Europak hizkuntza gitxituak babesteko daukan erantzunkizuna azpimarratu dabe Bilbon

Dabi Piedra Robledo 2014-02-21 11:05   Euskerea berbagai

Hizlariek gaur nabarmendu daben giltzarrietako bat izan da, orain arte, Europak arreta eskasa eskaini deutsela gitxiengoen eta estadu bako nazinoen hizkuntzei. François Alfonsik adierazo dauenez, Europaren ezaugarri nagusietako bat da aniztasuna, europar ondarea oso zabala da; horregaitik, Europako erakundeei erantzunkizuna eskatu behar jake aniztasun hori gorde eta babesteko.

Bertoko eta Europako erakundeetako eta euskalgintzako ordezkariak batu dira gaur, Bilbon, Ama Hizkuntzen Egunean. Sabino Arana Fundazinoaren egoitzan izan da topaketea eta Euskaltzaindiak be parte hartu dau antolakuntzan. Irailaren 11n Europako Legebiltzarrak onartu eban adierazpena aztertu dabe eta erakunde publikoek, baita Europakoek be, kontinenteko hizkuntza aniztasuna babestu behar dabela nabarmendu dabe. Era berean, euskerea lako hizkuntzak bizibarritzeko, eragile eta hiztunen arteko alkarlana aldarrikatu dabe.

Desagertzeko arriskua daben europar hizkuntzez eta hizkuntza-aniztasuna Europar Batasunean, horixe izan da gaurko jardunaldiaren izenburua. François Alfonsi korsikarra, Csaba Sandor Tabajdi hungariarra eta Ramon Tremosa katalana etorri dira Bilbora, Europako legebiltzarkide legez. Izaskun Bilbao eta Inaki Irazabalbeitia, Euskal Herriak Europan daukazan ordezkari bi be egon dira topaketan. Era berean, euskalgintzako eta erakundeetako ordezkaritza zabala egon da. Sabino Arana Fundazinoko eta Euskaltzaindiko buruakaz batera, Azkue Fundazinoak, Bilboko Udalak, Eusko Jaurlaritzak, gurasoen alkarteek, Kontseiluak, unibertsidadeek, Topaguneak, euskaltegiek eta abar, goi mailako ordezkaritzea eizan dabe.

Mintegiaren koordinatzaile Erramun Osa euskaltzainak gidatuta, hizkuntza gitxituen bizibarritzearen ganean euren ikuspegia azaldu eta proposamenak trukatu ahal izan ditue. 48 parte-hartzaile izan dira guztira eta Juan Mari Atutxa Sabino Aranako presidenteak adierazo dauenez, mahai-inguru anitza osotu dogu.

Europako Legebiltzarreko bost ordezkari egon diranez, topaketearen ardatz nagusietako bat Europar Batasunaren hizkuntza politikea izan da. Kide diran estaduetako gobernuen erantzunkizuna be jorratu da, batik bat Espainia eta Frantziarena. 2013ko irailaren 11n, Europar Batasuneko hizkuntza gitxituen eta hizkuntza aniztasunaren aldeko adierazpena onartu zan legebiltzarrean. Ramon Tremosa katalanak azaldu dauenez, hitzarmena ez da loteslea, baina aurrerapausua danik ezin da ukatu. Irailaren 11ko proposamenak parlamentarien artean izan eban babes zabala ikusita, François Alfonsi korsikarrak uste dau, Europak orain arte izan dauen jarrerea aldatzea lortu dala. Indar morala emon deusku, dino Inaki Irazabalbeitiak. Izan be, hizlariek gaur nabarmendu daben giltzarrietako bat izan da, orain arte, Europak arreta eskasa eskaini deutsela gitxiengoen eta estadu bako nazinoen hizkuntzei. Alfonsik adierazo dauenez, Europaren ezaugarri nagusietako bat da aniztasuna, europar ondarea oso zabala da; horregaitik, Europako erakundeei erantzunkizuna eskatu behar jake aniztasun hori gorde eta babesteko.

Halandabe, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak aitatu dauenez, irailaren 11ko adierazpena abiapuntua da, ez helburua. Ildo horretatik, Inaki Irazabalbeitiak esan dau ezinbestekoa dala hizkuntza gitxituetako ordezkarien artean alkarlana bultzatzea. Izaskun Bilbaok ganeratu dau, lehenengo urratsak emon dirala eta, horren lekuko, hizkuntza minoritarioen intergroup dalakoa, era horretako taldeen artean aktiboena izan dana amaitzear dagoan legegintzaldian. Talde horretan, nazino eta alderdi askotako europarlamentariak batzen dira, euskaldunak tartean. Bilbaok, hurrengo legegintzaldian ekimen horregaz jarraitzeko beharra nabarmendu dau (Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak maiatzean egingo dira).

Europak hizkuntza politika bat garatu daiala, hizkuntza aniztasuna modu eraginkorrean aintzat hartuko dauena, horixe eskatu dau Baztarrika sailburuordeak. Csaba Sandor Tabajdik Europar Batasunaren kontraesana salatu dau: Batasunean sartu nahi daben herrialdeei hizkuntza gitxituen karta sinatzeko eskatzen jake, baina gero, hor dago Frantzia, sinatzeko bape asmo barik. Frantziaren politika linguistikoa salatu dau Tabajdik, hizkuntza gitxituak ito egiten ditualako, baina hizkuntzak bizibarritzea hiztunen esku be badagoala gogoratu eragin dau. Alde horretatik, Andres Urrutia euskaltzainburuak alkarlana eskatu dau euskerearen alorrean, alkarkidetzeak emoitza esanguratsuak emoten ditu. Ganera, Urrutiak dino, euskaldunok sarri urrun ikusten dogu Europa, geure arazoen konponbidea ez dala handik etorriko uste dogu; gaur, uste hori urrundu eta bidea errazten gabilz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu