Suediako profesional talde batek Bermeoko jai, ohitura eta gastronomiari buruzko proiektu bat abiarazoko dau
2013-09-05 14:09Asmoa da Bermeon ospatzen diran jai egun garrantzitsu honeek zelan bizi doguzan ezagutzea eta gure kulturea eta gastronomiari buruzko proiektu bat martxan jartea. Holan, jai egunetan, Suediako artista, diseinatzaile, argazkilari eta sukaldariakaz osotutako 20 persona inguruko taldea izango da herrian.
Suediako profesional talde bat etorriko da Bermeora Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan gure txokoak, gastronomia eta ohiturak ezagutzera. Bere helburua da Bermeon ospatzen diran jai egun garrantzitsu honeek zelan bizi doguzan ezagutzea eta gure kulturea eta gastronomiari buruzko proiektu bat martxan jartea. Holan, jai egunetan, Suediako artista, diseinatzaile, argazkilari eta sukaldariakaz osotutako 20 persona inguruko taldea izango da herrian.
Bego Gangoiti Bermeoko Turismoko teknikariak atzo egindako prentsaurrekoan ekimen honen barri emon dau. Gogoratu dauenez, Suediako talde honetako kide batzuk orain dala hamabost urte Europako lurralde desbardinetako biztanleei argazkiak ataratea ardatz eukan proiektu bat martxan jarri eban.
Bidaia Euskal Herrian hasi eben eta Bermeora etorri ziran Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan. Berton, geure herriagaz, kultureagaz, gastronomiagaz eta herritarrakaz maitemindu ziran. Argazkiak atera zituen eta dokumentu grafiko izugarria egin eben gure jaien inguruan. Are gehiago, Suedian txoko antzeko bat antolatzen hasi dira eta inoiz sukalkia be egin dabe mahoiz jantzita eta guzti, azaldu dau.
Gangoitik azpimarratu dauenez, aurten, gure herriko ohiturei buruzko proiektu bat martxan jartea erabagi dabe, txokoak ardatz hartuta. Horretarako, hainbat txoko bisitauko ditue, euren eguneroko bizitza ezagutzeko eta jakinarazoteko. Horregaitik, proiektuaren izena Misión txoko da.
Kontuak kontu, Arrantzale Egunean, irailaren 9an, stand bat jarriko dabe Portuan bermeotarrakaz jai giroan argazkiak eta alkarrizketak egiteko helburuagaz. Beraz, herriko txokoetako kideak stand horretatik pasau daitezala eskatzen dogu eta txokoetako ateak edegitea Suediarrek jaiak zelan bizi doguzan ikusi eta filmau ahal izateko, adierazo dau.
Horrezaz gan, Turismo teknikariak azaldu dau euren erronka garrantzitsua dala sukalki eguna, izan be, euren artean Suediako sukaldari famatu bat dago, mundu mailako hainbat lehiaketa irabazi dituana, eta hilebeteak daroaz sukalkian aurkezteko prestatzen. Txapelketa honen ingurukoak be jaso nahi ditue aitatu proiektuan.
Arrantzan be joango dira eta Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako beste ekitaldi asko eta askotan be parte hartuko dabe eta hori guztiori dokumental batean jasoko dabe, holan Suedian be Bermeo eta bermeotarron kulturea ezagutu ahal izateko. Horrezaz gan, esperientzia hau liburu batean jasotea be espero dabe.
Erantzunak
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
Lastimea txinarrak edo japoniarrak ez izana, jaaa, ze orduan bai ezagutuko genduala boom turistiko ikaragarria.
Gu iazlehenean izan ginan Suedia aldean, eta sano zozoak dira jai kontuotarako. Ea bermiotarrokaz jaiak ganoraz ospatzen ikasten daben behintzat....