Bilbo eta Bizkaiaren izena Himalaiara eroango dabe Txikon, Madariaga eta Tamayok
2013-03-25 13:51Azkue Fundazinoak babestuta, Lhotse eta Nuptse mendietara igoteko helburuagaz urtengo dabe bihar hiru mendizale bizkaitarrek. Teknologia barriak erabilita, euskerea zabaltzeko asmoz doaz Himalaiara Alex Txikon, Juanra Madariaga eta Jose Carlos Tamayo, mendizaletasuna ulertzeko beste modu bat aldarrikatzeaz batera.
Azkue Fundazinoak babestuta, Lhotse eta Nuptse mendietara igoteko helburuagaz urtengo dabe bihar hiru mendizale bizkaitarrek. Teknologia barriak erabilita, euskerea zabaltzeko asmoz doaz Himalaiara Alex Txikon, Juanra Madariaga eta Jose Carlos Tamayo, mendizaletasuna ulertzeko beste modu bat aldarrikatzeaz batera. Zehatz esateko hurrengo espedizinoak bultzatzeko Txikonek eta Azkue Fundazinoak egin daben akordioaren barruan sartzen da proiektua. Bizkaia gailurretan, Bilbotik Lhotsera euskaraz izenburua ipini deutsie espedizinoari.
Bihar ekingo deutsie abentureari hiru mendizaleek. Kirol arloan, Lhotse (8.516 m., munduko 5. tontorrik altuena) eta Nuptse (7.861 m.) igotea izango da helburu nagusia. Baina espedizinoko helburuak kirol arlotik harago doaz, Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko kultura diputaduak nabarmendu dauenez: Egitasmo hau laguntzera animau gara Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala, euskaldunon eta bizkaitarron izakerea mundu zabalean ezagutarazo gura doguzalako eta euskerea zabaltzeko be bide interesgarria dalako. Sabin Anuzita Bilboko Udaleko kirol, gazteria eta euskera zinegotziak ganeratu dauenez, Bilbon eta Bizkaian beste kirol batzuek arreta mediatiko handiagoa daukie, baina mendizaletasunak milaka zale daukaz, gure kirol nagusietako bat da. Kulturearen, kirolaren eta euskerearen balio integratzaileak azpimarratu ditu Ariztondok, kirolak daukan xarma eta enkantuagaz, euskerea be zabaldu nahi dogu.
Euskerearen aldeko konpromisoa Himalaiara eroango dabe Txikonek, Madariagak eta Tamayok, baina eragina berton izatea espero dabe. Euskerea bultzatuko dogu, sare sozialetatik, internetetik eta abar, agindu dau Alex Txikonek. Menditik harago doan alkarlana da hau, ganeratu dau Ariztondok, menditik bueltan, hiru mendizaleek euren bizipenak kontauko ditue, euskeraz jakina. Berbaldiak, topaketak eta antzekoak antolatzeko asmoa daukie. Era berean, euskerea ez eze, teknologia barriak erabili eta bultzatuko ditue, Azkue Fundazinoak euskerea eta teknologia barriak buztartzen ditu eta, espedizinoaren babesle nagusia Azkue danez, Txikon eta kideek teknologia barriak lagun izango ditue, azaldu dau Ariztondok. Txikon, Madariaga eta Tamayogaz batera, lantalde tekniko batek parte hartuko dau proiektuan: Mariano Izquierdo, Iban Gonzalez, David Perez eta Unai Larreak.
Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren asmoa, espedizinoaren bidez euren izena zabaltzea da, baina balore jakin batzuekaz lotuta: Bilbon, eta Bizkaian, gauzak egiteko modu bat daukagu eta Alex Txikonek bere azkenengo proiektuetan zabaldu dituan baloreakaz lotuta dagoz, esan dau Sabin Anuzitak. Txikonek berak laburtu dau hori, gure erronkea eta leloa da gauzak beste era batera egitea, giza baloreak kontuan hartuta jardutea eta beti barrikuntzearen, bide barrien bila ibiltea. Egingo daben espedizinoaren ganean, Lemoako mendizaleak ganeratu dau, gatxa izango da, Nuptseko tontorrerara sekula ez da euskaldunik heldu, Iñurrategi, Zabalza eta Vallejo ahalegindu ziran baina atzera bueltau behar izan eben. Lhotse, bestetik, munduko bosgarren gailurrik altuena da. Urtebete inguru da hara joateko ideia izan genduanetik. Orain, dana prest dago Himalaiara joateko. Bitxikeria bat be kontau dau Alex Txikonek, zortzimilakoetan eskarmentu handia daukan arren, lehenengo aldiz egongo da Everesten Beheko Kanpamentuan (Lhotsera igoteko be erabilten da).
Alex Txikonek lankidetza hitzarmena sinatu dau Azkue Fundazinoagaz. Holan, espedizino hau ez eze, aurten bertan K-2ra egin gura dauena eta 2014an Everest, Kangchenjunga eta Nanga Parbatera egingo dituanak babestuko deutsoz. Trukean, Txikonek bere abenturen barri emongo dau euskerea eta teknologia barriak erabilita. Azkue Fundazinoa dagoeneko hasi da Txikonek aurtengo neguan Laila Peak-era igon ebaneko ikusentzunezko materiala gazteen artean zabaltzen.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!