Argitaratu eta 200 urtera, Jane Austenen 'Harrotasuna eta aurrejuzkuak' euskeraz irakurri geinke barriro
2013-11-19 14:58 KultureaEIZIE eta Eusko Jaurlaritzearen arteko akordioari esker, Ana Isabel Moralesek egindako itzulpena berrargitaratu da, Elkar argitaletxearen Urrezko Biblioteka bilduman. Harrotasuna eta aurrejuzkuak, XIX. mendearen hasierako Ingalaterrako gizartea ezagutzeko liburu aproposa da eta lekua egin dau literatura unibersalaren obra gorenen artean, Austenen idazkera zorrotzari esker.
EIZIE eta Eusko Jaurlaritzearen arteko akordioari esker, Ana Isabel Moralesek egindako itzulpena berrargitaratu da, Elkar argitaletxearen Urrezko Biblioteka bilduman. Harrotasuna eta aurrejuzkuak, XIX. mendearen hasierako Ingalaterrako gizartea ezagutzeko liburu aproposa da eta lekua egin dau literatura unibersalaren obra gorenen artean, Austenen idazkera zorrotzari esker. Obrearen detaile guztiak euskerazko itzulpenera eroaten ahalegindu da Ana Isabel Morales.
Literatura Unibersala bilduman obra ezagun ugariren itzulpenak argitaratzen dira, baina lehenengo ehun itzulpenak galduta dagoz. Horregaitik, EIZIEk eta Eusko JaurlaritzEak hitzarmena egin dabe horreetako batzuk berrikusi eta berrargitaratzeko, Urrezko Biblioteka bilduman. Jane Austenen Harrotasuna eta aurrejuzkuak izan da aukeratuetako bat, lehenengo argitaralditik ia 20 urtera, barriro bueltau da liburudendetako apaletara. Lotura handia daukat liburu horregaz, azaldu dau Ana Isabel Moralesek, baina 20 urte eta gero, gatxa da barriro obra bati heltzea, ikara apur bat be euki neban. Gaur eguneko ikusmolde eta erispideetara moldatu dau testua eta, bide batez, hitzaurre mardula ipini deutso liburuari. Xabier Mendiguren editoreak azaldu dauenez, itzulpen bat ez da inoz behin betikoa, aurrekoa orraztu dau egileak eta, hitzaurrean, XIX. mendeko ohitura eta pentsaerez gogoeta sakona eskaintzen deusku.
Txikitan etxean nobela honetan oinarritutako telesail bat ikusi nebanetik, liluratu egin nau, aitatu dau Moralesek. Izan be, Harrotasuna eta aurrejuzkuak, nobela aintzindaria izan zan bere sasoian. Kontuan hartu behar da 1813an argitaratu zala, aurten 200 urte. Eleberri modernoaren amatzat joten da Jane Austen eta, Moralesek azpimarratu dauenez, lehenengo aldiz, emakume baten ikuspegitik kontau ziran gauzak, emakumeei ardura jakezan kontuez jarduten da nobelea. Liburuak erakusten dau lehenenengo inpresinoak okerrak izaten dirala eta aurreretxiak gainditzeak ahalegin handia eskatzen dauela. Jane Austenek ez zituan muturreko jarrerak gogoko, hori pertsonaiak azaltzeko moduan igarten da, dino Moralesek. Bere sasoiko ohitura artifizialak kritiketan ditu, umore fin eta ironikoaren bidez, gizarte estu haretako hipokresia agirian itxi eban.
Literaturan, emakumearen ordura arteko irudikapena be irauli egin eban Austenek. Emakume makalak, gizonen menpekoak agertu beharrean, Jane Austenek nahiago ditu ekintzaileak, adimentsuak eta indartsuak, nobela honetako Elizabeth Bennett protagonistea lakoak, dino Moralesek. Ezkontzek garrantzia handia daukie Austenen obran, sasoi haretan, emakumeen bizitzan ezkontzea inportantea zan, kartzelea eta bizirauteko bidea zan aldi berean. Elizabeth Bennettek erabagiak bere kabuz eta era arrazionalean hartzeko daukan gogoak erakarri egiten dau Morales. Gizartearen eta norbanakoaren interesen arteko gatazka etenbakoa dago.
Harrotasuna eta aurrejuzkuak, gizarte molde baten irudikapen zehatza da eta, tradizinoan eta itxurakerian oinarritutako ingurune baten emakumeek euren lekua egiteko aldarrikapena be bai. Ana Isabel Moralesen lanari esker, euskeraz disfrutau geinkez orain Austenen alkarrizketa mamitsuak eta umore fina. Ganera, Eusko Jaurlaritzeak, 2014an 95.000 euro ipinteko asmoa dauka, EIZIE eta Elkarregaz alkarlanean Urrezko Biblioteka bildumea osotuten jarraitzeko. Aurrekontu proiektua onartzeko dago oraindino, baina Jaurlaritzeak proiektuagaz segiduteko borondatea daukala adierazo dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!