Juanito Dorronsoro ikerlariak jarriko deutso txapela Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazleari
2013-12-04 14:26 BertsolaritzeaJuanito Dorronsorok ipiniko deutso txapela irabazleari. 1936an Ataunen jaio zan Dorronsoro, baina aspalditik Zumaian bizi da. 60 eta 70eko hamarkadetan, ikastolen mobimentuaren sortzaileetako bat izan zan eta, ganera, eskoletan bertsolaritzea sartzen aintzindari izan zan. Dana dala, bere lanik aitagarriena bertsoen doinuak aztertzea izan da.
Barakaldoko BEC erakustazokan jokatuko da finala, abenduaren 15ean, eta antolatzaileek dana daukie prest hitzordurako. Zaleek bikain erantzun dabe, 13.500 sarrerak dagoeneko salduta dagoz eta. Zortzi finalistak, onena emoteko asmoz eta BEC euskal kulturearen jai bihurtzeko gogoz dagoz. Aurtengo txapeldunari, Juanito Dorronsorok ipiniko deutso txapela, bertsoetako doinuak sailkatzen egin dauen lanaren omenez. Zortzi finalistak honeek dira: Maialen Lujanbio aurreko txapelduna, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Sustrai Colina eta Unai Iturriaga.
Bertsozale Alkarteak 350 lagun izango ditu finalaren egunean beharrean, danak ondo urten daian. Izan be, dimensino erraldoia hartu dau txapelketeak berak eta, batez be, abenduaren 15eko finalak. Sarrerak bost aste lehenago agortu dira eta, beraz, 13.500 bertsozalek lepo beteko dabe BEC. Krisi sasoian egonda, zaleek holako erantzun bikaina emon izana poztekoa dala uste dau Iñaki Murua alkarteko presidenteak, ondo egindako lanaren seinale da, baina kezkea be eragin deusku, sarrera barik geratu diranakaitik. Finalistetako batek, Unai Iturriagak, honakoa uste dau: Publikoari begira ibilten diranen irudia okertu egin da gizartean, begira politikariei adibidez; baina, bertsolarioi kontrakoa pasau jaku, gero eta ikusmin handiagoa dago bertsoagaz; agian izango da, guk ez daukagula artifiziorik, jardun naturala da gurea, erraz ulertzeko modukoa eta, gaur egun, hori nahi dau jenteak.
BECeko finala goiz eta arratsaldekoa izango da. Goizean, 15 bertso puntuagarri bota beharko ditu bertsolari bakotxak. Arratsaldean, hamarna bertso izango dira eta, puntuazinorik onena daukien biak buruz burukora igaroko dira. Horreek biek beste hamarna bertso botako ditue, garailea erabagiteko. Aurkezle lanean, Joana Itzaina, Zuriñe Iarritu, Alaitz Rekondo eta Saroi Jauregi ibiliko dira. Eguerdian, nahi dabenentzako bazkaria preparauko dabe BECeko 6. pabilioian eta haurtzaindegi zerbitzua be egongo da (3 eta 9 urte bitartekoentzat, abenduaren 9ra arte egin leiteke eskaria).
Finala hartzeko erronkeari ondo eutsi deutso Bizkaiak aurreko aldi bietan, oraingoan be ziur nago holan izango dana, adierazo dau Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko euskera zuzendariak, Barakaldon jokatuko dan hirugarren finala dala gogoan hartuta. Jokin Castaños Txapelketa Nagusiko arduradunak azpimarratu dauenez, Euskal Herriko txoko guztietatik etorriko da jentea, autobusak be ipini doguz. Aurtengo finaleko nobedade nagusia, Mintzolaren Terraza Zientifikoa izango dala aurreratu dau Castañosek, txapelketa honetan, ikerketeak garrantzia handia hartu dau eta horren erakusgarri izango da. Detaile gehiago, aurrerago emongo dituela agindu dau. Iñaki Murua Bertsozale Alkarteko presidenteak, bere aldetik, iragarri dau Juanito Dorronsorok ipiniko deutsola txapela irabazleari. 1936an Ataunen jaio zan Dorronsoro, baina aspalditik Zumaian bizi da. 60 eta 70eko hamarkadetan, ikastolen mobimentuaren sortzaileetako bat izan zan eta, ganera, eskoletan bertsolaritzea sartzen aintzindari izan zan. Dana dala, bere lanik aitagarriena bertsoen doinuak aztertzea izan da. Doinuak topau, aztertu eta sailkatzen jardun da luzaroan. Gaur egun, 3.000 doinu inguru daukaguz identifikauta, Juanito Dorronsororen modukoei esker, adierazo dau Muruak.
Finalean kantauko daben bertsolari guztiek, abenduaren 15ean espero dabenaren inguruan egin dabe berba:
- Maialen Lujanbio: Txapelduna danez, finalera sailkatu da zuzenean eta, beraz, oraindino saiorik egin barik dago txapelketan. Txapelketea bertsozale moduan bizi izan dot orain arte, baina oso barrutik sentidu dot; kantetako egun bakarra daukazunean, gatxa da punttua egun aproposerako lortzea, baina ahaleginduko naz. Gozetea da gure helburua, horretarako, egunaren gozamenak eta sorkuntzearen estutasunak bat egin behar dabe.
- Amets Arzallus: Aurrekoan bigarren egin eban, baina txapela irabazteak ez dauela itsutzen adierazo dau. Gure herriaren zazpi ertzetatik etorriko dira entzuleak, geure hizkuntzearen jaia izango da, herri izatetik hurreago egongo gara.
- Unai Iturriaga: 1993an nire lehenengo finalean kantau nebanean, gazteena nintzan, orain zaharrena naz; badago garapen bat eta erantzunkizun bat.
- Igor Elortza: Pozik nago orain arte egin dodan lanagaz, 15ean beste horrenbeste egin nahi dot. Gizarteak izan dituan aldaketakaitik, uste dot neurri humanoan jardun beharko dogula, jenteagana hurreratzeko bidea hori da.
- Aitor Sarriegi: Ahalik eta ondoen kantetan ahaleginduko naz, dino bere bigarren finalaren atarian.
- Aitor Mendiluze: Uste dot, orain arteko moduan, kolore askotako bertsoak entzungo dirala BECen. Ni neu, orain arte ez naz oso gustura geratu txapelketan emondakoagaz, gehiagorako gai naz.
- Sustrai Colina: Orain arteko lana konfirmau nahi dot, ahal bada koxka pare bat igonda. Bidean ahalik eta urrunen heldu nahi dot, ez dot bertso bakar bat be alferrik galdu nahi finalean.
- Beñat Gaztelumendi: Finaleko gazteena eta aurretik finalik jokatu ez dauen bakarra da. Momentu onean harrapau nau txapelketeak. Belaunaldi gazte baten ordezkari nazala sentiduten dot, nire belaunaldiko guztien ahotik abestuko dot.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!