Espainiak eta Frantziak euskereari traba gehiago egin deutsiela salatu dau Kontseiluak

Dabi Piedra Robledo 2014-03-18 13:53   Euskerea berbagai

2013ko Hizkuntza Politiken Urtekaria aurkeztu dau Bilbon Kontseiluak, euskerearen normalizazinoaren bidean egin diran pausuak eta jasan diran erasoak batzeko txostena.

2013ko Hizkuntza Politiken Urtekaria aurkeztu dau Bilbon Kontseiluak, euskerearen normalizazinoaren bidean egin diran pausuak eta jasan diran erasoak batzeko txostena. Oraingoan, Paris eta Madrileko gobernuen jarrerea bereziki aitatu dabe urtekarian, Estaduen esku hartzea nabarmen handitu dalako, egiturazko sailetan ganera, hezkuntzan adibidez. Kontseiluaren ustez, deigarria da, Euskal Herria garai barri baten sartzeko lanean dabilen artean, Espainiak eta Frantziak hizkuntza alorrean traba gehiago ipini izana.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiaren ustez, eskubidea daukagu geure hizkuntza politikea garatzeko, kanpoko inoren interbentzino barik. 2013an, baina, baldintza hori ez zan bete. Iñaki Lasa Kontseiluko ildo politiko-instituzionaleko buruak, ganera, azpimarratu dau, egoereak okerrera egin dauela, estaduek areagotu egin dabe esku hartzea, sail estrategikoetan ganera. Hezkuntza arloa izan da eragin hori igarri dabenetako bat. Kontseiluak, besteak beste, Espainiako Gobernuaren Lomce legea eta Frantziako legedian 1850etik indarrean dagoan Falloux legea aitatu ditu. Kasu bietan, euskerazko hezkuntza ereduei kalte egiteko erabili nahi da legea, umeen euskalduntzea oztopatu ez eze, orain arteko bidea desegiteko helburua daukie, dino Lasak.

Paul Bilbaok adierazo dauenez, azken finean, estaduek nahi dabena da, azkenengo berbea eurena izatea, Damoklesen ezpata euren esku dago. Kontseiluak, baina, ez dau uste kasualidadea danik Espainiak eta Frantziak erasoak areagotu izana. Euskal Herria sasoi barri baten sartu da, garai barriak datoz eta, estaduek, hizkuntzearen bidez ipini nahi ditue trabak, dino Bilbaok, Euskal Herrian beste etorkizun bat nahi badogu, hizkuntzan be gitxieneko baldintza batzuk eskatu behar doguz. Kontseiluaren ustez, euskerearen normalizazinoak eta herritar guztiek euskeraz berba egiten jakiteak, asko lagunduko leuke bizikidetzea lantzen.

2013ko urtekariak, Kontseiluak atara dauen laugarrenak, bertoko administrazinoek hartutako erabagi batzuk be kritiketan ditu. Beren-beregi, Nafarroako Gobernuaren jarrerea txarretsi dabe. Guardia Zibilak Nafarroako D ereduaren inguruan egindako ikerketea eraso larria da, dino Iñaki Lasak eta ondokoa gehitu dau: Nafarroan D ereduaren garapena etetea, helburu garbi hori dauka. Iruñeko Gobernuak euskerazko hezkuntzeari ipinten deutsazan era guztietako eragozpenak salatu ditue urtekarian, adibidez, ingelesezko ereduei lehentasuna emonda. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, egoerea hobea da, baina Iñaki Lasak 2013ko puntu negatibo batzuk aitatu ditu, adibidez Murgiako gurasoek euren seme-alabentzako euskerazko hezkuntza duina lortzeko egin behar izan daben ahalegina.

2013ko txostenean, alderdi positiboak be batu dira, aurrerapausuak. Osakidetza normalizetako planean, esate baterako, langile euskaldunak identifiketako asmoa neurri positiboa dala dino Lasak. Administrazinoa euskalduntzeko 5. plana be abian da, ausardia gehiago eskatu nahi deutsagu Jaurlaritzeari administrazinoa euskalduntzeko, planak hutsune batzuk ditu. Iruñeko Udalak euskerearen ordenantzea sortzeko pausuak emon dituala eta udal batzuk euskereari lehentasuna emoten hasi dirala goraipatu dau Kontseiluak. Korrika, Herrigora eta puntu eus ekimenak be txalotu ditu.

Paul Bilbaok aldarrikapen nagusi bat egin dau, askotan ahaztu egiten dogu euskerea agenda politikoan sartzea, kanpoko inoren esku hartze bako hizkuntza politikea garatzeko eskubidea daukagu. Kontseiluak, Euskerearen gitxienekoak zehazteko adierazpena argitaratu eban 2012an eta han jasotakoak dirala abiapuntua adierazo dau Bilbaok. Euskeraz bizi nahi daben guztiei dei egin deutsie, lanean jarraitu deien. 2013ko urtekaria nahi daben guztien eskura ipini dau Kontseiluak, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu