Bertsolaritzeari buruzko doktorego-tesia egiteko beka deialdia egin dabe
2013-06-11 18:26 BertsolaritzeaMintzola Fundazinoak egitasmo bi aurkeztu ditu gaur Villabonan, alde batetik bertsolaritzeari buruzko doktorego-tesi bat egiteko beka deialdia, eta bestetik, Ahoa Bete Hots jardunaldien laugarren edizinoa.
Mintzola Fundazinoak egitasmo bi aurkeztu ditu gaur Villabonan, alde batetik bertsolaritzeari buruzko doktorego-tesi bat egiteko beka deialdia, eta bestetik, Ahoa Bete Hots jardunaldien laugarren edizinoa.
Bertsolaritzeari buruzko doktorego-tesi bat egiteko Mintzola Fundazinoaren, Mikel Laboa Katedrearen eta EHUko Euskera Errektoreordetzaren beka deialdiaren barri emon dabe Villabonako Subijana Etxean. Bertan izan dira Iñaki Murua Bertsozale Alkartekoa, Jesus Mari Makazaga EHUko Euskera eta Ikerkuntza Errektoreordetzen izenean, Juan Kruz Igerabide Mikel Laboa Katedratik eta Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundikoa.
Iñaki Muruak azaldu dauenez, lehenengo aldia da bertsolaritzeari buruzko doktorego tesia emoteko gai garena. Bertsozale alkartearen Ikerkuntza Planean agiri diran ikergaietan oinarritu beharko dau tesia egiten dauen ikerlariak. Ikerketa Ekintza Parte-Hartzailearen bidez eta urtebeteko prozesu baten ondoren osotu zan Ikerkuntza Plana, eta bertsolaritzearen inguruan dabilzan 100 eragile eta aditu baino gehiagok hartu eben parte prozesuan, Muruak gogoratu dauenez.
Aurtengo deialdirako lau iker-lerro proposatu ditue: bertsozaletzeko arrazoiak eta mekanismoak ikertu adin desbardinetan eta lekuan lekuko ezaugarri soziolinguistikoak kontuan hartuz; herrialdeko bertso eskolearen eskutik, hezkuntza arautuan, bertso-eskoletan eta aisialdian egiten dan lanaren metodologiaren eta emoitzen azterketea; bertsolaritzearen transmisino modu guztien azterketea: formala, ez-formala eta informala; eta, bertsolaritzearen transmisinoak hezkuntzako zein gizarteko arlo ugaritan egin leiken onura eta ekarpena aztertzea
Gaur aurkeztutako kontratu deialdiari buruzko informazino osoa, hemen.
Ahoa bete hots jardunaldiak
Mintzola Ahozko Lantegiak laugarrenez antolatuko ditu aurten Villabonan Ahoa Bete Hots jardunaldiak, garagarrilaren 3tik 5era. Antzerkizale, Kantuzale eta Bertsozale alkarteetako eta Ipuin Kontalarien taldeko kideek osotu dabe aurtengo egitaraua. Hitza Jolas izango dau izenburu eta ahozkotasuna lantzeko hezkuntza arautuan eta ez arautuan erabili daitekezan jolasez jardungo dabe. Ahozkotasuna gozamenetik zelan landu azaldu da, adierazo dabe prentsaurrrekoan.
Aurtengo jardunaldiak hezkuntza arautuan eta ez arautuan dabilzan irakasleei zuzenduta egongo dira batez be. Ume, lehen eta bigarren hezkuntzako irakasleak eta euskaltegietan, udalekuetan, barnetegietan, antzerkian, bertso-eskoletan eta kantua zein ipuin kontaketa erakusten dituen irakasleentzat egokiak izango dira. Dana dala, antzerkian, bertsolaritzan, ipuingintzan zein kantugintzan interesa daukan edonork emon leike izena, antolatzaileek nabarmendu dabenez.
Ahoa Bete Hots jardunaldietan izena emoteko azkenengo eguna bagilaren 25a da. Izen-emotea telefonoz egin daiteke, 943 693870 zenbakira deituz; edo, www.mintzola.com helbidean. Matrikulearen prezioei jagokenez, matrikula arrunta 70 eurokoa izango da, baina Antzerkizale, Kantuzale, Ipuin Kontalari edo Bertsozale alkarteetako bazkideek eta Aitzondo Mankomunidadeko herrietako biztanleek 45 euroan emon ahal izango dabe izena. Ikasle, lanbako eta jubilauek, barriz, 40 euroan.
Jardunaldietako egitarau osoa, hemen.
Erantzunak
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
Nik jakin nahi nuke zer gertatu den Mintzolako zuzendari zenarekin. Herri honetan ohikoa da, ordea, isiltasuna.