagilaren 1ean. Gaur, zirkuitua eta bertan egongo diran jarduerak aurkeztu ditue. Edade guztientzako ekintzak eta lau gune egongo dira, Gernika-Lumo eta Foruko udalerrietatik eratutako 6,5 zirkuituan. Aurtengo omenduak, euskerearen dibersidadea, hau da, euskerearen euskalkiak jagon eta zabaldu dituenak izango dira.

Seber Altube ikastoleak antolatuko dau aurtengo Ibilaldia, Euskararen bihozfera lelopean, bagilaren 1ean. Gaur, zirkuitua eta bertan egongo diran jarduerak aurkeztu ditue. Edade guztientzako ekintzak eta lau gune egongo dira, Gernika-Lumo eta Foruko udalerrietatik eratutako zirkuituan. Aurtengo omenduak, euskerearen dibersidadea, hau da, euskerearen euskalkiak jagon eta zabaldu dituenak izango dira.

Europako Legebiltzarreko hauteskundeakaz bat ez egitearren, aurten Ibilaldia ez da maiatzaren azkeneko domekan izango, hurrengoan baino, bagilaren 1ean. Gernika-Lumon izango da aurtengo jaia, baina antolatzaileek garbi itxi gura izan dabe Busturialde osoaren Ibilaldia dala hau. Gernikatik harago, eskualde osoaren eguna izango da, azpimarratu dau Zihara Enbeita koordinatzaileak. Holan, zirkuitua, Gernika-Lumoko lurretatik joango da batez be, baina Foruko udalerritik be pasauko dira ibiltariak zati baten. Zirkuitu urbanoa izango da, dino Enbeitak, baina era askotako ondarea ikusi ahal izango da, adibidez naturea, kultura arloan daukaguzan aberastasunak eta, jakina, euskerazko giroa. Urdaibaiko Biosferearen Erreserban izango da aurtengo Ibilaldia eta antolatzaileek oso kontuan euki dabe hori, jaialdiaren ezaugarriak zehazteko orduan.

6,5 kilometroko zirkuituan lau gune egongo dira eta, eremu bakotxean, era askotako jarduerak antolatu ditue. Ikastola eta Urdaibai guneetan, batik bat kontzertuak eta jantza emonaldiak egongo dira. Pasealekua gunean, barriz, herri kirolak, magia, tirolina eta flashmoba. Amaitzeko, Lurgorri gunea, familan pasetako egokiagoa da, ume txikiak daukiezan sendientzako ekintza asko batu ditue han. Ludotekea, Irrien Lagunak, umeentzako jolasak eta kontzertu lasaiagoak egongo dira Lurgorri gunean. Edade guztiei begirako egitaraua antolatzen ahalegindu gara, azaldu dau Zihara Enbeitak. DBHko gazteen parte-hartzea handitu nahi izan dabe eta, holan, Erronka izeneko lehiaketa barria sartu dabe egitarauan, Gipuzkoako Kilometroetan hasitako esperientzia oinarri hartuta. Bizkaiko ikastola guztietako taldeak dagoz Erronkan parte-hartzera konbidauta, izena emoteko epea zabalik dago. Proba asko gainditu beharko ditue partaideek, batzuk fisikoak, beste batzuk adimenagaz lotuak, DBHko gaztetxuei protagonismoa emotea da asmoa.

Zirkuitua goizeko hamarretan zabalduko dabe. Urtero legez, omenaldia izango da hitzordu nagusietako bat. Aurten, Urdaibaiko biodibersidadea eta hizkuntzen aniztasuna alkarri lotuaz, euskerearen dibersidadea, batez be euskalki eta azpieuskalkiak gordeten jardun diranak omenduko ditue. Zihara Enbeitak azaldu dauenez, euskerearen aldaerak gorde eta zabaltzen lanean dabilzan alkarte eta taldeak konbidauko ditue. Omenaldian parte hartuko daben alkarteak zeintzuk diran, zerrenda osoa zehaztuta daukienean esango dabe.

Aurtengo beste nobedade bat, jasangarritasunaren arlotik dator. Jaurlaritzeagaz eta beste erakunde batzuekaz batera martxan ipinitako proiektuaren lehenengo probea egingo dabe Gernikako Ibilaldian. Proiektuaren asmoa da, Ibilaldiaren moduko jai jentetsuetan ingurumena eta jasangarritasuna kontuan hartzea. Zaramea gaika batuko dabe eta edalontzi berrerabilgarriak banatuko dira. Zihara Enbeitak eskari bat egin deutse Ibilaldira joango diranei, mesedez, ahal dala ekarri daiala bakotxak bere edalontzia etxetik, holan ingurumenari kalte txikiagoa egingo deutsagu. Alkoholaren konsumoari neurria ipinteko, barriz, dekalogoa atara dau Ibilaldiak.

Urte osoko lanaren emoitzea da Ibilaldia, boluntario askoren laguntzinoari esker, adierazo dau Seber Altube ikastolako zuzendari Nagore Iturbek. Garraio publikoa erabilteko deia be egin dabe antolatzaileek, Bizkaibusek eta Euskotrenek zerbitzu bereziak ipiniko ditue eta, ezinbestean autoan etorri behar dauenak be, autoa beteta ekarri daiala. Egitarauaz zehaztasun gehiago, helbide honetan: www.ibilaldia.net

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu