Alatz Bilbao sukaldaria izango da Aitabitxia Bakion
2026-03-12 12:36 KultureaLehen aldiz, txakolin gorria probetako aukerea egongo da.
Zaporearen doinua da aurtengo San Jose Jaiak iragarteko goiburua. Herriko tradizinoa da datorren jarduerea, txakolikaren uzta barriaren aurkezpena. Baserrietan naturaltasunez produziduten eben. Gainera, mahastiak etxeko egituren pieza garrantzitsuak ziran, esaterako gerizpeak eta hesi-itxiturak sortzeko. Halanda ze, herriaren nortasuna ulertzeko ezinbestekoa da.

Txakolin gorria probetako eguna
Martiaren 18tik 22ra bitartean izango dira San Jose Jaiak Bakion. Txakolinaren uzta barria ezagutu eta probetako aukera ezin hobea izaten da. Aurton, nobedade bezela, martiaren 19an, Tabernaldeko Frontoian Txakolin gorria probetako saio herrikoia atondu dabe. Txakolin gorriaren jatorria eta ezaugarriak herritar guztiei adierazotea da ekimenaren helburua, betiko ardaozale eta adituez harago, txakolina Bakioko nortasun kulturalaren parte garrantzitsua da-eta.
Amets Jauregizar alkateak adierazo dauanez: Bakioko Udalak eta San Jose jaietan parte-hartzen daben upategi eta eragileok, txakolin gorria indartzeko konpromisoa hartu dogu. Berezia izateaz gan, Bakiok beti eutsi deutson komunidadearen erresilientziaren sinbolo izan daiteke. Sommelier batek gidatuko dau ekitaldia eta bien bitartean artista bik horma-irudia sortuko dabe.
Ekitaldia 18:00etan hasiko da. Doban izango da, baina parte-hartzeko tiketak hartu beharko dira aurrez udaletxean edo kultur etxean. Bitartean, umeentzako tailerrak atondu ditue.
Martiaren 20an, gazteenentzako txandea izango da, izan be, Esna Gazte musika taldeak kontzertua eskainiko dau Tabernaldeko Frontoian, 19:00retatik aurrera.
Ikusi hemen ekitaldiaren aurrerapen bideoa.
Alatz Bilbao sukaldaria, Bakioko txakolinaren aitabitxia
San Jose jaietako zita garrantzitsuena azoka eguna izaten da, duda barik. Aurton be, Bakioko txakolinaren uzta barria ezagutu ahalko da Zubiaurrealden egokituko diran salmenta postuetan; gainera, 12:30ean ekitaldi nagusia egingo dabe, uztearen inguruko zehetasunak emoteko. Bertan betiko brindisa egingo dabe aurtengo txakolinaren aitabitxiagaz batera: Alatz Bilbao sukaldaria. Mungiako Bakea jatetxean tradizinoa eta barrikuntzea buztartuz egiten dauen eskaintzeagaitik ezaguna, Michelin izarra emon barri deutse. Haren filosofia jatetxeko izaeran islatzen dau, besteak beste, burdingintzearen ofizioan ikasitakoa aprobetxauta sortu ditu-eta sukalderako tresnak eta baxerak. Lehen mailako gastronomia eskaintzen dau, baita edarien artean Bakioko txakolin gorria be, ingurunea estimetan dauen seinale.
Beraz, txakolinaren aitabitxi parebakoa izango da atontzaileen ustetan: guretzako txakolin gorria hori da, tradizionala eta era berean barritzailea. Gaur egun be interesa biztu dau, nahiz eta urteetan merkatuaren logikeak txakolina zuria izan behar dala esan.
Bertako txakolina ezeze, beste hainbat ardao ezagutu ahal izango ditue azokara batzen diranek. Hain zuzen be, bigarren urtez ardao atlantikoen erakusleiho izango da Bakio. Kokapen geografikoak, lurraren ezaugarriek eta itsasoaren gertutasunak berezitasuna emoten deutse Bakioko txakolinari; nortasun eta freskura handiko edaria da eta ardao atlantikoen korrontean sailkatu dabe adituek.
Eskualdeko produktuak
Bestalde, martiaren 21ekoa Bakioko eta eskualdeko nekazarien produktuak erakusteko hitzordua izango da, baita herriko abeltzainen eta artisauen produkzinoa be. Barazkiak, eztia, ogiak, gozoak, taloak... danetik egongo da. Zubiaurrealdeko jai eremuan karpa bi egokituko ditue, bata txakolin postuetarako eta bestea eskualdeko produktu eta animaliak erakusteko. Artisauen gunea frontoian egongo da, Arte Ta Parte alkartearen laguntzaz atontuda.
Aurton ez da abelgorri edo behi-aziendarik egongo erakusketan, Eusko Jaurlaritzeak osasun erispideak ezarri ditualako. Idi-probarik be ez da egongo eta horren ordez herri kirolak eskainiko ditue probalekuan, hilaren 19an.
Bakioko Txakolin Museoan be izango dira ekintzak, esaterako: hilaren 19an bisita gidatua eskainiko dabe eta 22an, barriz, San Josetan oh8ikoa dan lez, ardaoak probetako saioa izango da. Ekitaldi biak eguerdiko 12:00etan hasiko dira eta Txakolingunean emon beharko da izena aurrez.
Aurreko amabitxi eta aitabitxiak
Igaz Lur Errekondo kirolari eta aurkezlea izan zan Bakioko txakolinaren amabitxi. Aurretik Euskal Herriko eremu kultural eta sozialeko beste hainbat lagunek izan eben ardurea, besteak beste: Itziar Ituño, Aiora Renteria, Iker Galarza, Kepa Junkera, Joane Somarriba, Unai Basurko, Ana Urrutia, Toti Martinez de Lezea, Jon Aspuru, Natxo Gonzalez eta Jose Angel Iribar. 1998tik izentetan da urtero txakolinaren amabitxi edo aitabitxia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
